Iñigo Cabacasen auzia. Epaiketa

Akusatu gehienek uste dute polizia operatiboa «zuzena eta egokia» izan zela

Han zegoen ofizialak, aldiz, gogor kritikatu du: «Ni ez nintzen sartzearen aldeko». Akusatuen deklarazioekin hasi da 'Cabacas auziko' epaiketa; hainbat kontraesan agertu dira. Gaur lekukoak hasiko dira deklaratzen. Bideoa albistearen amaieran.

Akusatuak, epaimahaiaren aurrean, atzo. LUIS TEJIDO / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasen auzian «zuhurtziagabekeria larriz» jokatzeaz akusatutako ertzain gehienek uste dute gaztearen heriotza ekarri zuen polizia operatiboa «zuzena eta egokia» izan zela, eta ezin izan zutela bestela jokatu. Sei akusatuen deklarazioekin abiatu da epaiketa, azaroaren 9ra arte iraungo duena, eta, kontraesanak kontraesan, ertzain gehienek eutsi diote bertsio berari: Kirruli tabernako kale estu hartan zegoen jendetzak harrika hartu zituen ertzainak iritsi zirenean, pilotak jaurtitzea beste biderik ez zuten izan, eta tiro egin izana aitortu duten ertzain guztiek «pilotarik gabe» edo «airera» egin zuten tiro.

Alabaina, deklarazioetako bat guztiz aldendu da gainerakoek adierazitakoetatik: Ertzaintzaren ofizial ohi —gaur egun erretiroa hartuta dago— eta operatibo hartan mailarik gorena zuenak —betiere operatiboa Deustuko ertzain etxetik zuzentzen zutenen aginduetara— gogor kritikatu du horren antolakuntza, han aritu ziren zenbait ertzainen esperientzia falta eta Deustuko ertzain etxetik eman zioten «denarekin sartzeko» agindua.

Ofizial ohiak adierazitakoaren arabera, lau furgoneta bideratu zituzten Athletic eta Schalke 04 futbol taldeen arteko partidaren operatiborako, 12, 13, 14 eta 15 zenbakidunak, hain zuzen; bera 12. furgonetako arduraduna zen, eta, aldi berean, hara bidalitakoen artean mailarik goreneko agentea ere bazen. Berak esan du horrek ez zuela operatiboaren tokiko arduradun bilakatzen, baina gainerako akusatuak ez dira horretan bat etorri eta hura jo dute arduradun nagusitzat.

Ofiziala Bilboko herri segurtasuneko ertzaina zen, eta, esan duenaren arabera, «urteak» zeramatzan «kalea zapaldu gabe». Harekin zihoazen ertzain asko ere herri segurtasun sailekoak ziren, eta, hortaz, «istiluen kontrako borrokan eskarmentu gutxikoak». Adibidez, oldartzeko agindua iritsi zitzaienean, bere furgonetan zihoan ertzain batek esan zion ez zela aterako, pilotak jaurtikitzeko eskopeta bat inoiz erabili gabea zelako. Esan duenez, ez zuten piloten jaurtikitzea, gorde beharreko gutxieneko distantzia eta antzekoak arautzen dituzten neurrien berri, ez zirelako horretan aritzen.

Maria Diaz de Haro kaleko txokora joateko agindua Deustutik eman zion operatiboaren arduradun nagusiak —barne komunikazioetan, Ugarteko berba erabiltzen zuten Deustuko egoitza izendatzeko; geroztik, operatiboaren buru nagusia Ugarteko ezizenaz egin da ezagun—. Iritsi zirenean, istiluak hasita zeuden. Agenteei furgonetatik ez ateratzeko agindu zien. Egoera baretu zenean, horren berri eman zion Ugartekori, baina hark herriko tabernara sartzeko esan zion. «Ni ez nintzen sartzearen aldeko; nigatik izan balitz, joan egingo ginatekeen», esan du.

Edozein moduz, han zeudenetatik maila goreneko ertzaina izanik, gainerakoei aginduak ematea bazuen. Galdetu diotenean zergatik ez zuen ahalmen hori erabili tiro egiteari utz ziezaioten lortzeko, esan du ez zuela «denari adi» egoterik.

Pilotak jaurtikitzeko erabakia ere «okertzat» jo du ofizialak: haren ustez, askoz egokiagoa zatekeen ertzain gehiagori deitzea eta, agente kopuru handia bildu ostean, oinez eta borrekin joatea. Bere deklarazioaren beste momentu batean esan du ez zuela egoki ikusten «giro abertzaleko taberna batera» Ertzaintzaren furgonetak bidaltzea, istilu gehiago sortzeko bide izan zitekeelako, eta, hortaz, erabaki hori «oker» bat zela, «edo sarraski bat egiteko nahia».

«Egin beharra zegoen»

Ofizial ohiarekin batera, garai hartan ofizialorde ziren beste bi ertzain ere akusaturik daude, eta haiek hurrengoak izan dira deklaratzen. 13. eta 14. furgoneten arduradunak ziren, hurrenez hurren, eta haien deklarazioak oso antzekoak izan dira: kalexkara iritsi zirenean «erradikalen erasoa» pairatu zuten, «denetarik» bota zieten, eta horren aurrean oldartzea beste biderik ez zuten izan, «gure eta herritarren bizia eta integritatea arriskuan zegoelako». «Operazioak bazituen arriskuak, baina egin beharra zegoen», esan du haietako batek.

14. furgonetaren ardura zuen ofizialordea saiatu da agenteen eskarmentu faltaz ofizialak esandakoa gezurtatzen. Esan duenez, gau hartakoaren moduko «ehunka» oldarralditan parte hartu du, «ertzain guztiek bezala». «Nire belaunaldikook, txapelaz baino gehiago, kaskoaz atera ginen akademiatik», zehaztu du. 13. furgonetako arduradunak, berriz, bere kideak esandakoa berretsi duen arren, zehaztu du berak ez zuela pilotak botatzeko agindurik eman.

Bukatzeko, azkenengo hiru akusatuek deklaratu dute. Hirurak dira ertzain huts, gau hartan 14. furgonetan zihoazen denak, eta haien deklarazioa oso antzekoa izan da. Nabarmendu dute «aurpegia estalia zuten erradikalek» harrika hartu zituztela —kopuruan ados jarri ez badira ere—, erasoa «izugarria» izan zela, eta horren aurrean oldartu egin zitzaizkiela, gomazko pilotak jaurtikiz.

Hirurek aitortu dute tiro egin zutela, baina horretan ere ñabardurak egin dituzte. Orduko arauaren arabera, lehenengo tiroak istiluak eragiten ari direnei ohartarazteko izan behar zuen, pilotarik bota gabe, eta bigarren tirotik aurrera has zitezkeen gomazko pilotak botatzen. Deklaratutakoaren arabera, hirurek egin zuten ohartarazteko lehen tiro hori, baina, horren ostean, batek pilotarik gabeko tiroak baino ez zituen bota, beste batek «airera» egin zuen tiro, eta hirugarrenak «eskopeta gerrian» zuela egin zuen tiro, pilotak goitik behera joan zitezen.

Beste puntu batean ere ados agertu dira ertzainak: eurak ez ziren tiro egin zuten bakarrak. Esan dutenez, operatiboa amaitutakoan, egoitzara iristen direnean, erabilitako armak albo batera utzi behar dituzte, erabili ez diren armetatik aparte. Erabilitako armen multzoan haien hiru eskopetak baino askoz gehiago zeuden.

Hiru ertzainetatik bik esan dute argi eta garbi entzun ziotela 13. furgonetako arduradunari tiro egiteko agindua —arduradun horrek ukatu du hori—; hirugarrenak, berriz, esan du ez zuela horrelakorik entzun. Dena dela, haietako batek zehaztu du ez zutela horrelako agindurik behar tiro egiten hasteko: «Iritsi ginenean istiluak hasita zeuden, beste batzuk tiroka ari ziren eta, beraz, ez zen agindurik behar».

Epaiketak gaur eta bihar jarraituko du, eta etenaldi baten ostean, datorren astelehenean ekingo diote berriro. Orain, lekukoen txanda iritsiko da: gaur hamar lekukok deklaratuko dute, eta bihar, beste hamarrek.

[youtube]https://youtu.be/H1lXnT8JAbs[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.