Sergio Delgado. Nafarroako eskalada selekzioko hautatzailea

«Azken bi urteetan ez dut laguntzarik izan Euskal Federazioaren partetik»

Zigor Egiak zuzentzen duen Euskal Mendizale Federazioarekin izandako tirabira batzuen ondorioz, Delgadok baimen bat eskatzea erabaki zuen otsailean. Handik egun gutxira, Nafarroako selekzioko hautatzaile izendatu zuen bertako federazioak.

IÑIGO URIZ /NFOOKU.
Unai Ugartemendia.
2023ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Hilabete eta erdi oso gogorra pasatu du Sergio Delgadok (Gasteiz, 1997), otsailean hartutako erabakiaren ondorioz. Haserre agertu da azken bi urteetan Euskal Mendi Federazioko zuzendaritzak emandako tratuarekin, eta azken asteetan ez du askorik hitz egin komunikabideetan, baina bere testigantza utzi nahi izan du gertatutakoaz. Aho bizarrik gabe hitz egin du.

Orain dela hilabete inguru, eskaladako euskal selekzioa denboraldi batez uzteko hautua egin zenuen. Nolatan?

Printzipioz, bost urterako baimen edo lan utzialdi bat hartu dut. Baina arrazoi asko daude erabakiaren atzean. Oso zaila da ondo lan egitea ez badigute uzten. Tamalez, erabakia arrazoi horrengatik izan da. Ez da kirolariengatik izan, baizik eta Euskal Mendi Federazioko zuzendaritzan dauden pertsona eta guraso batzuengatik. Oro har, sufritu dudan presioarengatik utzi dut kargua.

Asko hausnartutako erabakia izan da?

Bai, asko-asko hausnartutako erabakia izan da, eta esan dezaket izugarri kostatu zitzaidala hartzea. Denok egiten dugu lan diruagatik, baina nik lan hau ez nuen diruagatik egiten. Kirolariengatik ordu pila bat sartzen nuen lan honetan; baina momentu batean ezinezkoa zitzaidanegoera honetan lanean jarraitzea. Inguruan presio handia sentitzen nuen, federazioarengatik. Ez zen emaitzengatik. Azkeneko bi urteetan errekorrak apurtu ditugu, dominak kontuan hartzen baditugu. Goikoen erabakia izan da ni egoera honetara iristea.

Zuzendaritzakoen proposamen bat zen zuk taldea uztea?

Lanorduak jaitsi nahi zizkidaten, eta soldata ere bai, noski. Hori, hasteko, ilegala da. Erreala ez zen ordu estimazio bat egin zuten, eta, azkenean, bai pertsonalki, baita profesionalki ere, bakoitzak bere buruari eman behar dio balioa. Kirolariek asko baloratzen ninduten, baina Zigor Egia presidenteak, Iñaki Garai kirol zuzendariak eta Mireia Trigueros batzordekideak ez.

Baimena edo lan utzialdia eskatu duzula aipatu duzu, baina horrek atzera bueltarik izango ote du?

Haiek beste ideia bat zeukaten,eta Eskaladako Komitea sortzea erabaki zuten. Niri iritzia ere ez zidaten eskatu komite horretan nor sartu edo nor ez erabakitzeko garaian. Orduan hasi nintzen konturatzen aldaketaren bat bazetorrela. Orain oso goiz da itzuliko ote naizen pentsatzeko.

Euskal Mendi Federazioko zuzendaritza berriak bi urte daramatza karguan. Nolako harremana izan duzue urte hauetan?

Oso zaila izan da. Zigor Egia presidentea, esaterako, inoiz ez da txapelketetan egon gurekin, ez Euskadiko txapelketetan, ezta Espainiakoetan ere. Batzordekidea ere antzeko. Behin, Donostiako The Factory Boulder eskalada gunean teknifikazio saio bat egin genuen, euskal selekzioko hemezortzi eskalatzaileekin, eta ezagutu ere ez zituen egiten, pentsa... Zuzendari teknikoak ere ez dakit zenbateraino dakien bere lana egiten. Nahiko galduta dagoela iruditzen zait, eta, gainera, ez die besteei lana egiten uzten. Argi esan nien denei lan utzialdia kirolariengatik eskatzen nuela; bestela, kalte ordainak ordaindu behar zizkidaten. Irteera azkar bat eman nahi nion egoera honi, eta baimena izan da hartu nezakeen erabakirik onena. Hartutako erabakiarengatik ere haserretu egin ziren, pentsa...

Joserra Alonso presidente zegoela hasi zinen zu federazioan lanean, orduan kirol zuzendari zen Irati Andaren eskutik. Sei urte hauetan gauzak asko aldatu dira Euskal Mendi Federazioan?

Izugarri! Duela sei urte proiektu berri batekin hasi ginen, eta nahiko proiektu polita lortu dugula esan dezakegu. Hauek, ordea, bertan behera utzi dute. Kirolariek oraindik ez dakite zer gertatuko den aurrerantzean: zerproiektu daukaten hauek esku artean, zer espero behar duten… Asko, jada, nahiko haserre daude, eta beste batzuek selekzioa eta federazioa utziko dituzte datorren urtean. Etorkizun laburrean emaitzetan igarriko da.

Zer hutsune ikusi duzu azken bi urteetan?

Laguntzarena! Beti gauzak eskatzen ibili dira; haiek, aldiz, ez dute ezer eman. Ez dut haien laguntzarik izan denbora honetan guztian. Eskatu bai, baina ez bada ematen, oso zaila da gauzak aurrera ateratzea.

Baimenak urte batzuetara itzultzeko aukera ematen du. Horretan pentsatu duzu?

Ez dakit. Agian tontoa izango naizen, edo, agian, erromantiko bat. Baina espero dut presidentea edo zuzendaritza aldatzean, betiere aurreko proiektuak jarraituko balu, berriro ere itzultzea. Horretarako, nik ere gogotsu egon beharko nuke. Ez dakit aukerarik egongo litzatekeen. Ez balego ere, ez litzateke ezer gertatuko. Ez dut atea ixten.

Duela urte eta erdi inguru, euskal selekzioko mendi korrikalariek egin zioten uko selekzioaren elastikoarekin lehiatzeari. Orain, berriz, zure kasua agertu da.

Gauzak ez dira kasualitatez gertatzen. Aipatu duzun bezala, lehenik mendi korrikalariak izan ziren, alpinismokoek ere bere garaian utzi zuten selekzioa... Nire kasua ez da lehenengoa, eta horrela jarraituz gero ez dakit nor geratuko den federazioan. Oraingoz, eskalatzaileek hor jarraitzen dute; baina askok jada uko egingo diote, edo etorkizunean egingo dute. Nire erabakia jakinarazi nienean, askok esan zidaten haien egoera ere asko aldatuko zela.

Eskalatzaileek nola hartu zuten zure erabakia?

Eskalatzaile askok aipatu zidaten ni lekuren batera banindoan nirekin etorriko zirela. Aipatu nien Nafarroako selekziora nindoala, eta askok esan zuten hara joango zirela nirekin batera. Eskalatzaile batzuek jada erabaki dute 2024an euskal selekzioan ez egotea. Nik, halere, esan diet lasai egoteko. Iñaki Arantzamendi hautatzaile berriak ere aukera bat merezi duela iruditzen zait. Berak ez du errurik, baina titulazio bat behar da hautatzaile izateko, eta berak ez dauka titulazio hori. Dena nahiko arraroa izaten ari da.

Zure erabakia ulertu dute eskalatzaileek?

Izugarrizko pena eman die, baina ulertu dute nire erabakia. Azken txapelketan, esaterako, baten bat hasi zen nire hutsunea nabaritzen. Ni jada Nafarroako hautatzaile gisa joan nintzen txapelketara, baina, azkenean, niregana jo zuten euskal selekzioko askok. Ez zen nire lana, baina norbaitek egon behar zuen haiek berotzen, haiek lasaitzen... Eskua eman nien denei. Beti izango dira nire taldea.

Orain erronka berri bat izango duzu, ordea: Nafarroako selekzioarena. Nola helduko diozu horri?

Aurreko hautatzaileak, Jabi Berasaluzek, beste proiektu batzuk zituen buruan. Aldatzeko gogoa zeukan. Horregatik sortu zitzaidan aukera niri. Oso proiektu polita da, eta nafarrak eta gu beti izan gara lehengusu edo anai batzuen modukoak. Denek ezagutzen genuen elkar. Haietako batzuk jada nirekin entrenatzen ziren. Zorionez, ia egunero entrenatzen gara elkarrekin. Denak oso motibatuta gaude. Lan handia dago egiteko aurretik, baina ilusio handia daukat proiektu berri honekin.

Zer-nolako selekzioa aurkitu duzu haiekin lan egin duzun lehen egun hauetan?

Oso selekzio indartsua da fisikoki, baina teknikoki lan handia dute aurretik. Dena den, lehen aipatu dudan bezala, oso motibatuta ikusi ditut, eta horrek izugarri balio du edozein kiroletan. Agian aurten ez, baina ziur nago epe laburrean emaitza onak lortuko ditugula. Aurtengo erronka nagusia izango da ikastea eta garapen egoki bat izatea. Oso selekzio polita daukagu, eta helburuak bete ditzakegula iruditzen zait. Orain arteko bizikidetza aparta izaten ari da, bai lankideekin, baita kirolariekin ere. Horrela lan eginda, dena errazagoa da.

Zure esku utzi dituzte hartu beharreko erabaki nagusiak?

Bai. Esaterako, bigarren entrenatzaile bat edo laguntzaile bat izateko aukera onartu didate, eta, alde horretatik, asko eskertzen diet. Pablo Landaluze madrildarra izango dut ondoan, eta jada hasiak gara proiektu berria garatzen.

Zein izango dira helburu nagusiak epe laburrean?

Denboraldi honetan, behintzat, ikastea izango da. Lehiaketetan nola lehiatu behar duten irakatsi nahi diet lehenbizi, teknikoki nola lehiatu behar duten... Denok batera ikasi behar dugu lehiarako prestatzen, eta hori batera ikastea ere erronka polita da.

Egutegia definituta al daukazue dagoeneko?

Espainiako Kopa guztiak jokatuko ditugu modalitate guztietan, eta eskolarteko txapelketetan ere arituko gara. Diziplina guztietan egin dezakegu lan polita, baina abiadurako modalitateak egiten dit ilusio handia bereziki. Niretzaterronka berri bat izango da abiadurarena. Orain arte ez dut espezifikoki asko landu diziplina hori. Isaac Estevezekin ibili izan nintzen bakarrik, baina aurtengo taldean lau eskalatzaile izango ditut abiaduran. Nirekin izango ditut bai Leire Ruiz de Argandoña, baita Unax Uterga ere. Biak ere Espainiako selekzioarekin lehiatzen ari dira azkenaldi honetan. Mamia dauka Nafarroako selekzioak.

Nafarroako txapelketa ere jokatu zen orain bi asteburu. Zer-nolako harrera izan zuen?

Giro bikaina izan genuen. Blokeko eta zailtasuneko txapelketak jokatu genituen. Blokekoan 100 parte hartzaile izan genituen orotara; zailtasunean, berriz, 70. Ezin gara kexatu izan duen harrerarekin, eta oso txapelketa politak izan genituela esateko moduan gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.