Koronabirusa

EMAk iragarri du hiru hilabete beharko direla aldaera berrirako txertoak onesteko

Austriak datorren astean aurkeztuko du nahitaezko txertaketa ezartzeko lege proposamena. Baliteke Alemaniak ere bide beretik jotzea

Emakume bat Soweton, Johhanesburgon, atzo. Omikron aldaeraren kasuak agertzen hasiak dira mundu osoan. K. L. / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
EMA Sendagaien Europako Agentziako buru Emer Cookek iragarri zuen atzo hiru edo lau hilabete beharko dituztela aldaera berrira egokitutako txertoak onartzeko. Europako Parlamentuan egin zuen agerraldian zehaztu zuen, hala ere, goizegi dela esateko txertoak moldatzea beharrezkoa den. «Oraindik ez dakigu ziur beharrezkoa izango ote den, baina, hala balitz, prest gaude. Okerrenari aurre egiteko prest gaude», azaldu zuen Cookek. Haren esanetan, egun dauden txertoak baliagarriak dira Europan gehien zabaldutako aldaerei aurre egiteko, baina azaldu zuen birusa mutatzen ari denez noizbait txertoak ere moldatu beharko direla: «Horretarako, kontuan hartu beharko dugu egoera epidemiologikoa, aldaera berria zenbateraino dagoen zabaldua eta herritarren adina eta txertaketa maila».

Bien bitartean, Austriak aurrera jarraitzen du otsailetik aurrera derrigorrezko txertaketa indarrean sartzeko prozeduran. Hala, datorren astean aurkeztuko du horretarako lege proiektua, hilabeteko epean parlamentuak onartu eta otsailean indarrean sar dadin. Zehazteko dago, dena den, zer adinetatik gora izango den derrigorrezkoa txertatzea, zenbat dosi eskatuko dituzten, eta legea zenbat denboran egongo den indarrean —zenbait adituren arabera, arauak ez luke zentzurik herritarren %75 baino gehiago txertatuta daudenean—. Aurreratu dutena izan da araua betetzen ez dutenei 7.200 eurorainoko isuna jar diezaieketela. Austrian ez ezik, Alemanian ere gero eta gehiago dira neurri bera ezartzearen aldekoak, tartean abenduan kantziler kargua hartuko duena, Olaf Scholz sozialdemokrata.

Irlandak, berriz, iragarri du txertaketa ziurtagiria ez ezik test negatiboa ere eskatuko diela herrialdean sartzen diren guztiei, baita Erresuma Batutik joaten direnei ere. Etzi sartuko da indarrean neurria, eta berdin balioko du txertoaren bi dosiak hartu dituztenentzat zein gaitza gainditu dutenentzat. Afrika hegoaldeko herrialdeetatik doazenentzako bisak gutxitu dituzte, eta aurreratu dute horiek bi asteko berrogeialdia egin beharko dutela iritsitakoan. Irlandak ez du oraindik aldaera berriaren kasurik baieztatu, baina 11 kasu susmagarriren berri eman zuen atzo.

«Arrazoizko» neurriak

OME Osasunaren Mundu Erakundeak gogor kritikatu ditu herrialdeek hartutako hainbat neurri: besteak beste, Afrika hegoalderako hegaldiak etetearena. Tedros Adhanom idazkari nagusiaren iritziz, «ulergarria» da aldaera berriak kezka eragitea, baina hartzen diren neurriek «arrazoizkoak» behar dute izan, «nazioarteko osasun aholkuetan oinarrituak».

Europako eta Asiako hainbat estatuk erabaki dute Afrika hegoalderako bidaiak behin-behinean etetea, baina atzo jakin zen Hegoafrikak omikron aldaeraren berri eman baino egun batzuk lehenago agertu zela hura Herbehereetan. Amsterdamgo gobernua ikertzen ari da positibo emandakoak Hegoafrikan izan ote diren azken asteetan. Alemanian, berriz, inoiz Afrika hegoaldean egon ez den 39 urteko gizonezko batek positibo eman du omikron aldaeran. Leipzigen izan da, Saxonia eskualdean, gaitza zabalduen dagoen landerretako batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.