Klima larrialdia. Protestak

Gazteak, mundua salbatzeko

Fridays for Future gazte mugimenduak klimaren aldeko greba egin du. Mobilizazio jendetsuak egin dituzte Euskal Herriko hiriburuetan. Instituzioei esan diete neurri zehatzak hartu behar dituztela

Ehunka gaztek parte hartu zuten Bilboko mobilizazioan; ardurak hartzeko eskatu zieten politikariei zein herritarrei. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Bi protagonista izan ditu Fridays for Future mugimenduak antolatutako grebak: gazteak eta planeta. Atzo, irailak 27, klimaren aldeko nazioarteko protestak egin zituzten mundu osoan barrena, eta belaunaldi berrien presentzia nabarmena izan zen irudi gehienetan. Argazki hori utzi zuten Euskal Herriko hirietan egindako elkarretaratze eta manifestazioek ere. Euren eta ondorengoen etorkizunarekin kezkatuta, milaka gaztek unibertsitate eta institutuetako gelak hustu zituzten, kaleak eta plazak betetzeko. Egoera iraultzeko asmoz, klimaren aldeko aldarria ozen hedatu, eta ordezkari politikoen konpromisoa eskatu zuten antolatzaileek eta bertaratutakoek. Izan ere, alarma guztiak piztu dira azkenaldian; eragile ekologistek beren gain hartu dute mundua salbatzeko ardura, eta instituzio zein gobernuei «ekinean hasteko» deia egin diete. Larrialdi egoera ikusirik, etorkizun hobe baten bila irten ziren kalera herritarrak.

Hezkuntza zentroetan utzi zuen arrasto gehien deialdiak, eta, lantokietan eragina eskasa izan bazen ere, sindikatu eta alderdi politiko zenbaitzuek bat egin zuten grebarekin. ELAko kideak Bilboko protestara bertaratu ziren, eta LAB, UGT eta CCOOk elkarretaratzeak egin zituzten euren egoitzen aurrean. Sare sozialetako mezuen bidez babestu zuten deialdia Ahal Dugu-k, EH Bilduk eta PSE-EEk. Tokian tokiko Fridays for Future mugimenduko kideek, beste eragile batzuen babesarekin, deialdiak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta Bizi mugimenduak, berriz, gaur egingo du mobilizazioa, 15:00etan, Baionan, Paul Bert plazatik hasita. Bilbon eta Iruñean udaletxe parean bildu ziren ehunka lagun, goizean, eta bigarren deialdi bat ere egin zuten Bizkaiko hiriburuan: manifestazio jendetsua egin zuten 19:00etan, Guggenheim museotik hasita. Gasteizen, Plaza Berritik abiatu zen manifestazioa 12:00etan, eta udalari hiru eskari zehatz egin zizkieten Fridays for Futureko ordezkariek: garraio publikoa doakoa izatea, Ryanairri Forondan jarduteko ematen zaion 3,2 milioi euroko diru laguntza kentzea, eta energia berriztagarriak oinarri dituen enpresa publiko bat sortzea. Donostian, berriz, 18:00etan abiatu zen manifestazioa, Alderdi Ederretik, eta tentsio uneak bizi izan ziren; izan ere, Jose Ignacio Asensio bertaratu zen protestara, Gipuzkoako Diputazioko Ingurumen diputatua. Zubietako errauste plantaren aurkako mugimenduko ordezkariek, Asensio inguratu, eta «hipokrita hutsa» izatea leporatu zioten. Azkenerako, alde egin zuen diputatuak.

Elkarretaratze eta manifestazioetatik haratago, Castejongo (Nafarroa) zentral termikoan ekintza ikusgarri bat egin zuen Mugitu mugimenduak. Zentraleko kebideetako baten goialdetik Alda dezagun sistema, ez klima lelodun pankarta erraldoia zabaldu zuen ekintzaile batek, eta, bitartean, zentralaren barnealdean, beste ekintzaile talde batek Itxi termikoak ipintzen zuen kartela zintzilikatu zuen. Barnean geratu zirenak eskaileretara kateatu ziren.

Gazteenak, motore

Greta Thunberg 16 urteko gazte suediarra da mundu mailako gazte mugimendu ekologistaren hauspoa azkenaldian, eta sustatzailearen adin bertsukoak izan dira nagusi Euskal Herriko kaleetan. 16 urte ditu, hain justu, Aiala Lezikak; Zamudiokoa (Bizkaia) da. «Klima aldatzen ari da, zergatik gu ez?» dioen kartela eskuan hartuta, beste bost klasekiderekin greba egin, eta Bilboko protestara joan zen atzo goizean. «Urte gutxi gelditzen dira zerbait egin ahal izateko, eta gure etorkizuna dago jokoan». Kezkatuta, denbora bukatzen ari dela uste du Lezikak.

Eider Martinez medikuntzako ikaslea da; talka bat nabari du egin nahi dutenen eta egin ahal dutenen artean. «Zoritxarrez, herritarrok dugu kontzientzia, eta boterea dutenek ez dute kontzientziarik; hor dago desoreka». Horregatik, antolatzaileek zuzenean interpelatu dituzte instituzioetako ordezkariak. Euskal Gune Ekosozialistako Itxaso Apraizek gaurdanik urratsak egiten hasteko eskatu die ordezkari politikoei. «Instituzioek neurri zehatzak hartu behar dituzte naturarekiko kontsumo ohitura arduratsuak lortzeko». Adibidez, 2040. urterako karbono emisioak zerora murrizteko eskaria egin diote Jaurlaritzari.

Naia Buruaga Elorrioko gazteak ondo daki zer den aldarrikatzen den hori praktikan jartzea. Iaztik dabiltza institutuan ekintza ekologistak antolatzen. «Fridays for Future egitasmoaren berri izan genuen, eta ostiralero ekintzaren bat egiten saiatzen gara: erreka garbitzea edo kalea garbitzea, adibidez». Beste erremediorik ez duela sentitu du Buruagak: «Gure gain geratu da mundua konpontzea, eta, saiatzen ez bagara, gure ondorengoek ez dute bizitzarik edukiko». Iker Gomez leioztarrak dio ekintza indibidualak oso beharrezkoak direla aldaketa kolektiboa bultzatzeko. «Aldaketa guregandik hasten da;eguneroko ohiturak aldatu behar ditugu».

Nagore Quintana Bizkaiko Fridays for Future mugimenduko kideak garbi du zein den egin beharreko bidea. «Ekologikoki jasangarriagoa eta sozialki justuagoa izango den gizarte eredu bat behar dugu». Osotasun horren barruan atzera begira ere jarri da Quintana. «Puntu atzeraezin batean gaude zenbait arazotan; zergatik? Iraganean jardun ez genuelako, edo ez genuelako nahi izan?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.