Ekaineko Europar Kontseilua. Migrazioa

Borondatea oinarri duen migrazio akordio bat egin dute EBko liderrek

Nahi duten estatuek migratzaileak atxikitzeko «zentro kontrolatuak» egin ahalko dituzte, eta Bruselak kudeatuko ditu. Libiako kostazainek erran dute Tripoliko kostan ehun migratzaile desagertu direla

Viktor Orban Hungariako lehen ministroa eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, atzo, Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
mikel rodriguez
2018ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Arnasaldi bat. Horixe hartu zuen Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak atzo, EB Europako Batasuneko bertze kideekin migrazio politikari buruz negoziatzen arrats osoa pasatu ondoren. «Uste nuena baino askoz gehiago lortu dugu elkarrekin», adierazi zuen atzo arratsaldean, Europar Kontseiluko goi bilera bukatu ondoren. Gutxi iraun zuen, ordea, arnasaldiak, denbora gutxira hasi baitziren bertze lider batzuk zer ez zuten eginen eta zer eginen zuten erraten. «Akordio berriak ez du erraten Italiak Alemanian dauden migratzaileak hartu behar dituenik», erran zuen, adibidez, Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak. «Jendea Europara ailegatzen denean kanpoko muga bat duten herrialdeetara, han egin behar zaie harrera kanporatu arte», adierazi zuen, berriz, Sebastian Kurz Austriako lehen ministroak. «Harrera guneak lehenbiziko herrialdeetan egonen dira, eta Frantzia ez da horietako bat», Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Hizkera lausoko akordio bat, eta «borondatea» konpromiso bakartzat duena, lider bakoitzak nola hala euts diezaion bileraren aitzinetik zuen jarrerari. Eta EBko liderrak eztabaidan ziren bitartean, Libiako kostazainek jakinarazi zuten 100 bat lagun inguru desagertu zirela Tripoli pareko kostan, Europarantz abiatu ondoren ontzia hondoratu zitzaielako.

Hain zuzen, itsasoko zeharkaldia burutzea lortzen dutenak atxikitzeko zentro berezien sorrera da EBko estatuek atzo hitzartu zuten neurri nagusia. «Zentro kontrolatuak» izanen direla zehaztu dute testuan, baina ez dute aipatu zein izaera eta itxura izanen duten zehazki. Asiloeskariak horietan tramitatzea litzateke helburua, eta babesa onartuko ez dieten migratzaileak kanporatzea. Zentro horiek eraikitzea, ordea, estatu bakoitzak bere borondatez erabakiko du, eta EBk izanen du horien ardura. Kanporaketen inguruan, ez dute zehaztu migratzaileak jatorrizko herrialdeetara bidaliko dituzten, edo itsasoratu direneko herrialdeetara.

Hain zuzen, Afrika iparraldeko herrialdeei eta Turkiari diru gehiago ematea hitzartu dute EBko estatuek, migrazioa eragotz dezaten. Italiari kasu eginez, Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzen ari diren GKE gobernuz kanpoko erakundeen aurkako neurriak aztertzeko borondatea erakutsi dute estatuek, eta, Europa iparraldeko eta ekialdeko herrialdeen eskariz, barne mugak gehiago kontrolatuko dituztela hitzartu dute.

EBko liderrak pozik agertu ziren bilkura bukatu ondoren, baina bakoitzak bere interpretazioa egin zuen lortutakoaren inguruan. «Migrazio akordioari dagokionez, hagitz goiz da errateko arrakasta bat izan dela», ohartarazi zuen Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak. «Egitekoaren zatirik errazena bete dugu, aitzinetik dugunarekin konparatzen badugu».

Bilkura osoan Merkelek erakarri du arreta handiena. Hamahiru urteko agintaldian sortu zaion zailtasunik handiena izan da migrazioaren gaia. Hamarkada batez EBko liderrik sendoentzat jo izan dena, azken hiru urteotan hari batetik zintzilik eduki du migrazio politikak, eta hari hori azken egunotan egin da inoiz baino finago. «Beti erran dut hemen ez ginela gai izanen Europako asilo sistema komun bat sortzeko», erran zuen atzo Bruselan. «Baina gure artean ahalik eta adostasun handiena lortu, orduan eta gertuago egonen gara irtenbide europar bat lortzetik».

Merkel estuen hartu dutenetako bat Italiako gobernu berria izan da. Azken finean, Matteo Salvini Barne ministro ultraeskuindarrak hilabete hasieran migratzaileak erreskatatu berri zituen Aquarius ontziari porturatzea debekatu izanak eragin zuen atzoko bilkuran gai nagusia migrazio politika izatea. Conte lehen ministroa pozik agertu zen emaitzarekin, zer hitzartu duten eta zer ez zehazten hasi aitzinetik. «Italia jada ez dago bakarrik». Salvinik, berriz, eskatzen zutenaren «%70» bete dela erran zuen irrati batean egin zioten elkarrizketan, eta ohartarazi zuen «konpromiso zehatzak» hurbiletik zainduko dituztela. GKEen aurka ere jo zuen: «Haien ontziek postaletan baino ez dute ikusiko Italia».

Baina Merkelek estutasun nagusia etxean bertan du. Haren gobernuko kide CSU Batasun Sozial Kristauak bihar aztertuko du Bruselako akordioa ontzat jo ala ez. «Puntu batzuk guk aspalditik eskatutakoak dira: [EBren] kanpoko mugak hobeki babestea, [EBtik] kanpoko herrialdeetan errefuxiatuentzako guneak egitea, eta konpromiso gehiago [migrazioaren] kausen aurka borroka egiteko», adierazi zuen Alexander Dobrindt CSUren parlamentuko bozeramaileak. Akordioa ezetsiz gero, CSUk Alemaniako mugetan kontrolak paratzea eskatuko du. Merkeli babesa kenduko balio, kantzilerra gutxiengoan utziko luke.

Bakarkako akordioak

Atzoko akordio kolektiboaren ahuluneak leuntzeko, Merkelek Espainiarekin eta Greziarekin bakarkako akordioak egin ditu, EBra herrialde horietatik sartu eta Alemaniara joan ziren migratzaileak berriz ere herrialde horietara bidaltzeko; trukean, dirua emanen die Berlinek.

Tentsio eta desadostasun handiko goi bilera izan da, baina kontzeptu berberak defendatu dituzte lider guztiek: mugak, trabak eta kanporatzeak. Eta egoeraren adibide ezin argiagoa, Libiako kostan bertan, 100 desagertu gehiagorekin. Kopurua baieztatuz gero, aurten Mediterraneoan gertatu diren tragedia handienetan bigarrena izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.