Albistea entzun

Asier Illarramendi. Realeko jokalaria

«Garaikur batzuk baditut, baina hau litzateke bereziena: Reala da nire taldea»

Realaren eta Athleticen arteko finala «lehiatua» izango dela dio Asier Illarramendik. Mutrikuarrak argi du zein den zuri-gorriak menderatu eta Espainiako Kopa lortzeko modu eraginkorrena: «Ohi bezala jokatzen badugu, irabazteko ez dugu asko beharko»
JAVIER ETXEZARRETA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ander De la Hoz -

2021eko apirilak 1

Asier Illarramendi Andonegik (Mutriku, Gipuzkoa, 1990) konfiantza handia du bere taldekideengan, eta nabari zaio. Realeko kapitainak gainditu ditu arazo fisiko guztiak, eta etziko finala «jokatzeko eta irabazteko» irrikaz dago. Txikitatik «amestu» du txuri-urdinekin garaikur bat lortzea: ez du aukera pasatzen utzi nahi.

Iristear da larunbateko finala, bi astez entrenatzen aritu eta gero. Etenaldi luze hori onerako ala txarrerako izan da?

Egia esan, ez dakit onerako ala txarrerako izan den prestatzeko horrenbeste denbora eduki izana. Baina gogotsu gaude finala jokatzeko. Horren zain egon gara azken urte osoan, eta kalean ez da besterik entzuten. Gogotsu gaude jokatzeko eta irabazteko.

Finalaren aurreko azken partidan jipoia jaso zenuten Bartzelonaren kontra (1-6). Dagoeneko ahaztuta izango duzue hori, ezta?

Bai, noski. Ez zen gure neurketarik onena izan, eta Bartzelona ere bere garairik onenean zegoen. Ez genuen jipoia espero, baina horrek ez digu konfiantzarik gutxitu, eta zalantzarik ez digu sortu. Dakiguna egiten badugu, aukera asko izango ditugu irabazteko.

Hiru hamarkadatik gora igaro dira gizonezkoetan Realak halako neurketarik jokatu ez duela. Zein aldartetan dago taldea?

Gogotsu. Bizitzan, halako momentu gutxi izan ohi dira, horren garrantzitsuak direnak. Realak urte asko itxaron behar izan ditu halako ezaugarriak dituen final bat jokatzeko, titulu bat lortzeko lehian izateko, eta horren jakitun gara. Halere, partida bat gehiago da; garrantzitsua bai, baina jakinda zertarako gai garen. Horrela, hobeto ariko gara.

Aurreikusitakoa baino ia urtebete geroago jokatuko duzue. Itxaronaldi horrek ere luze jo du?

Bai. Jendeak gogoan duen partida da, eta ezin izan dugu deskonektatu. Badakigu zaleentzat garrantzitsua dela, guretzat bezala, eta azken boladan beste gairik ez zegoen. Jokatu nahi dugu.

Zaleak partidan egoteko modua emateko asmoz atzeratu da orain arte, baina ez da posible izan. Talde bakoitzaren bilakaera kontuan hartuta, zer zen hobe: orain jokatzea, ala iaz, berez zegokionean?

Denbora asko igaro bada, jendeak gozatu zezan izan da. Horrelakoak, zoritxarrez, ez ditugu sarri izan orain artean, eta bagenuen zaleek ere gozatzeko esperantza. Ezin izan da. Orain ikusita, hobe bere garaian jokatu izan bagenu, baldintzak berberak liratekeelako.

Marka da, gero, estreinakoz finalera iritsi eta halako egoera batean egokitu izana...

Bai, finalak beti dira bereziak, eta jakinda hau Athleticen kontra dela, pena da. Giro ederra egongo litzateke, eta pozgarria litzateke. Ea beste batera ere heltzen garen, eta zaleak estadioan diren.

Zaleen faltak urardotuko al du etziko finala?

Haiek ere gurekin egotea nahiko genuke, baina, komatxo artean, ohitu gara haiek gabe jokatzen: estadiora sartu eta zaratarik ez entzute hori... Azken urte honetan ikasi dugu hori. Pena da, Anoetan kristoren giroa sortzen zelako, eta zaleak taldearekin bat eginda daudelako. Halako une on batean egoera hau heldu izana ez da inorentzat ona izan, eta espero dugu aurki lehengora itzultzea.

Azken partida garrantzitsuetan, ez dituzue nahi bezain emaitza onak lortu: Superkopan, Betisen kontrako kanporaketan, Europa ligan... Finalari begirako ondoriorik atera duzue?

Ez. Superkopan oso partida ona egin genuen, baina ez genuen gure unea aprobetxatu. Badakigu oraingoan zer dugun jokoan.

Aurkeztu ezazu hautagaitza: Reala zergatik izango da txapeldun?

Merezi dugulako. Azken urte eta erdian aurrerapauso garrantzitsua egin du taldeak. Lehen ez genuen erregulartasuna lortu dugu joko aldetik, baina baita emaitza aldetik ere. Egindako ibilbidea kontuan hartuta, uste dut merezi dugula sari handi bat jasotzea.

Finala da, eta derbia. Lehen ere lehiakorrak izaten dira Realaren eta Athleticen artekoak.

Oraingoan ere bai, seguru. Beti esaten dut derbietan ez dela faboritorik izaten; bi taldeek intentsitate handia ezartzen diete jokoari. Finala ere halakoa espero dut; halere, gu orain artean indartu gaituen hori egiten saiatuko gara.

Athleticek asmatu du azken partida erabakigarrietan. Kezkarik sortzen al dizue horrek?

Ezta bat ere. Konfiantza osoa dut talde honengan. Erakutsi dugu partida garrantzitsutan ondo ibili garela. Athletic talde gaitza izango da, baina gu prestatuta gaude kopa irabazteko.

Elkarren aurkako azken partida gehienak Realak irabazi ditu. Finalari begira lagungarri da hori?

Lagun dezake, baina horrek ez du esan nahi abantaila dugunik.

Nola irabazi behar zaio Marcelino Garcia Toralen taldeari?

Gu geu izanda. Orain arte erakutsi dugu zertarako gai garen, eta horrela eginda asko dugu irabazita. Badakigu haiek saiatuko direla gure jokoa oztopatzen, baina horren gainetik egon behar dugu.

Zertan sakondu beharko duzue zelaian nahi duzuen hori lortzeko?

Intentsitate mailak egin gaitu indartsu. Baloia edukitzeak eta hura galdu orduko azkar berreskuratzeak. Presioa zelaiaren goialdean egin behar da horretarako, eta horretan saiatu behar dugu. Athleticek ondo jotzen du kontraerasora, eta adi egon beharko dugu orduan ere. Jokoaren pisua izan beharko dugu, eta, hala bada, aukera asko izango ditugu.

Lehen minutuak gako izango al dira partidari neurria hartzeko?

Lehen minututik azkeneraino konfiantza osoarekin aritu behar dugu, eta hori egingo dugu. Partidak 90 minutu ditu, eta ondo aprobetxatu behar da bakoitza, balantza gure aldera eraman ahal izateko.

Osatu zinen lesiotik, eta etzi jokatzeko moduan zaude. Oro har, nola zaude partida honen atarian?

Ondo. Horrenbeste denbora igaro eta gero, banituen nire zalantzak, taldera nola itzuliko nintzen. Gustura nago, egunero taldearekin entrenatzen, eta kide bat gehiago izaten. Guztiz osatuta nago.

Imanolek Alguacil entrenatzailea konfiantza handia ezarri du zugan. Pozik?

Bai. Imanolek badaki: urte eta erdiz taldetik kanpo egon eta gero, fisikoki ez nago nire garairik onenean. Halere, hark apustu egin du, eta partida batzuk eman dizkit. Gero arazo fisiko batzuk izan ditut, eta urrundu nintzen, baina berriz ondo nago, eta taldeari gehitzeko amorratzen.

Realeko kapitaina zara. Azken egunetan zenbat aldiz irudikatu duzu zeure burua Kopako garaikurra jasotzen?

Irudikatu dut, bai. Uste dut halakoak errealitate bihurtzeko lehen pausoa hori izaten dela. Geroz eta gertuago dago eguna, eta halakoak gutxi bizi ditugu, eta ea aprobetxatzen dugun.

Oso gazterik heldu zinen Zubietara, eta Realean hezi zintuzten. Zer esan nahi du final honek zuretzat?

Niretzat, dena esan nahi du. Txikitatik ametsa izan dut Realean aritzea: debuta egin, gero taldean mantendu... Zorionez, lehen amets hori aspaldi bete zen. Bigarrena garaikur bat lortzea izan da: kazetariok galdetu izan didazuen bakoitzean erantzun dut hori. Urruti ikusi izan dugu orain arte, eta orain ia-ia ukitzen ari gara. Ez dugu zalantzarik egin behar, eta haren bila jo behar dugu.

Halere, zuk sona handiko txapelketak irabazi dituzu Real Madrilekin, Txapeldunen liga kasurako. Realarekin final hau jokatzea bereziagoa al da?

Bai, guztiz. Nik lortu ditut garaikur batzuk, baina bereziena hau izango litzateke: nire taldea Reala da, amestu izan dudana da, eta bereziena izango litzateke, dudarik gabe.

Heltzear da finaleko eguna. Aldagelan asko hitz egin al duzue Realaren garaipenen historian zuen izenak idazteaz?

Bai, bai! Denbora asko igaro da partida honen zain, eta deseatzen gaude, zeuk esan duzun moduan, Realaren historian gure izenak idazteko.

Betisen Kopako kanporaketa kaleratu egin zintuzten, eta zain egon behar izan zenuen, Athleticen kontra jokatzerik izango zenuen jakiteko. Zer pentsatu zenuen orduan?

Ez nuen dudarik: pentsatu ere ez nuen egiten finala jokatuko ez nuenik. Argi nuen justizia egiten baldin bazen jokatuko nuela, eta hala izan da. Horixe izan da logikoena. Bestela, bai, asko amorratuko ninduen erabakiak.

Txakurra paseatzen duzun bitartean erantzun dituzu BERRIAren galderak. Jendeak geratu al zaitu kalean? Zer esan dizute?

Finala irabazi egin behar dugula, nahitaez. Guk ere sentipen hori bera dugu. Realeko jendeak momentu pozgarriak bizi izan ditu, baina baita sufritzekoak ere. Garai horietan ere gure alboan egon dira zaleak, eta eman nahi diegu irabaztearen poztasun hori. Beti laguntzen gaituzte, eta asko sufritzen dutelako.

Athleticen zenbait jokalarirekin baduzu harremana. Azken egunetan hitz egin al duzu haietakoren batekin?

Bada, ez. Nik uste dut bakoitza bere egitekoan buru-belarri dagoela, eta lanean ari direla. Egongo dira elkarrekin egoteko beste momentuak. Ondo moldatzen gara, baina halako partidetan bakoitzak bere lana ahalik eta ondoena egin nahi du, irabazteko.

Azken egunetan giroa berotzeko zenbait ekitaldi egin ditu Realak: bandera trukea dela, ereserkiaren moldaketa dela. Heldu zaizue zerbait?

Bai. Azkenean, horrela berotu behar giroa. Zaleak ez dira harmailetan egongo, eta horrek final hau hoztuko du. Baina tira, saiatzen ari dira giroa berotzen, eta sentitzen dugu. Sevillan ez dira gurekin izango, baina aste honetako animoak eta mezu horiek guztiak heldu zaizkigu.

Zer giro Mutrikun?

Esan didate irabazi egin behar dela partida, baita gainontzeko guztiak galtzen baldin badira ere. Badakigu guk ere hori irabazi behar dela, baina baita besteak ere: oraingoz finala dugu hurrena, eta hura irabaztea beste asmorik ez dugu oraintxe bertan. Gero gerokoak.

Zure gertukoek bazuten Sevillara joateko asmoa, baina, azkenerako, etxean ikusi beharko dute partida. Nola biziko duten esan al dizute?

Ez dakit, egia esan. Lagun guztiek bazuten asmoa elkarrekin ikusteko, baina orain indarrean dauden arauekin ez dute posible izango. Familiak ere etxean ikusiko du, lasai-lasai. Haiek lehen ere nahiko urduri jartzen dira halakoetan, eta nahiago dugu etxean lasai ikusi, edo akaso, ikusi ez [barrez].

Zein da igande goizean Sevillan esnatu eta irakurriko nahiko zenukeen lehen titulua?

Nahiago nuke lorik egin gabe irakurriko banu! Ez, ez: irakurri nahiko nuke txapeldunak garela, merezimendu osoz. Egunkarietako azaletan gure argazkia ikustea litzateke politena.

Ikusi gehiago: Kopako finalari buruzko artikulu bilduma.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

<b>Bi garaile.</b> Roglic Itzuliko garaipena ospatzen, eta Gaudu etapakoa, atzo, Arrateko gainean. ©JAIZKI FONTANEDA

Azkarrena, hankaz eta buruz

Eñaut Agirrebengoa

Roglicek irabazi du Itzulia, Arratera bidean lasterketa iraulita. Behar zuen lekuan egon da une oro, Pogacar eta McNulty ez bezala. Indar erakustaldia egin du bukaeran, eta irabazten utzi dio Gauduri

Pacheco Sanceten jaurtiketa urruntzen, atzo San Mamesen. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Joko eskasa Pachecoren derbian

Haritz Gallastegi

Babazorroen atezainaren geldiketek eman diote Alavesi Callejaren aroko lehen puntua. Athleticen, sarri jokatzen ez duten jokalariek ez dute aukera baliatu

Kike Garcia, Sergi Enrich eta Aleix Garcia, etsiak jota, atzoko partidan, Ipuruan. ©JON URBE / FOKU

Puntu premia gorria

Jon Ander De la Hoz

Eibarrek galdu egin du Levanteren kontra, eta azkena da Lehen Mailako sailkapenean. Hamahiru partida daramatza irabazi ezinda

Euskal Selekzioa Lezaman entrenatzen, atzo. ©EUSKADIKO FUTBOL FEDERAZIOA

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.