Eskozia. Independentzia erreferenduma

Zirrikitu bat, beste batasun baten bila

Eskoziako Parlamentuak baimena eman dio gobernuari Londresekin independentzia erreferenduma negoziatzeko. SNPk eta berdeek izan ezik, guztiek aurka egin dute

Nicola Sturgeon Eskoziako lehenministroa, SNPko bilkura batean,martxoan ROBERT PERRY / EFE.
Adrian Garcia.
2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Brexit gogor bat saihesteko aukera bat nahi du Eskoziako Parlamentuak. Eta bide bakarra bigarren independentzia erreferenduma egitea da. Diputatuek zazpi orduz eztabaidatu zuten atzo Eskoziako Gobernuak aurkeztutako mozioa. Azkenean, espero bezala, legebiltzarrak gobernuko SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren proposamena onartu du, eta baimena eman dio gobernuari Londresekin erreferenduma negoziatzeko. Epeak ere zehaztu ditu: 2018ko udazkenaren eta 2019ko udaberriaren artean egin beharrekoa da. Alegia, brexit-aren negoziazioaren emaitzak jakinak direnean, baina EB Europako Batasunetik ateratzeko prozesua burutu baino lehen, batasunean geratu ahal izateko garaiz egoteko.

Parlamentua bitan zatitu da. SNPk gehiengo sinplea du, baina, berdeen sei diputaturen babesarekin, aurrera atera da galdeketa. Aldeko 69 boto izan dituzte —63 diputatu ditu SNPk, 129ko ganberan—, eta aurkako 59. Nazionalistak eta berdeek izan ezik, alderdi guztiek aurka bozkatu dute.

Londresko atentatua zela eta, bertan behera utzi zuten saioa joan den asteazkenean, eta atzo ekin zioten berriz ere. Eztabaida liskartsua izan zen.

Beste erreferendum bat egitea defendatu dutenen arabera, Erresuma Batuko jokaleku politikoa erabat aldatu du brexit-ak, eta, horrenbestez, ezinbestekotzat dute eskoziarrei beste behin galdetzea herrialdearen parte izan ote nahi duten. SNPko Clare Haugheyek oroitarazi du 2015ean alderdiak irabazi zituela hauteskundeak, mandatu argi batekin: «Eskoziarrei aukera bat ematea testuinguru politikoa nabarmen aldatzen bazen». Eskozian %62k bozkatu zuten EBn geratzearen alde.

Parlamentuaren eskaria betetzeko, aurrera jarraituko du Eskoziako Gobernuak. Nicola Sturgeon lehen ministroak esan duenez, «zalantzaz kanpo» dago beste galdeketa bultzatzeko jasotako mandatua. «Nire argudioa sinplea da: brexit-aren ondorioak jakinak izanda, aldaketa hori ez litzaiguke inposatu behar. Guk eduki beharko genuke horri buruz erabakitzeko eskubidea». Izan ere, Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak ez ditu kontuan eduki Eskoziak eginiko proposamenak, hala nola merkatu bakarrean geratzearena, eta irteera gogor baten alde egin du.

«Borondate onez»

Galdeketa «borondate onez» negoziatzeko prest da Eskoziako agintaria. «Espero dut Erresuma Batuko Gobernuak parlamentu honen borondatea errespetatzea». Haatik, Mayk ez du erreferendumik baimentzeko asmorik. «Ez da garaia», esan du sarritan.Londresek nola edo hala eragotzi nahi du EBrekiko negoziazioen erdian erreferendum kanpaina bat. Atzo, ezezkoa jasoz gero erabiliko duen bidea azaldu zuen Sturgeonek. «Parlamentuari galdetuko diot Eskoziako Gobernuak egin beharko dituen urratsez, parlamentu horren borondatea bete dadin». Epea ere jarri du: Pazko atsedenaldiaren ondoren.

2014ko galdeketa

Independentzia erreferenduma egitearen aurka daudenek ez dute kontuan hartu Eskozian gogoz kontra inposatzekoak direla brexit-a. Laboristak eta kontserbadoreak beti ados ez egon arren EBtik ateratzeko moduaren inguruan, bat egin dute SNPren aurka. Eta 2014ko iraileko erreferenduma erabili dute argudio gisa. Orduan ezezkoa gailendu zen, botoen %55 jasota.

Hain zuzen, Jackson Carlaw diputatu tory-ak Sturgeoni leporatu dio Eskozian egin diren azken bi erreferendumak ez errespetatzea. «Bigarren independentzia galdeketa gure garaiko huts egindako souffle politikorik handiena da». 2014ko kanpainako leloak errepikatu dituzte kontserbadoreek: «Elkarrekin hobeto gaude».

Lewis Macdonald laboristak ere 2014ko galdeketa hura goraipatu du. «Eskoziaren historiako bozketarik demokratikoena da. Emaitza argia izan zen». Merkatu bakarretik ateratzearen aurka dago Macdonald, baina ez du azalpenik eman hori saihestu ahal izateko. «Theresa Mayk huts egin digu, baina baita Nicola Sturgeonek ere». Laboristek espekulatu dute independentzia eskuratuta ere Eskozia ezingo dela EBn sartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.