Noiz sortua: 2020-02-09 00:30:00

Naval ontziola. Konkurtsoaren luzapena

Epaileak ez du txistua jo oraindik

Navalen konkurtsoaren kudeatzaileak likidazio epea berriz atzeratzeko eskatu du, ontziola salbatuko lukeen inbertsiogile bat lortzeko itxaropenez. Sindikatuek eta erakundeek begi onez ikusi dute.
MARISOL RAMIREZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2020ko otsailak 9
Epaileak erabakitzen du noiz bukatzen den futbol partida. Hark txistua jo arte nahi beste luzatu daiteke. Haren esku dago taldeen itxaropena, edo sufrimendua, luzatzea. Naval ontziola futbolari akituen egoera berean dago, epaile batek erabakiko baitu noiz bukatuko den azken partida izan daitekeena. Epaile horrek, baina, ez darama galtza motzik, toga beltza baizik, eta merkataritza arloko Bilboko epaitegiko bigarren salatik zuzentzen du jokoa. Belarrik ez du zapaltzen, beraz, baina luzapenak kontrolatzen ditu, txilibitudunek bezala. Orain arte bi eman dizkio Sestaoko (Bizkaia) ontziolak inbertsiogile bat bilatzeko eginiko azken ahaleginari. Aurrekoa urtarrilaren 31n bukatu zen, eta, ondo bidean, beste bat onartuko dio. «Azkena» dela esan diela ohartarazi du CAT Langileen Kolektibo Autonomoak. Eskaeraren helburua enpresaren likidazioa atzeratzea da, eta garabiak txatar ez bihurtzea. Atzerako kontua martxan jartzen bada, maiatzarena 31n bukatuko da luzapen hori.

Navalen azken itxaropena epaile baten esku dago. Konkurtsoaren kudeatzaileak eskaera egin dio likidazio prozesua hasteko epea lau hilabetez atzeratzeko. Sindikatuek eta erakunde publikoek eskaera babestu dute, eta ez da espero ezezkorik. Epaileak beste astebete du ebazpena emateko. «Partida ez bukatzea da lehentasuna; bitartean, ezin dugu baloi bakar bat ere galdutzat eman». Rafa Mayoral Unidas Podemoseko diputatua da Espainiako Kongresuan, eta hark jarraitu du futbol metaforarekin. Haren alderdiak ontziola salbatzearen aldeko adierazpen ugari egin ditu, eta orain hura Espainiako Gobernuko koalizioan ikusteak itxaropen printza bat piztu du. Mayoral, baina, zuhurra da. «Industria Ministerioa ez dago gure esku, eta hau ez da alderdi baten kontua: ez gurea, ez EAJrena, ezta PSOErena ere. Gizarte egitasmo bat izan behar du, erakundeek bultzatua. Balizko inbertsiogileek asko begiratzen diete halako gauzei».

Mayoralek ezagutzen du Naval, askotan etorri baita Sestaora. Azkenekoa CATen eskutik, eta konkurtso kudeatzailearekin izandako bileran egon zen. «Podemosek Navali buruz esanikoak erakutsi genizkien, eta, oraingoz, epaileari eginiko eskaera babestu dute», esan dute CATeko iturriek. Sindikatuak argi dauka zein den hurrengo pausoa. «Elkarrizketa mahai bat osatu nahi dugu gobernuekin, eta, baldin badaude, balizko inbertsiogileekin».

ELAk ez du sinatu eskaera, eta ez du itxaropen handirik bilera horrek zer eman dezakeen. Sindikatu horretako metaleko ordezkariak, Mikel Etxeberriak, Jaurlaritzari eskatu dizkio kontuak. «Auzi honetan Jaurlaritzak eta Arantxa Tapia sailburuak egin duten gauza bakarra izan da kaleratzeak babestea. Espainiak eskuduntza batzuk ditu, eta Industria Ministerioa PSOEk du, baina ezin da ahaztu Euskal Herrian gaudela, eta eskuduntzak hemen ere badaudela; Jaurlaritzak ezin du ez ikusiarena egin».

Galdera, baina, argia da: nola piztu daiteke Naval? «Guk argi dugu formula birpublifikazioa dela», azaldu du Etxeberriak. «Atzera begiratu behar da, pribatizazio haren ondorioak... Porrot egin bazuen, akziodun handi haien erruz egin zuen [Ingeteam eta Murueta]. Sailburuari esan diogu legezkoa eta posible dela».

CATen ere aukera hori lehenetsiko lukete, baina gobernuek borondaterik ez dutela diote. Horregatik eredu publiko-pribatua errealagoa iruditzen zaie. «Inork ez du ontziola bat erosiko bazkide nagusia izan gabe. Baina %60-%40koa balitz, alde publikoak kontrol pixka bat egin ahalko luke. Orain hemen bagaude, jabe pribatuen kudeaketa txarragatik da; inork ez zituen kontrolatu».

Inbertsiogilearen figura da ekuazioa argituko lukeena, baina ba al dago norbait? «Konkurtso kudeatzaileak esaten digu interesdunik badagoela», zehaztu du CATek. Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburuak duela urtebete aipatu zuen «hainbat interesdun» zeudela. ELAk ere uste du epaileak luzapena ematen badu kudeatzailek «zerbait» ikusi duelako dela. Mayoralek ez du balizko inbertsoreren albisterik, baina badaki erakundeak «lanean» ari direla:. «Erakunde guztiek egin dezakete zerbait, diputazioak barne. Langileekin adostu behar da eskaintza, eta Ezkerraldeko gizarte guztiarekin, oro har. Eta ontziola bat izan dadila bilatu behar da».

«Traba» kentzeko prest

Navalen azken urteetako historia, eta ondorengo itxiera eta kaleratzeak korapiloz beteriko mataza da, eta hainbat hari mutur ditu. Likidazio prozesuarekin batera, ia paraleloki, langileen kaleratze txostena jarri zen abian. Merkataritza Arloko Bilboko epaitegiak 173 langileen kaleratzea agindu zuen iazko martxoan. CAT, ELA, eta CCOO sindikatuek, baina, helegitea jarri zioten erabakiari, txostenaren tramitazioan huts larriak egon zirela argudiatuta. Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira jo zuten, eta hark ez zuen helegitea onartu. Urriaren 30ean egin zuten publiko ebazpena, baina ez aho batez. Epaile batek aurkako boz partikularra eman zuen.

Hori ikusita, eta boz partikularrak hauspotuta, sindikatuek Espainiako Auzitegi Gorerenera jo dute. Gehiengoa dira Navaleko langile batzordean. CATek hiru ordezkari ditu, eta bana CCOOk eta ELAk. Dena den, UGTk du ordezkari gehien —lau—, baina ez zuen helegitea babestu. Gorenera jotzeak asko atzeratuko du prozesua. Bospasei hilabete beharko dira kasazio helegitea onartu eta tramitera onartzen duen jakiteko, eta gero hamabost bat hilabete ebazpenerako. Jaurlaritzak esana du auzibideak zaildu egiten duela inbertsoreren batek pausoa eman ahal izatea, ontziolari lotua baitoa. CATek, baina, ez du akusazio hori ametitu, eta garbi du inbertsore bat agertuko balitz, «itsasontziak egiteko gogoz», helegitea kenduko luketela. «Egingo ez duguna da ezer jakin gabe kentzea. Kudeatzaileak esaten digu, kendu helegitea, eta gero ikusiko duzue. Lanpostuak sortzea nahi dugu, baina jakinaren gainean jar gaitzateela».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna