Ane Pescador.
PENTSALDIAN

Sustraiak

2022ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Kolpetik ezpainaren ezkerraldea eroria zuela jaiki zen. Medikuarenera jo zuen, baina ez zion ezer berezirik antzeman; denboraldi baterako aurpegiko paralisi bat izango zela uste zuen eta horretarako tratamendua jarri zion. Jarraian ezkerraldeko hanka eta besoa baldartu zitzaizkion eta honekin proba diagnostikoen dantza hasi zen, izu eta ikarazko itsaso hartan nabigatzen genuen bitartean. Proben emaitzen esperoan geundela gauzek okerrera egin zuten, geroz eta baldartuagoak zituen ezkerraldeko gorputz adarrak, antiekinoa oinean eta besoa bularrera lotuta. Hitz egiteko zailtasunak etorri ziren jarraian. Ospitaleratuta zegoen orduan eta emaitzak iristen hasi ziren: «Garunean masa bat duzu», «tumorea».

Tumorearen ezaugarriak jakiteko biopsia egin behar izan zioten. Gogoan dut orduan, inolako gizatasunik gabe, ospitaleko korridore erdian bere gaitzak ebakuntzarako aukerarik ez zuela esan ziola medikuetako batek, zer jakin nahi zuen galdetu ere egin gabe. Gizakia gupidagabea eta hotza izan zitekeela ikasi nuen orduan.

Eta ahultzen ikusi nuen, geroz eta gehiago baldartzen, tarteka bizitzarekin haserretzen, besteetan ama eta zeure hiru alaboi begi negartiz begiratzen.

16 urte nituen orduan, eta bizitza aldatu zidan hitza iritsi zen azkenik: minbizia. Ordura arte niretzako «beste familietan gertatzen den katastrofe hori» zen. Baina ez. Kolpetik, barrutik sentitu nuen nik ere min-bizia; nire aita ezpaina eroria zuela hasi zen eta hilabete eskasean minbizia zuen, gurpil aulkian, hitzak ezin artikulatu zebilela.

Onkologikoan ospitaleratu zuten orduan. Kimioterapia pilulak eta erradioterapia jaso zituen. Gogoan dut nola garbitzen genituen etxean bere arropak, kimioterapiaren eraginez jausitako ilez beteta zeuden kamisetak. Banan-banan haiek kentzen saiatzen nintzen aitak ez zitzan ikusi. Onkologikora bisitan joan, eta hantxe ikusi nuen, barrez, ea gaurkoan zenbat ile erori zitzaizkion zenbatzen. Orduantxe ikasi nuen txarrenetan ere norberaz barre egin eta egoera ilunak umorez janztea zeinen garrantzitsua den.

Hobekuntza bizkor eta laburra egin zuen. Ezer hobetzen hasterako kolpetik okertu baitzen bere osasun egoera. Lau hilabeteko borroka, eta aita hil egin zen.

Inoiz sentitu ez nuen mina sentitu nuen, itotzera eramaten ninduen hutsunea. Amorruak ikasketak uzteko esaten zidan; amak, ahizpek eta irakasleek ez zidaten amore ematen utzi. Eta argi ikusi nuen orduan: erizaina izan nahi nuen, onkologiako erizaina, ama bezala. Prozesu horretatik igaro diren gaixo eta senideei bidaia honetan lagundu. Gizatasunez jardun, haserreak errespetatu, beheraldietan bultzadatxo bat eman, negarrak elkarren artean banatu, ahal denetan egun grisak umorez margotu; heriotza iristen denean hura normalizatu.

Eskerrik asko, aita, erakutsitakoagatik. Eskerrik asko amari eta ahizpei, honaino iristeko bidean emandako laguntzagatik. Eskerrik asko eguneroko jardunean hobea izaten erakusten didazuen lankideoi. Eskerrik asko bizitzaren etengabeko ikaskuntza honetan egunero horrenbeste erakusten didazuen gaixo eta senideei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.