Muinetik ikertu, azaleratzeko

Emakumeen tosta finkoko arraunari bultzada zientifikoa emateko ikerketa bat martxan jarri du Deustuko Unibertsitateko ikertzaile talde batek. Gabezia «asko» atzeman dituzte, batez ere arlo psikologikoan.

Deustu arraun elkarteko bi arraunlari, errendimenduko proba egiten, Deustuko Unibertsitatean. BEÑAT LARRINAGA.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Urtetik urtera, tosta finkoko emakume arraunlarien parte-hartze kopurua nabarmen hazi da. 2008an, traineruak uretaratu zituztenean, sei talde aritu ziren Kontxako Banderako sailkapen estropadan, historian aurrenekoz. Orduz geroztik, talde gehiago dabiltza hamalau arraunlariz osatutako ontzietan. «Halere, parte hartzea eta ikerketa ez doaz eskutik helduta». Hala ondorioztatu dute Beñat Larrinaga, Ane Arbillaga, Itziar Urkijo, Patxi Leon eta Aitor Coca Deustuko Unibertsitateko Health Pass ikertzaile taldeko kideek, baita Erika Borrajo Deusto Stress Research-eko kide eta kolaboratzaileak ere. Emakumeen tosta finkoko arraunari bultzada zientifikoa emateko ikerketa proiektu bat jarri dute abian. «Arraunlarien errealitatea azaleratu eta babestu nahi dugu».

Larrinaga arraunlari ohia eta Deustuko emakumezkoen taldeko prestatzaile fisikoa da. Hasieran, haren helburua izan zen tosta finkoko gizon eta emakume arraunlarien arteko alderaketa egitea. Emakumeen inguruko informazioa aztertzen hasi zen, baina ohartu zen soilik gizonezkoen datuak zeudela, eta emakumezkoenak, izatekotan, aulki mugikorrekoak bakarrik, hots, arraun olinpikokoak. «Modalitate horretako erreferentziak hartu daitezkeen arren, tosta finkoaren inguruko informaziorik ez zegoen jasota; gabezia handia zegoen». Emakumezkoen arraunean murgildu, eta errendimendu arloa ikertzen hasi zen. «Baina gero ikusi nuen errendimenduan hainbat faktore zeudela tartean: besteak beste, pisua, presioa edota arlo psikologikoa». Hala, Arbilla fisioterapeuta eta arraunlari ohiarengana eta Coca tesiaren zuzendariarengana jo zuen.

Hain zuzen, Arbillagak arrauneko bizipenak oinarri hartutako tesia egin, eta mundu horretan hutsunea dagoela atzeman zuen: «Asistentzian, nutrizioan, psikologia arloan, zaintzarako sentsibilitatean... Guztien gainetik lehia dago». Bestalde, dioenez, «pozgarria» da arraunlarien parte hartzea handituz joatea, «baina gauzak gaizki egiteko arriskua ere badago. Arrauna kirol oso herrikoia da, tradizio handikoa, baina, agian, garapen gutxiko kirola da». Bada, hori saihesteko asmoz, ikertzea da lehen urratsa, eta horretan dihardu Health Passeko ikertzaile taldeak. «Informazioa mahai gainean jarri behar da, horren arabera erabakiak hartzeko».

Ikerketaren helburuak hiru dira: lehena, tosta finkoko emakume arraunlarien errendimenduari, fisiologiari, antropometriari, biomarkatzaileei eta psikologiari buruzko ezagutzan sakontzea, epe luzeko analisien bitartez; bigarrena, ikerketa eta emaitzak ikusaraztea, kirol horretan hobekuntza espezifikoak eta orokorrak lortzeko eta herritarrek horri buruz duten interesa pizteko; eta hirugarrena, kluben arteko errendimendua baloratzeko sistema bat bateratzeko aukera aztertzea, arraunean irizpide bera ezartzeko eta entrenamenduak zientifikoki antolatzeko. Larrinagak azaldu duenez, «sistema bateratzeak taldeei balioko lieke beste taldeen erreferentziak edukitzeko; besteak beste, denboraldi-aurreko edota denboraldia hasi baino aste batzuk lehenagoko datuak izango lituzkete eskuragai. «Azken batean, talde guztiek test edota proba bertsuak egiten badituzte, balore horiek taldeen artean konparagarriak izatea lortu nahi dugu». Gizonezkoen taldeekin alderatu du: «Entrenatzaile edota mediku bakoitzak bere test propioak egiten dituenez, ez dago modurik alderatzeko».

Test mota asko daude: hogei minutuko testak, hamar minutukoak, hamabost paladakoak… «Gure asmoa da proba baten bat erreferentzia moduan hartzea, parametroak bateratzeko». Kirol diziplina askotan horrela egiten dute, «baina arraunean ez dira datuak argitaratzen». Zergatik, bada? «Agian, konfiantza falta edota taldeak errendimenduan okerrera egingo duen beldurragatik edo. Halere, ez dut uste talde batek edo besteak irabaziko duenik jakinda besteak zer-nolako emaitzak lortu dituen probetan». Datuak argitaratzeak arraun munduari onura egingo liokeela nabarmendu du. «Datuak alderatzeko aukera izaten badute, entrenamendua askoz kontrolatuagoa izango da, eta hobekuntza ere, handiagoa».

Helburu horiek lortzeko, bi iker-ildo sortu dituzte: errendimendu arloa eta arlo psikologikoa. Larrinaga errendimendu arloan jardun da. «Lehen proban, hiru minutuko test progresiboa egin dugu, wattak igota, eta tartean 30 segundoko atsedena hartuta; bigarrenean, berriz, hamar minutuko saioa egin dute, emakumezkoen estropaden iraupenaren antzekoa duena; eta, azkenik, hamar paladako testa, potentzia maximoa jakiteko. Hiru proba horiek birritan egin dituzte: bata, abendu amaieran; eta bestea, maiatz amaieran. Test horien bidez, bihotz taupadaren erritmoari, laktatoari, disnea sentsazioari eta nekeari buruzko informazioa jaso dute. Larrinagak 22 arraunlariekin lan egin du, eta bildu dituen datuetan ez du ezustekorik topatu. «Halere, beti dago emaitza onak lortu ez dituen arraunlariren bat edo. Kasu horietan, kontuan hartu behar da pertsonak direla, eta ez makinak. Bakoitzak bere egoera fisikoa zein psikologikoa du, eta prestatzaileak ulertu eta onartu egin behar du hori».

Hain justu, kasu askorik egiten ez zaion eragilea hilekoarena da. Arbillagak hartu du hitza. «Arraunlaria nintzenean, estropada batean, arraunlari batek trainerutik atera behar izan zuen, hilekoarengatik ondoezik zegoelako. Bestalde, periodo espezifiko batean lesioa izateko arriskuak ere gora egiten du, eta, beraz, karga handiarekin entrenatzea arriskutsua izan daiteke. Umore aldaketaren tipifikaziotik urrun, arlo psikologikoaz gain, aldaketa fisiologiko dezente daude. Kontuan hartzeko aldagaiak daude, gaur egun ez dakizkigunak».

Bistan da gizonezkoen eta emakumezkoen ezaugarri morfologikoak eta antropometrikoak ez direla berdinak. Errealitate horretatik abiatuta, emakumeen neurrietara egokitutako traineruak errendimenduan nolako eragina izango lukeen galdetuta, Arbillagak hausnarketa hau egin du, Patxi Leon adituaren ikerketa oinarri hartuta: «Emakumezkoen altuera eta pisua gizonezkoenen aldean desberdinak direnez, traineruaren flotagarritasuna txikiagoa da, balantzarako joera handiagoa da, palada emateko keinua ezberdina izaten da, eta hortik lesio gehiago sor daitezke». Bestalde, gaineratu du «eztabaidan» dagoen gai bat dela. «Geure ikerketek ere argitu dezake aldaketa horretarako beharra zenbaterainokoa den; informazioa modu objektiboan zein subjektiboan behar da horretarako, eta horretan gabiltza, informazioa biltzen».

Pisua, kezka iturri

Sufrituz gozatzen omen du eliteko kirolariak. Errendimendu ona emateko, ordea, ezinbestekoa du psikologikoki indartsu egotea, eta arraunlari batek zer esanik ez. Urkijo eta Borrajo psikologia arloko adituek, emakume arraunlarien errealitatearen diagnosia egin, eta lehen begi kolpean ikusi zuten pisuak zama handia zuela arraunlarien artean. «Pisua azkar galtzen denez, horrek arraunlariari zer-nolako ondorio kaltegarriak ekar diezazkiokeen ikertzen hasi ginen», azaldu du Urquijok. Pisua epe motzean eta azkar galtze hori zenbait faktorerekin lotu dute; besteak beste, norberak bere buruari edota entrenatzaileak zein taldeak jarritako presioagatik ote den edota barne gatazka batetik eragindakoa ote den. Horretarako, arraunlarien artean galdetegi bat banatu dute, elikadura nahasmendua izateko arriskuaren eta errealitatearen berri emateko, besteak beste.

Arraunlarien erantzuna «ona» ari da izaten, ikertzaileen esanetan, eta datorren astean itxiko dute galdetegia betetzeko epea. «Ahalik eta erantzun gehien lortu nahi dugu, zehaztasun handiagoarekin lan egiteko». Emaitzak bildu bitartean, euren hipotesia beteko den esperoan jarraitzen dute oraindik. Dena den, «harriduraz» eta «kezkaz» mintzo da Urkijo: «Arraun mundua ezagutzen ez dugunontzat, arraunlariek guretzat sinestezinak diren jarduera ez-osasuntsuak egiten dituzte pisua jaisteko. Jasaten duten presioa ere deigarria da guretzat. Errealitate hori, gainera, normaltzat hartzen dute, eta ez dira kontziente zer-nolako ondorioak jasan ditzaketen kirolean zein kiroletik kanpo». Arraunlariek bizi duten «normaltasun egoera» azaleratzea espero dute ikertzaileek biltzen ari diren datuekin. «Errealitate horretan oso zaila dute arlo emozionala orekatua eramatea».

Maiatz hasieran, Sandra Piñeiro Orioko arraunlariak isiltasuna apurtu eta pairatzen ari zen elikadura nahasmenduaren berri eman zuen. Arbillagak berri hura jakitean, arraunean bizi izan zuen sentipena ekarri du gogora: «Lasaitasuna eta poza sentitu nituen, lehen aldiz, arraun munduaren errealitatea publikoki azaleratzeko ausardia izan zuelako. Uste dut emakumeek ez ezik gizonezkoek ere pairatzen dutela arazo hori, baina bere horretan geratzen da». Bestalde, arrauneko garaiak gogoratuz, «penaz» mintzatu da. «Gure taldean horrelako kasuak izan genituen. Salatuta ere ez gintuzten entzun, eta entzun gintuztenak senitartekoak eta gertukoak izan ziren».

Hainbat taldetako 240 arraunlarik hartu dute parte ikerketan, eta testigantza gordinak jaso ditu Arbillagak. «Testuingurua planteatu, eta segituan hitz egiten hasten dira bizi duten errealitatearen berri emateko, izan arraunlari beteranoak, izan hasiberriak: bati, monoan txitxiak antzematen zaizkiolako, besteak hilekoarengatik hiru kilo hartu dituelako...Ez dago eskubiderik egunero entrenatu, uda heldu, gaixotu eta inork zu ez zaintzeko».

Arraunaren historian frogatu da trainerua zenbat eta arinagoa izan orduan eta azkarrago ibiliko dela uretan. Bat dator Arbillaga. «Baina nire galdera da pisu horren atzean arraunlariak zenbat ordu sartu dituen entrenatzen, zer gihar mota dituen, zein den morfologiaren banaketa... horren atzean itsaso zabala dago».

Kiloak, wattak, ergometro probetako denborak, elikadura gramoak… mila zenbaki dira. Eta zenbakiek mila sentipen sortzen dizkiote arraunlariari, eta aurrean eta buruan duen guztia kudeatzeko gaitasuna izan behar du. Baina Arbillagak argi esan du: «Ez da erraza hori lortzea. Arraunlaria bere autopresioan sartuta egon ohi da, kirolari gisa hobetzeko xedez, jakinda hobekuntza horrek talde kohesioari eragingo diola. Bi presioen kudeaketa errazago eramango duzu taldean batasuna badago. Baina askotan ez da horrela izaten, eta ez da neurtzen». Haren ustez, alarma egoera identifikatzeko baliabiderik ez dago. «Entrenatzaileak eta arraunlariak berak, sarritan, bere zenbakiak lortzeko, albo batera uzten ditu beste alderdi garrantzitsuak».

Zaintza aldarri

Arrauna talde kirola izan arren, arraunlariak ordu asko igarotzen ditu bakarrik, batez ere neguan, ergometroaren aurrean. Arbillagak azaldu duenez, «buru-jan handia izaten du arraunlariak. Halako egoeretan, talde dinamikak falta dira, taldekideak arlo psikologikotik ezagutzeko. Gainera, psikologoek eta nutrizionistek harreman estuagoa izan behar dute arraunlariekin, pertsonalizatuagoa. Alderdi psikologikoa guztiz ahaztuta dago, baina emakumeen taldeetan bakarrik ez, baita gizonezkoenetan ere. Errendimendua alde batera utzita, talde kohesiorik handiena duten taldeek lortzen dituzte emaitzarik onenak».

Aurrera begira, badituzte zenbait erronka; besteak beste, arlo psikologikoa gehiago sakontzea. «Etorkizunean elkarrizketa pertsonalak egitea interesgarria izango litzateke, kasu ezberdinak identifikatu eta aztertzeko».

Ikerketak sendotasuna eta ofizialtasuna lor ditzan, Health Passeko ikertzaile taldeak hainbat erakunderen ateak jo ditu, «egitasmoaren parte izateko eta arraunlariengana errazago heltzeko», Larrinagak azaldu duenez, «amaierako txostena arraun elkarte eta federazio guztiei bidali nahi diegu, ahalik eta zabalkunderik handiena izan dezan. Ez dugu informazioa ezkutuan gorde nahi: argitara ekarri nahi dugu». Arbillagak gehiago zehaztu du: «Ikerketa hau zaintzarako aldarritik erabili behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.