Oihan Sancet. Athleticeko jokalaria

«Talde ona daukagu, eta goiko postuetan egongo gara»

Indartsu hasi du sasoia Sancetek. Valverdek konfiantza eman dio, eta erdilari nafarrak joko onarekin eta golekin erantzun du. Athleticen oraina eta etorkizuna da. Ardurak hartzeko prest da.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
haritz gallastegi
2022ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Dohain handiko jokalaria da Oihan Sancet (Iruñea, 2000). Baloia eskuin oinera pega-pega eginda aurkariak gainditzeko abilezia eta indarra izateaz gain, gol sena dauka. Jokaldiak erraz amaitzen ditu. Lezaman beti izan dute argi gorengo mailan nabarmentzeko gaitasunak dituela, eta mimoz eraman dute beheko mailetatik gora. Erraz iritsi zen lehen taldera, baina onenen artean lekua daukala erakustea kosta egin zaio. Behin Lehen Mailari neurria hartuta, hasi da aldeak markatzen.

Denboraldi hasiera ona egiten ari da Athletic. Ausart ari zarete jokatzen, eta emaitzak ere onak izan dira. Hori al da bidea?

Oso pozik gaude. Taldearen dinamika oso ona da. Lehen partidatik lehiakorrak izan gara. Bide beretik jarraitzea dugu xede.

Egutegia aproposa izan da. Sei partidetatik lau San Mamesen jokatu dituzue, eta aurkariak ez dira punta-puntakoak izan. Kontuan hartu beharrekoa da?

Badakigu orain arte izan ditugun aurkariak ez direla txapelketako indartsuenak izan. Hala ere, egungo futbolean parekotasun handia dago. Alde txikiak daude talde gehienen artean, eta neurketa guztiei eman behar zaie merezi duten garrantzia. Helburua lortzeko partida asko irabazi behar dira.

Non dago Athleticen langa?

Guk ez dugu langarik jartzen. Ahalik eta sailkapen onena lortzen saiatuko gara. Eguneroko lanari etekina atera gura diogu.

Ernesto Valverderen ideiek ez dute zerikusirik Marcelino Garciak dituenekin. Taldearen jokatzeko era asko aldatu da. Aurrean presio gogorra egin eta erritmo bizian jokatzeak mesede egiten al dizue?

Ez dakit jokamolde aldaketak mesede egin digun edo ez, baina oso gustura gaude entrenatzailearekin: oso teknikari ona da, gertukoa. Asko ari zaigu laguntzen. Jokalariok bat egin dugu harekin. Eroso gaude haren lan egiteko moduarekin.

San Mamesen oso gustuko dute joan-etorriko futbol zuzen eta eroa. Rocka maite dute zaleek. Berotu egiten dira.

Jarraitzaileek partida biziak dituzte gustuko, aukera askokoak. Neurketa biziak direnean, lehenago sartzen dira partidan. Guk argi izan behar dugu zer egin behar dugun, eta neurketa bakoitzerako prestatu duguna zelaian islatzen ahalegindu behar dugu.

Athleticzaleak ilusio handiz daudela dirudi. Zerbait aldatu da denboraldi hasiera honetan.

Bai. Guk ere sumatu dugu. Oso jarraitzaile onak ditugu. Babes handia erakusten digute, eta ez dute asko behar gurekin bat egiteko. Haien laguntzari esker, talde indartsuagoa gara. Poz-pozik gaude haien ekarpenarekin. Ildo horretan, herri harmaila sortu izanak sekulako bultzada eman dio San Mameseko giroari. Taldeari asko ematen dio.

Taldearen itxuraldaketa arlo askotan ikus daiteke, baina batez ere eraginkortasuna hobetu duzue. Golak sartzeko arazoak zituen talde bat asko ari da asmatzen. Zer aldatu da?

Bolada kontua da. Asmatzen ez genuenean ere, taldea gai zela esaten nuen; joa genuela, alegia. Lehen jardunaldi hauetan eraginkortasun handia erakutsi dugu, baina jokalariak aurreko denboraldiko berberak gara.

Beraz, ez duzu kalitate faltarik ikusten Athleticen erasoko jokoan.

Inondik inora. Ez daukat zalantzarik. Azken partidetan erakutsi dugu zer egiteko kapaz garen aurkariaren ate aurrean.

Athleticek bost urte daramatza Europan jokatzeko sailkatu gabe. Iritsi da trena hartzeko ordua?

Gure helburu nagusia Europarako sailkatzea da. Bada ordua. Ilusioz gainezka gaude. Urtero ahalegindu gara onenen artean egoten, baina, azken urteotan ez dugunez lortu, inoiz baino motibazio handiagoa daukagu.

Ez da erraza izango onenen artean burua sartzea. Azken bi denboraldiotan talde berberak sailkatu dira txapelketako zazpi onenen artean. Pauso bat aurretik doazela esan daiteke.

Oso zaila da talde horiei aurrea hartzea. Barruan gaudenok inork baino hobeto dakigu. Maila handiko taldeak dira, eta ez da erraza izango.

Zer postutan ikusten duzu taldea sasoi bukaeran?

Sailkapenaren goiko postuetan. Ez dakit zein postutan, baina aurrean. Talde ona daukagu.

Aurtengoa ezohiko denboraldia izango da. Qatarko Munduko Kopa tarteko, hilabetez etengo da liga. Bitan banatutako txapelketa izango da. Garrantzi handia ematen al diozu etenaldiari?

Ez diogu garrantzi handirik ematen. Zer egin behar dugun argi daukagu. Geldialdia dagoela badakigu, eta iristen den arte ahalik eta puntu gehien pilatzen saiatuko gara. Ez badugu lortzen, etenaldiaren ostean hobetu beharko dugu.

Taldeak oso ondo hasi du denboraldia, eta zu neurri berean ari zara. Arlo pertsonalean ez daukazu kexatzeko arrazoirik. Valverdek konfiantza eman dizu, eta zuk baliatu egin duzu aukera.

Gustura ari naiz. Teknikariaren babesa daukat, eta horrek asko lagundu dit. Aurreko sasoian baino atzerago ari naiz jokatzen, eta egokitzen ari naiz postu berrira. Zenbat eta konfiantza handiagoa izan, futbolariok orduan eta gauza gehiago egiten ditugu.

Laugarren denboraldia hasi berri duzu lehen taldean. Aurreko sasoiaren bigarren zatian urratsa egin zenuen arte, kostatzen ari zitzaizun beheko mailetan erakutsi zenuen guztia azaleratzea. Zer izan da barneratzen zailena?

Erritmora egokitzea kostatu zait gehien. Gauza guztiak beheko mailetan baino askoz azkarrago egin behar dira. Aurkariek ez dizute pentsatzen lagatzen. Arlo horretan jarri dut azpimarra.

Zure talentua ez du inork ezbaian jarri, baina erakutsi duzun arte itxaronaldia luze egin zaio taldearen inguruari. Horrek zure kontrako kritikak ekarri ditu. Asko sufritu duzu?

Une gozoak eta latzak pasatu ditut. Lesioek ere ez didate asko lagundu. Belauneko lesio larri bat izan nuen, eta aurreko sasoian pubiseko arazoak izan nituen. Arazo fisikoak daudenean, ez da erraza ondo aritzea.

Athleticen oso pozik daude zure ekarpenarekin, baina teknikariak esan du askoz gehiago eman zenezakeela. Ez da konformatzen orain arte erakutsi duzunarekin.

Bai, bai [barrez]. Arrazoi duela uste dut. Asko daukat ikasteko, eta ziur naiz lagunduko nauela.

Zertan daukazu hobetu beharra?

Areara sarriago iritsi behar dut. Joan-etorriko jokaldietan ere hobetu egin behar dut. Gauza asko dauzkat ikasteko.

Gol sena daukan erdilari bat zara. Aurreko denboraldian sei gol sartu zenituen. Oraingoan bi sartu dituzu. Zenbat gol sartzeko eskatzen diozu zeure buruari?

Ez dut gustuko kopuru bat jartzea, baina aurreko sasoian sartu nuen gol kopurua hobetu nahi nuke. Zenbat eta gol gehiago sartu, orduan eta mesedegarriagoaniretzat eta taldearentzat.

Iker Muniain, Iñigo Martinez, Ander Herrera, Iñaki Williams... Taldearen zama eramandezaketen futbolari asko ditu Athleticek. Hala ere, zuri ere ardurak hartzea egokituko zaizu pixkanaka-pixkanaka. Prest zaude?

Ni prest nago. Zelaia zapaltzen den mementotik ardurak hartu behar dira. Nik ez daukat arazorik horretarako, eta gainerako taldekideek ere ez lukete izan behar. Zelaian dena ematea eta taldekideei laguntzea betebeharra da. Athleticen jokatzea berez da ardura bat.

Athleticeko harribitxietako bat zara. Urte askoan jarraituko duzu?

Athleticen urte askotan jokatzea espero dut. Nire lekua hemen dago. Oso gustura nago talde zuri-gorrian.

Zein futbolari izan dituzu ispilu?

Gazteagoa nintzenean, Iniesta eta Ronaldinho nituen gustuko. Gertutik erreparatu diet. Futbola oso gustuko dut. Partida asko ikusten ditut.

Eta futbolaz aparte afiziorik badaukazu?

Pilota. Asko jokatutakoa naiz. Kontua da, futbolarekin bateragarria ez zenez, utzi egin behar izan nuela. Egun ere jokatzen dut tarteka. Mendira joatea ere atsegin dut.

Zein izan da zure gustuko pilotaria?

Juan Martinez de Irujo. Hura erretiratu zenetik, Lasori erreparatzen diot. Oso harreman ona daukat harekin; eta Jon Mariezkurrenarekin ere bai.

Ostiralean Almeria izango duzue kontrario San Mamesen. Irabazi beharreko norgehiagoka da, ezta?

Zelairatzen garen bakoitzean, garaipena eskuratzea daukagu xede. Almeria mendean hartzen badugu, egoera onean jarriko gara sailkapenean. Ilusio handia daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.