Albistea entzun

Maialen Chourraut. Piraguista

«La Seu nire erosotasun lekua zen, eta aldatu egin nahi nuen hori; lortu dut»

Kataluniatik Euskal Herrira itzultzea erabaki du, «hamabost bat» urteren ondoren. Udatik da Donostian, eta aldaketa horrek entrenatzeko ohiturak ere moldarazi dizkio. Berehala hasiko da berriz ere Tokioko Jokoak prestatzen.
ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Manterola -

2020ko azaroak 17 - Donostia

Hego haize zakarra dabil Donostiako Zuloaga plazan. Eguraldiaren aldagai guztiak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Maialen Chourrautek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983), ur bizietan behera joateko ezinbesteko baitu hori ere. Horregatik, azkar aurkitu du babeslekua: «Goazen horra; horma horren kontra ez du haizeak joko, eta lasai grabatu ahal izango dugu elkarrizketa».

Munduko Kopan bosgarren izan zinen duela bederatzi egun, Pauen (Frantzia), eta ez zinen oso gustura geratu. Zergatik?

Oso gaizki aritu nintzen lehiaketa horretan, hutsegite handiak egin bainituen jaitsiera bakoitzean. Min eman zidan barruan. Emaitza ez zen txarra izan, baina lehiakide asko falta ziren. Zirkuitua gogorra zen, baina nabigazio txarra izan nuen. Ez nintzen konforme geratu neure buruarekin. Hala ere, gaixotu egin nintzen hilabete lehenago, eta gripe indartsuak eraman zidan sasoi puntu osoa.

Aurtengo aurreneko lehiaketa zenuen kasik, eta horrek ere ez zizun asko lagunduko.

Martxoan proba bat egin genuen Pauen, konfinamenduaren aurretik, eta gero, urrian Espainiako selekzioko hautaketan aritu nintzen, niretzat ez baziren ere. Ez gara lehiatu aurten, eta, gainera, Pauekoa egin egingo zela ez genuen jakin azkenera arte. Baina irteeran jartzen naizenean, beti nahi dut lan ona egin, jakinda ere ondo ez nagoela. Kontua da, gainera, udan oso entrenamendu onak egin ditudala, bilakaera ona nuela. Tokiora begira gauza batzuk lantzen ibili nintzen iazko abendutik, eta nahi nuen lehian azaltzea. Baina ez zen nahi nuen guztia azaldu.

Non zaude orain prestakuntzan?

Denboraldia asko luzatu da, irailean amaitzen baitugu normalean, nahiz eta normalean handik astebetera hasi berriz [barrezka]. Konfinamenduan, erabaki genuen 2021eko Tokioko Jokoetara begira egitea lan guztia, eta aste honetan [aurrekoan] atseden astea tokatzen zait, datozen entrenamendu gogorretarako indarrak hartzeko. Gehienbat, barruko indarra, entrenamenduei probetxua ateratzeko eta aurrera ateratzeko. Zazpi-hamar egun lasai hartuko ditut, eta gero plangintza berregingo dugu, Pauen egindako lana oinarri hartuta.

Noiz duzu hurrengo proba?

Egoera honetan, ezin da zehatz jakin. Nazioarteko egutegia jarrita dago, eta maiatzean litzateke Europako Txapelketa. Martxoan, selekzioko hautaketa probak leudeke, Euskadiko Kopa ere egon daiteke... Baina denboraldi-aurre gogorra egitea tokatzen zait orain, beti bezala. Palari gogor heldu, eta entrenamendu gogorrei ekin. Tokio gero eta gertuago dago, lehen urrundu egin bazen ere.

Nola hartu zenuen Jokoak atzeratzearena?

Hasieran talka handia izan zen. Lau urte izaten dira Jokoak prestatzen, eta dena neukan bideratua Tokiorako. Ezetz esan zutenean, «nola ezetz?», pentsatu nuen. Urtebete gehiago eutsiko dio nire gorputzak? Kezkatu egin nintzen.

Pentsamendu horiei buelta eman zenien, hala ere.

Kontuan izan Tokiorako lau urteko prestakuntza oso gogorra izan nuela, eta prestatzeko beste urtebete edukitzea aukera ona izan da niretzat. Lehen urtean, bertigoekin egon nintzen urtebetez; hurrengoan, sekulako katarroa harrapatzeaz gain, saihetsa hautsi nuen, eta osatzeko txerto asko hartu behar izan nituen; lehiatzeko ordua berehala heldu zitzaidan, eta presaka prestatu behar izan nuen. Iazko urtea ondo zihoan, baina aita hil zen martxoan, eta gauzak aurrera doazela ematen duenean tamaina horretako zartako emozionala hartzea oso gogorra egin zitzaidan. Azkenik, aurtengoa denok dakigu zer den, koronabirusaren urtea. Urtebete hau ondo etorriko zait, gauzak bere onera etortzeko eta presaka ez ibiltzeko prestakuntzan, pentsatuz ez naizela helduko.

Prestakuntzan, lehia ala lehiarik gabeko aldi luzea nahiago?

Iaz, martxotik irailera arte, Tokiorako lekua lortzeko lehian ibili nintzen, eta luzea bezain gogorra egin zitzaidan.

Lehiaketa ez da, hala ere, motibagarri prestaketarako?

Behar da, baina luzea egin zitzaidan. Azkenera arte ezin izan nuen jakin lekua izango nuen, eta ez nuen aurtengorako utzi nahi. Hautaketa prozesuek asko erretzen dute, dena horretara begira jartzen dudalako. Ezin, ondorioz, beste gauza batzuk behar bezala landu. Denbora behar izaten da bilakaera edukitzeko, eta ni denborak jan egin nau aurreko lau urte horietan.

Nola zaude buruz eta sasoiz entrenamendu gogorrei ekiteko?

Paueko emaitzak ukituta utzi ninduen hasieran, baina buelta eman diot: horrelakoak berriz ez gertatzeko ondo etorriko zait, hobetzeko, nahiz eta berriz ere gertatzen diren. Informazio asko ematen dute emaitza txarrek, eta, gainera, denbora daukagu hobetzeko. Dena dela, emaitza ona izan balitz, ona izango zen hori ere, konfiantza emango zidan eta.

Tokio gero eta gertuago dago, eta prestakuntza bere-berean joatea helburutzat izango duzu, ezta?

Bai, galdera asko daudelako zintzilik, pandemiagatik: nola antolatu ahal izango gara entrenatzeko? Pauera joan ahal izango gara entrenatzera? Eta beste herrialde batzuetara? Garrantzitsuena da nik neuk landu dezakedana ondo lantzea; adibidez, nekea datorkidanean palada asko ez galtzea. Aldiz, nire esku ez dauden gauzetan indarrik ezin dut galdu. Horretarako, nik nire piraguarekin eta nire palarekin egon behar dut, eta buru-belarri jarri behar dut.

Pandemiak ez zizun eragingo La Seun jarraitu izan bazenu, entrenatzeko inora mugitzen ibili beharrik ez zenuelako izango. Pentsatu duzu horretan?

Ez dut pentsatu itzultzea. Arrazoi batzuengatik etorri nintzen, eta hor segitzen dute. Gainera, nire erosotasun lekua zen horretatik atera nahi nuen, eta lortu dut. Hemen, beste ur batzuk ukitzen ari naiz, eta ona izango da paladak hobetzeko. Zerbait gertatzen den bakoitzean iritziz aldatuko banu, zoratu egingo nintzateke. Oso gustura nago hemen, eta uda honetan, adibidez, pila bat gozatu dut entrenatzen, eta gauza politak egin ditut. Bideoan grabatuak dauzkat, eta, burua sendotu nahi dudanean, joango naiz hemerotekan begiratzera gauza on horiek. Gauza batzuetan hobera egin dut, ez dauzkat automatizatuta, baina bide onean noa.

Zergatik bihurtu zen La Seu zure erosotasun lekua?

Kanal berean entrenatzen nintzen egunero goiz eta arratsalde, eta, gero, beti ez gara leku berberetan lehiatzen. Aldatu egiten da nabigatzeko forma kanaletik kanalera. La Seun eroso nenbilen, baina kanpora lehiatzera joandakoan, ziurtasunik gabe aritzen nintzen, egunerokotik aparte. Udan, kosta egin zitzaidan hasieran Pauen entrenatzea. Bestalde, estimulu berriak sartzen ari naiz: Bidasoa ibaian entrenatzen dut, itsasoan... Aukera oso ona da itsasoa.

Zer ematen dizu?

Barruko faktoreak lantzeko ezin hobea da.

Zein dira barruko faktoreak?

Nik mendera ditzakedan gauzak lantzea: gorputza eta oreka, adibidez. Ur biziak ez dira, baina asko landu daiteke. Palada ez da behin ere berdina, eta itsasoan egokitu egin behar dut uraren mugimendura, kanalean bezala. Olatuen neurriaren arabera ere, aparrak badu antzik kanaletakoenarekin, eta gauza asko landu daitezke olatu artean. Gainera, lan fisikoa ere asko egin daiteke. Oso konpletoa da. Horrez gain, Pauen sekulako kanala daukagu, bertan dago. Pragara eta La Seura ere joan ginen udan, eta Tokion baditugu kontzentrazioak Jokoen kanalean.

Nolakoak dira itsasoko lanak?

Denetarik egiten dut, baina oso urrutira ez naiz joaten, zorabiatu egiten naizelako. Ari naiz ohitzen, baina hasieran, badiatik atera orduko, olatuen errepunparekin, zorabiatu egiten nintzen. Txikitan ere gauza bera gertatzen zitzaidan. Kanpora hiruzpalau serie egiten ditut, eta barrurakoan arnasa hartzeko baliatzen dut. Zurriola hondartza ingurura ere joaten naiz, eta Kontxan ere banabil. Egunaren arabera egiten dut aukera, itsasoa zabala eta egunero ezberdina baita. Oso polita da hori. Lanari beste zerbait ematen dio, ingurua ezberdina da, eta badu puntu magiko bat. Itsasoan serieak egiten ere gozatu egiten dut, besteetan gertatzen ez zaidana.

Piraguan hasi zinen garaiko oroitzapenak berrituko zaizkizu badian ibiltzean, ezta?

Gazte sentitzen naiz, bai [barrezka].

Zertan aldatu zaizu egunerokoa Donostiara etorri zarenetik?

Familia hemen izatea da aldea, eta oso babestuta gaude. La Seun ere berdin geunden, lagunekin eta. Baina gustura hartu dugu etxea. Etxea beti etxe. Azkenean, hamabost bat urte izan dira Katalunian.

Entrenatzeko beste poz bat ematen dizu familia hemen bertan egoteak?

Lasaitasun handia ematen dit; batez ere, alaba zaintzeko orduan. La Seun guk moldatu behar genuen, babestuak eta maitatuak baginen ere. Hemen gu denok zainduko gaituztenak ditugu, eta zaintzen gaituzte.

Herri batetik hiri baterako aldaketa nolakoa ari da izaten?

Herri batean bezala gaude hemen ere. Atletico San Sebastianera joan eta han entrenatzea, adibidez, gozamen hutsa da. Hango giroa bizitzea ederra da. Hain gustura nabil, ia sinetsi ere ez dut egiten.

Etxera itzultzea zer da, piraguismoa utzi aurreko azkeneko pausoa?

Ez dakit noiz utziko dudan. Bizitzak ez du zertan beti egonkorra izan. Gizakiok badugu egokitzeko gaitasuna, eta ikusiko dugu noiz eta nola izango den uztearena. Egia da gero eta urte gehiago ditudala. Ez nago horrekin itsututa, hala ere, eta libre sentitu nahi dut erabakia hartzen dudanerako: ez dut nahi egun bat jarri eta egun horretan uzteko gogorik eduki ez.

Beste olinpiar ziklo bat egiteko prest?

Parisen dira 2024ko Jokoak, eta hiru urteko zikloa izango da, urtebete laburragoa betikoen aldean. Parisen izanda, Tokion prestatzea baino errazagoa da. Tokiora joan behar dugu hilean behin apiriletik aurrera, eta, ordu aldaketarekin, astindua ematen zaio gorputzari. Antolatzeko orduan ere zaila da, COVIDagatik.

Horregatik, Tokiora begira zaudetenon egoera ziurgabea da, eta ez dizue asko laguntzen.

Egunerokoa egin behar dut ondo, garbi izanda zer izan nahi dudan etorkizunean. Batzuetan despistatu egiten naiz, eta, orduan, apunteetan begiratzen dut: han ikusten dut zeri heldu behar diodan arreta ez galtzeko.

Ikuslerik gabeko Jokoak badira, zer?

Hala behar badu, hala izango da. Gizartea gauza gogorragoak ari da bizitzen orain, eta Jokoak jenderik gabe izatea ez da ezer beste arazo horien aldean. Gauzak erlatibizatu egin behar dira.

Zertan da hemen bertan kanal bat egiteko asmoa?

Badago proiektu bat Usurbilen Oria ibaian kanal bat egiteko. Presa bat dago, zentral elektriko bat ere bazen, eta desnibela eginda dago. Leku hori baliatzea litzateke, eta aurrera doa egitasmoa. Gustatuko litzaidake kanal hori ezagutzea lehiatzen segitzen dudan bitartean, utzi baino lehen. Zaila ikusten dut, baina ametsak amets dira. Kanala, gainera, beharrezkoa da atzetik datozen gazte horientzat. Hasi nintzenetik entzun izan dut kanalaren egitasmoa egin behar zela, eta orain ematen du aurrera doala. Asko aprobetxatuko genuke. Piraguista batek ez luke nik hartu nuen erabakia hartu beharko, kanpora joatea proiektu bat aurrera ateratzeko. Gutxienik, aukera izan dezala hautatzeko: hemen geratu edo kanpora joan.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donato Larretxea, entrenatzeko bere tokian ©Ainhoa Larretxea

Herritarren beroa jasoko du

Ainhoa Larretxea - Nafarroako Hitza

Donato Larretxea aizkolariari omenaldia eginen diote gaur Arantzan (Nafarroa), haren sorterrian. 12:00etan herri kirol saio bat eginen dute, eta, gero, herri bazkaria izanen dute frontoian.

Luis Suarez, Uruguaiko aurrelaria, negarrez, Munduko Kopatik kanporatua izan ostean. ©ALBERTO ESTEVEZ / EFE

Oraingoan erre egin da

Ainara Arratibel Gascon

Uruguai kanpoan geratu da, eta Hego Korea sailkatu da H multzoan. Brasil eta Suitza dira G multzoko sailkatuak
Brasilgo jokalariak, multzoen faseko bigarren jardunaldian Suitzari sartutako gola ospatzen. ©ALBERTO ESTEVE / EFE

Zerrenda ez da asko aldatu

Iñaki Berastegi

Munduko Kopa irabazteko hautagai gehienek egin dute aurrera multzoen fasean. Alemania eta Belgika izan dira dezepziorik handienak: ez dira iritsi kanporaketetara.
Dohako Al-Thumama estadioa. Munduko Futbol Txapelketarako eraiki diren zazpi estadioetako bat da. ©EFE

Zuriketa berdearen adibide

Gorka Berasategi Otamendi

Qatarrek ziurtatu du aurtengo Munduko Futbol Txapelketa karbonoan neutroa izango dela, baina, Carbon Market Watchen txosten batek salatu duenez, baieztapen hori okerra eta nahasgarria da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...