Palestinako gatazka. Herrialdeen erreakzioak

Bi gatazka, nazioarteko harien ispilu

Bai Errusiak Ukraina inbaditzean eta bai Israelek Gazari gerra deklaratzean, herrialdeen arteko aliantzak agerian gelditu dira berriz ere. Izan ere, nazioarteko erreakzioei erreparatuta, gehienetan estatu multzo bera izaten da bando bakoitzean.

Bi gatazka, nazioarteko harien ispilu.
maddi iztueta olano
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

Tarte laburrean, bi gertakarik kolokan jarri dute munduaren ordena, eta berriz ere agerian utzi herrialdeen arteko loturak, hausturak eta tirabirak. Europa Ekialdean izan zen lehena, 2022ko otsailean Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenean; eta Ekialde Hurbilean bigarrena, urriaren 7an milizia palestinarrek Israeli eraso egin, eta Tel Avivek gerra deklaratu zuenean. Bi gatazka dira, elkar ukitzen ez dutenak. Halere, herrialde multzo bertsuak bat egin ohi du bando bakoitzean.

Gazako milizia palestinarrek inoiz ez bezalako indar erakustaldia egin zuten Israelen kontra urriaren 7an. Airez, itsasoz eta lehorrez egin zuten erasoa. Israelen erantzuna, ordea, ez da gutxiagokoa: gerra deklaratu, Gaza erabat setiatu —zibilak urik, jatekorik, argindarrik eta osasun baliabiderik gabe utzita—, eta eremua etengabe bonbardatzen ari da ordutik. Nazioartean izan diren erreakzioei erreparatuta, hiru bloke bereizi daitezke: Hamas gaitzetsi eta Israeli erabateko babesa adierazi diotenak, bi aldeetako indarkeria gaitzetsi eta su etenerako deia egin dutenak, eta palestinar kausa defendatu eta Israelen okupazioa gaitzetsi dutenak.

Gaur-gaurkoz, hirurogei herrialde inguru daude lehenengo multzoan; hau da, Israelen aldekoan. Eta horien artean daude, halaber, Ukrainari babes eta laguntza ekonomiko eta militar handiena ematen dioten estatuak eta nazioarteko erakundeak, hala nola Mendebaldeko herrialde batzuk —AEB Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Alemania—, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea eta EB Europako Batasuna. Inor gutxi harritu dute horiek Israelen alde egindako adierazpenek, hori bai; herritar andanak egotzi die Errusiaren inbasioa birritan gaitzestea, eta Israelek Palestinako lurretan egindako okupazioa defendatzea.

Geografikoki bi gatazketatik urrun izanagatik ere, Mendebaldeko potentzien jarrera bera hartu dute Pazifikoko herrialde aliatuek: Japoniak, Australiak, Hego Koreak eta Taiwanek. Hain justu, herrialde horiek geroz eta gehiago hurbiltzen ari dira Mendebaldeko potentzien orbitara, Txinaren eta Ipar Korearen itzalen eraginez. Hego hemisferioko beste zenbait herrialdek ere Hamasen erasoa gaitzetsi eta elkartasuna adierazi diote Israeli, hala nola Argentinak —Hego Amerikako judu komunitate handiena bizi da han— eta El Salvadorrek.

Xi eta Putin, erdibidean

Geografikoki eta politikoki Mendebaldetik urrun, su etenerako deia egin dute Errusiak eta Txinak. Ez dute milizia palestinarren erasoa gaitzetsi, ezta Israelen okupazioa ere. Mosku hasieratik saiatzen ari da bitartekari lanak egiten; hein batean, Ekialde Hurbileko herrialdeekin dituen harreman sareei eutsi nahi dielako. Iran da eskualdean Errusiak duen aliatu militarrik handiena, eta azken hamarkadetan nabarmen sakondu ditu Egiptorekin, Siriarekin eta PAN Palestinako Aginte Nazionalarekin dituen harremanak. Baina ondo konpontzen da Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin ere, eta, aintzat hartzekoa da Israelek ez duela, oraingoz, Errusiaren aurkako neurrietan parte hartu, eta ez diola Ukrainari laguntza militarrik eman.

Bidegurutze batean dagoenarena nola, hala ulertu daiteke Errusiaren posizionamendua. Israelen haserrea eragingo luke Hamasen alde lerratzeak, eta berdin alderantziz. Horregatik, Errusiako presidente Vladimir Putinek bi bandoekin hitz egin du asteotan. Netanyahuri telefonoz hots egin zion gerra hasi eta hamar egunera, eta Hamaseko delegazio bat Moskun izan zen duela bi aste. Bitartekari lan horien adierazle, su etenerako bi proposamen aurkeztu ditu NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan, baina ez zuten aurrera egin; AEBek jarri zioten betoa lehenengoari, eta AEBek eta Erresuma Batuak bigarrenari.

Urriaren 7tik nazioartea Gazara eta Israelera begira egoteak, gainera, bigarren planoan utzi du Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerra, zeinak orain arte erakunde eta herrialde gehienen agendak bete dituen. Eta baliteke Moskuk horri etekina atera ahal izatea. Gatazkaren inguruan egindako adierazpenetan, Putinek bere arerio nagusiari, Washingtoni, leporatu dio Ekialde Hurbilean gertatzen ari denaren erantzukizuna. «Ekialde Hurbilean etengabeko kaosa behar dute».

Ukrainako gatazkaren harira egin bezala, Txinak neutral jokatu nahi du oraingoz. Hori bai, erasoaldia hasi eta gutxira bildu ziren Putin eta Xi Jinping Txinako presidentea, eta, nahitaez, Ekialde Hurbileko afera izan zuten hizpide. Ur handitan sartu gabe, mezu irmoa helarazi zuten: «Garrantzitsua da [Txinak eta Errusiak] atzerri politikako aferetan kooperazioa bermatzea, eta bien aurkako mehatxuek kooperazio hori indartu baino ez dute egingo».

Halaber, Brasilek eta Kolonbiak su etenerako eta borrokak arintzeko deiak egin dituzte. Ukrainako inbasioari dagokionez ere, ia denek antzeko jarrerari eutsi diote: ez dute EBk eta AEBek Errusiaren aurka jarritako zigorretan parte hartu, ezta Ukrainara laguntza militarrik bidali ere. Are, Argentina eta Txile kenduta, beste herrialde bakar batek ere ez du Errusiaren inbasioa gaitzetsi. Eta antzeko ari da Hego Afrika. Borrokak arintzeko deia egin du, eta palestinarren eta israeldarren artean bitartekari aritzeko prest agertu da. Bloke honetako beste estatuen antzera, neutral jokatzen ari da Errusiako inbasioari dagokionez ere. Are, Afrikako estatuak izan ziren Errusiako tropak Moskutik ateratzeko bozketan abstenitu ziren 32 herrialdeetatik hamabost.

Ekialde Hurbila, nahasirik

Palestinarren kausak ez du nolanahiko pisua Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean. Horrenbestez, bi jarrera nagusi hartu dituzte eremu horretako estatuek: milizia palestinarrei erabateko babesa adierazi diete batzuek, eta gatazka arintzeko deia egin dute besteek. Bigarren taldean daude, hain justu, azkeneko urteetan Israelekin harremana normalizatzen aritu diren estatuak: Saudi Arabia, Egipto, Jordania, Maroko eta Turkia.

Egiptok eta Jordaniak 1974an eta 1994an sinatu zituzten bake akordioak Israelekin, hurrenez hurren. Duela hiru urte, 2020an, Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek, Sudanek eta Marokok Abrahamgo Ituna sinatu zuten, zeinaren bidez Israelgo estatua aitortu zuten, AEBen bitartekaritzarekin. Ate horren aurrean dago orain Saudi Arabia. Izan ere, borrokaldia hasi baino zenbait egun lehenago, Netanyahuk iragarri zuen «itun historiko bat» adostear zirela bi herrialdeak. Litekeena da, ordea, handik egun gutxira hasi zen gerrak hurbiltze hori etetea. Hain zuzen, Saudi Arabiak ohartarazi du Palestinako gatazka konpondu beharra dagoela Israelekin bakea adosteko; Palestinak subiranotasuna eta estatu propioa izan behar dituela, alegia.

Edonola ere, Israelen erantzun bortitza ikusita, duela hiru urte sinatutako akordioa bertan behera uzteko eskatzen ari dira Marokoko herritarrak. Rabat ez zen, ordea, ezeren truke adiskidetu Tel Avivekin, Mendebaldeko Sahararen gainean duen kontrola aitortu baitzion Israelek Marokori. Bestalde, Israelekin modu bateko edo besteko hurbiltzeak izan dituzten estatu arabiarrek aukera dute bitartekari lanak egiteko. Funtzio hori hartu dute Egiptok, Jordaniak, Saudi Arabiak eta Qatarrek —azken hori ere erdibidean gelditu da, nahiz eta Hamasen laguntzaile ekonomiko eta militarrik handiena den—. Egiptori ia halabeharrez egokitu zaio lan hori hartzea, Rafahko pasabidea Gazaren eta Egiptoren arteko mugan baitago, eta hura baita Gazara laguntza humanitarioa eramateko bide bakarra.

Beste hainbatek, berriz, Gazako milizia palestinarren alde egin dute, hala nola Iranek, Irakek, Siriak eta Yemengo matxino huthiek; eta ez dute Israelgo estatua aitortzen. Horiek guztiek adierazi dute ezen milizia palestinarren erasoa Israelek okupazioaren bitartez palestinarren aurka erabilitako indarkeriaren «erantzun naturala» izan zela, eta palestinarrek «eskubide legitimoa» dutela okupazioari aurre egiteko. Espero izatekoa zen herrialde horiek guztiek posizio hori hartzea ere; kasurako, Iran da Hezbollahren, hau da, Libano hegoaldeko frontetik Israeli erasoan ari zaion miliziaren laguntzaile ekonomiko eta militarrik handiena.

Iritzi berekoak dira Afrika iparraldeko bi herrialde: Tunisia eta Aljeria. Horren adierazle dira, besteak beste, toki horietako protesta jendetsuak. Halaber, milaka kilometrora egonagatik ere, Israel Gazan egiten ari den setioa gaitzetsi, eta palestinarren kausari elkartasuna adierazi diote Hego Amerikako hainbat herrialdek, hala nola Boliviak, Txilek eta Venezuelak. Hain justu, Israelek ez du harreman diplomatikorik hiru estatu horietatik birekin: Boliviarekin eta Venezuelarekin.

Nazioarteko estatuak lotzen dituzten hariak ez dira askatu ezinezko soka estuak. Askatu, korapilatu eta helduleku berrietara lotu daitezke, garaian garaiko beharren eta interesen arabera. Hortaz, ikusteko dago, bi gerrek aurrera egiten duten heinean, geopolitikaren taulak orekari eutsiko ote dion edo irauli egingo den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.