Pentsiodunen martxa

Elkartasunez betetako bidean

Bilbotik Madrilera doan pentsiodunen martxak gaua pasatu du Lerman, eta ibilbidearen erdira iritsi da. Parte hartzaileak gustura doaz, oihartzuna lortzen ari baitira: elkartasun keinu ugari jaso dituzte. Bideoa albiste barruan.

Pentsiodunen martxa, atzo, Lermara bidean. E-5 autobiaren paraleloa den bidexka batetik egin zuten etaparen zatirik handiena.
Pentsiodunen martxa, atzo, Lermara bidean. E-5 autobiaren paraleloa den bidexka batetik egin zuten etaparen zatirik handiena. L. MUÑAGORRI GARMENDIA Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2019ko urriak 3

Erritmo onean, eta apenas geldialdirik egin gabe, Burgosko lur lehorrak zeharkatu zituen atzo pentsiodunen martxak. E-5 autobiatik paraleloan doan bidexka hartua zuten 90 pertsona inguruk Valdorros eta Lerma (Espainia) arteko tartea egiteko. 22 kilometro denera. Elkartasun keinu gisa, haiek ikustean, errepidetik igarotzen ziren automobil eta kamioiek bozina jotzen zieten jaka horidun pentsiodunei, eta martxatik ukabila altxatuz erantzuten zieten haiek. Horrela behin eta berriro, goiz osoan. «Egia esan, Gaztela eta Leonen sartu ginenean, lehen egunetan jende askok ez gintuen ezagutu ere egiten, baina hedabideetan agertzen hasi gara, eta orain etengabe jotzen digute bozina». Javi Martinez martxan doazen kideetako bat da, eta gustura azaldu da jendeak erakutsi dien elkartasunagatik.

Aste eta erdi igaro da 36 pentsiodun Bilbotik Madrilera abiatu zirenetik. Lerman igaro dute bart gaua, eta dagoeneko bidearen erdia egina daukate: 193 kilometro. 398 kilometroko ibilbideari ekin zioten irailaren 23an Arriaga plazatik abiatu zirenean. Bahabon de Esguevara bidean doaz gaur, eta Madrilera hilaren 15ean iritsiko dira. Egun horretan, Andaluziatik atera zen zutabearekin elkartuko dira, eta biharamunean manifestazioa egingo dute jarduneko Espainiako Gobernuari pentsiodunen mugimenduaren aldarrikapenak eramateko. «Gure eskaerak ofizialki entregatzea interesatzen zaigu, horrela etorkizunean egongo den gobernuak zer eskatzen dugun jakingo baitu; apurka neurri horiek martxan jartzea espero dugu», zioen Luciano Gomez Luki pentsiodunak Lermara iritsi berritan.

Itxaropentsu dago, haren esanetan, martxa honekin helburuetako bat betetzen ari direlako: pentsioen arazoari buruz hitz egitea. «Astelehenero biltzen ari ginen herrietako plazetan, baina ikusten ari ginen gero eta oihartzun txikiagoa izaten ari ginela». Martxa egitea pentsatu, eta orain hedabideetan pentsiodunen martxaren berri ematen ari dira. Gustura dago horregatik Luki.

Are gusturago dago Martinez, bidean zehar jasotzen ari diren elkartasun keinu guztiekin. Iristen diren herrietan jendea zain izaten dute maiz: «Miranda Ebrora eta Burgosera iritsi ginenean zirraragarria izan zen; jendetza zegoen gure zain, eta eurekin batera manifestazio bat egin genuen».

Atzoko etaparen amaieran ere antzera egin zuten. Lermara iritsi, eta Erretiratu eta pentsiodunak pentsio duinen alde borrokan zioen pankarta zabaldu zuten. Manifestazioa egin zuten herriko kale nagusiak zeharkatuz, eta euren ohiko oihuak ozen zabaldu zituzten: «Borroka hau irabaziko dugu!», «Gobernatzen duenak gobernatuta ere, pentsioak defendatu!». Kalean jende gutxi zegoen, plaza nagusian asteroko azoka egiten ari ziren arren. Hala ere, gehienek irribarre batekin eta txalo artean hartu zituzten. «Eredugarriak zarete!», egin zien oihu bide bazterretik emakume batek. Udaletxeraino joan ziren, eta elkarretaratze batekin amaitu zuten eguneko etapa.

Egunero jende berria

Bilbotik eremu geografiko anitzeko 36 pentsiodun abiatu ziren. Tartean zeuden asturiarrak, kantabriarrak, aragoiarrak eta katalanak, besteak beste. Parte hartzaile zaharrenak 80 urte dauzka. Baina, atzo, horietatik 32 ari ziren Valdorros eta Lerma arteko etapa egiten. «Batzuek medikuaren txanda zuten, eta pare bat egunetarako martxa utzi dute, baina ondoren berriz elkartuko dira», azaldu zuen Lukik. Horietako bati ebakuntza egin berri diote bularrean zuen tumorea kentzeko, eta osasun azterketa egin ondoren berriz itzuliko da Madrilerako martxara. Horrek agerian uzten du bertan doazen pentsiodunen borrokarako grina. Eskubideen alde mobilizatu diren belaunaldi bateko ordezkari baitira, Antonio Virela pentsiodunaren hitzetan. «Iraganean eskubideen defentsan borrokatu ziren berberak gaude hemen pentsio duinak aldarrikatzen».

Dena den, atzokoa orain arteko etaparik jendetsuena izan zen. Egunero martxan parte hartzen duen jende berria batzen zaie, egun bateko etapa eurekin egiteko. Gaztela eta Leongo pentsiodun batzuk ibilaldia egiten ari ziren. Baina horiez aparte, Bizkaitik antolatutako autobus bat joan zen abiapuntura, Kantabriako etxe desjabetuen kolektiboko kideena. Egunero martxarekin bat egiten duten pertsona horien atxikimenduarekin pozik daude martxan doazen kideak. «Sekulakoa izaten ari da hau guztia; hori da Madrilera iristeko beharrezkoa izango dugun erregaia», zioen Lukik.

Baina elkartasun keinuak ez dira parte hartzaileengana bakarrik mugatzen. Ibilbide guztian egingo dituzten otordu guztiak lotuta dauzkate, eta baita lo egiteko lekuak ere. Egun bakoitzeko helmugako udalek edo herritar taldeen elkartasunak bideratuta hartzen dute atseden egunero. Orain arte, egun bakar batean bakarrik ordaindu behar izan dute lo egitearen truke. «Behin eta berriro diogu denon pentsioen alde ari garela borrokan, eta jendeak horrela erantzuten digu; zoragarria da». Atzo Lermara iritsi zirenerako bazkaria prestatuta zeukaten, baina udalak jatetxe batera gonbidatu zituen. «Eta, horrela, egunero».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR proba batzuk egiten, Gernika-Lumon./ ©Juan Carlos Ruiz, Foku

Kontaktuen itxialdia lau egun moztu du Madrilek: hamar egun iraungo du

Garikoitz Goikoetxea

Koronabirusa atzemateko beste test batzuk martxan jartzea erabaki du Espainiako Gobernuak: antigenoak aurkitzeko probak egingo dituzte

Iruñeko Erruki Etxea Nafarroako zahar etxe handiena da eta han pandemiak eragin handia izan du ©Iñigo Uriz

Zahar etxeen tamaina eta kokagunea faktore erabakigarriak izan dira COVID-19aren eraginean

Berria

Nafarroako Gizarte Errealitatearen Behatokiak lurraldeko 74 zahar etxeetan eta 14 menpekotasun zentroetan pandemiaren olatuak izandako ondorioak ikuskatu ditu txosten batean, eta hainbat gomendio eman dizkio gobernuari.

Familia batzuk kanpoaldetik egoiliarrak bisitatzen, Mutiloako zahar etxe batean. ©Jagoba Manterola, FOKU

Zahar etxeetako bisitak eta egoiliarren ateraldiak, malguago

Uxue Rey Gorraiz

Zaharren egoitzetarako protokolo berria onartu du Jaurlaritzak. Zabaldu eginen dira zahar etxeetara bisitak egiteko aukerak, eta egoiliarrek malgutasun handiagoa izanen dute ateraldiak egiteko. Osasun sailburuak azaldu duenez, “ikuspegi epidemiologikoa eta etikoa” hartu dira kontuan neurriak berrikusteko.

Erizain bat, PCR proba bat egiten. ©SALAS / EFE

Ostegun gauerditik ezingo da Azkoienetik atera edo bertara joan

Ion Orzaiz - Joxerra Senar

Azken lau egunetan ehundik gora positibo atzeman dituzte herrian, eta gobernuak murrizketak ezarri ditu herriko ostalaritzan zein saltokietan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna