BERA BERA 36 - 24 ELX

Ezin hobeto ekin dio

Bera Berak nagusitasun handiz irabazi dio Elxi, eta Guardesen aurka jokatuko du gaur Espainiako Kopako finalerdietan, Malagan

Alice Fernandes Bera Berako atezaina, gol bat ospatzen. Ikusgarri aritu zen: hamazazpi baloi gelditu zituen. RFEBM.
Julen Etxeberria.
2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Emaitza atsedenaldian. 17-9. Partidako onenak. Bera Berako Paula Arcosek bederatzi gol sartu zituen, Mariane Fernandesek zortzi, eta Alice Fernandesek hamazazpi baloi gelditu zituen.

Bera Bera urrats sendoz hasi da egiten Espainiako Kopa zazpigarrenez irabazten saiatzeko bidea. Donostiako taldeak nagusitasun handiz irabazi zion atzo Elxi final-laurdenetan, Malagan (Espainia): 36-24.

Baina bideak ez du etenik. Lehen pausoa eman ostean, berehala eman behar du bigarrena, gaur bertan. Atletico Guardesen aurka ariko da finalerdietan (21:00, Teledeporte). Galiziako taldeak nagusitasunez irabazi zion atzo Gijoni: 20-27. Granollersek eta Malagak jokatuko dute beste finalerdia, 18:00etan (Teledeporte).

Hain zuzen, Guardesek kanporatu zuen finalerdietan Bera Bera azken ekitaldian. Kolpe gogorra izan zen, Donostian jokatu baitzen lehiaketa, Illunben. Etxekoek itxaropen handia zuten euren zaleen aurrean txapeldun izateko, baina erdibidean geratu ziren.

Urtebete geroago atera dezakete arantza. Sasoi honetan bitan jokatu dute elkarren aurka, eta bietan nagusitu da Bera Bera: 27-23 Donostian, eta 20-27 Guardan. Baina iaz ere ligan jokatutako bi partidak irabazi zituen, eta galdu egin zuen Kopan. Partida batera edozer gerta badaiteke, zer esanik ez hirutan, eta etenik gabe arituta.

Baina donostiarrek konfiantzaz lepo ekingo diote gaurko lehiari. Norgehiagoka biribila egin zuten atzo. Oso argi zuten egitekoa: ondo defenditu, eta bizi atera erasora; finean, betiko Bera Bera izan behar zuten. Eta halaxe izan ziren.

Eraginkor ere aritu ziren, eta meritu handia du horrek, Elx aurkari gogorra baita: bere defentsa zorrotzari esker, kontrarioak deseroso sentiarazten ditu; ez die uzten jokatzen. Baina, atzo, Herrialde Katalanetako taldea izan zen deseroso aritu zena. Datu bat: ligan, 23 gol eskas sartu dizkiote partidako, eta, atzo, Bera Berak 36 egin zizkion.

Ondo hasi zen Elx (2-3), baina donostiarrek, euren jokoa egiten hasi, eta lehia hautsi zuten: hamasei minutuz utzi zuten golik sartu gabe Elx; haiek, berriz, hamar egin zituzten. Antzekoak izan ziren gol asko: Alice Fernandesen geldiketa —11 egin zituen lehen zatian, eta hamazazpi partidan—, eta gola kontraerasoan. Elx saiatu zen erasoan jokalari bat gehiagorekin arituta aldea murrizten, baina gaizki irten zitzaion jokaldia beti. Ohartzerako, sekulako zuloa egin zuen Bera Berak: hamabi golena (17-5), atsedenaldirako bost minutu eskas falta zirela. Partida erabakita zegoela zirudien, baina aurreneko zatiaren azken bost minutuetan Elxek gora egin zuen, eta 4-0ko partziala lortu zuen. Handia zen aldea, zortzi golena (17-9), baina ordu erdi falta zen jokatzeko.

Bigarren zatia parekatua hasi zen: batek gola sartu, eta besteak ere sartzen zuen jarraian. Elx zazpi golera jarri zen, baina, Paula Arcosi esker, Bera Berak berriz ere handitu zuen errenta. Lehen lerrokoak bederatzi gol sartu zituen, inork baino gehiago. Hura eta Alice Fernandes izan ziren neurketako onenak.

Bidasoa, Europan finkatzera

Bidasoak, berriz, gaur jokatuko du, Artalekun, Ademarren aurka (18:00). Santanderren (Espainia) eten zen Irungo taldeak Asobal ligan zeraman bolada ederra. Aurreko zazpi partidetatik sei irabazi ostean, galdu egin zuen. Hala, aukera ona galdu zuen Europako postuetan sendotzeko. Ezin du berriz huts egin, eta are gutxiago gaur, Ademar aurkari zuzena baita: Espainiako taldeak bi puntu gutxiago ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.