Iker Vicente. Aizkolaria

«Azken kolpera heldu arte ez naiz aurkariez fidatzen»

Sherpa.ai txapelketa nagusia irabazi zuen herenegun Vicentek. Lehia estu baten ondotik eskuratu zuen garaipena. Urteko txapelik «garrantzitsuena» jantzita, atseden hartzea eta gorengo koskan segitzea ditu hurrengo asmoak.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Iker Vicentek (Otsagabia, Nafarroa, 1997) Sherpa.ai Txapelketa Nagusiko finala garrasi batean amaitu izanak badu esangura bat. Lana gogotik egin behar izan zuen herenegun Bilbao Arenan, gainontzeko bost aizkolariak mendean hartu eta «urteko txapelik garrantzitsuena» janzteko. Mikel Larrañagari minutu bat eta 19 segundoren aldea atera zion, eta lanean segitzeko hauspoa eman dio horrek.

Herenegun Sherpa.ai aizkolari txapelketa irabazi zenuen. Ospatu al zenuen nahikoa?

Bai. Ezin izan nuen betiko eran ospatu, baina jatetxe batean bazkaldu nuen nire hiru laguntzaileekin. Gaur [atzo] giharrak gogortuta jaiki naiz, baina irabazitakoan hobeto eramaten da hori.

Oihartzun handia izan du zure garaipenak. Zer edo zer handia lortu duzun seinale.

Oso pozik nago. Txapelketak oihartzun dezentekoa izan du; horixe nahi genuen: jendearengana heltzea. Uste dut lortzen ari garela, eta gustura nago.

Mikel Larrañagari minututik gorako aldea aterata lortu zenuen irabaztea. Egindako lanarekin gustura geratu al zinen?

Nahiko gustura geratu naiz. Han, momentuan, hutsegite tekniko batzuez jabetu nintzen, niretzat barkaezinak direnak. Gero, etxean bideoa ikusita, ohartu naiz ez zirela nik uste bezainbestekoak, eta pentsatzen dut hurrengorako zuzenduko ditudala. Bestela, gorputzaldiz gustura egon nintzen.

Zeintzuk izan ziren akats tekniko horiek?

Egurren akaberan justu antzean aritu nintzen. Normalean, nik bukaera ona izaten dut teknikoki: hori da nire indargunea. Besteekin alderatuta, nire gorputza ez da haiena bezain handia, ez dut horrenbeste indar, eta teknika eta erresistentzia dira nire indarguneak. Niretzat, final batean teknikoki huts egitea barkaezina da.

Irabazi eta, halere, arantza hori izateak erakusten al du zeureburuarekiko duzun exijentzia maila nolakoa den?

Betidanik izan dut. Aizkoran aritzea asko gustatzen zait, eta teknika asko zaindu izan dut. Beti izan dut aizkora bat esku artean, eta behin teknika ongi menderatzen dudala, final handi batean akatsa egitea larria da. Asko exijitzen diot neure buruari, teknikoki bereziki.

Kontuak kontu, txapela jantzi zenuen, eta lehen aizkorakadak eman orduko buruan jartzeko lehian izan zinen. Indartsu hastea garrantzitsua izan al zen?

Oso garrantzitsua da hasiera. Larrañagaren moduko aizkolari bati ezin zaio ihes egiten utzi, gero ezingo nuelako harrapatu. Uste dut inportantea izaten dela bizi hastea, baina norbere erritmotik atera gabe. Bestela, betekada hartzen da. Batzuetan zaila izaten da nola hasi jakitea, baina finalean neurria ondo hartu nion, eta ongi hasi nintzen.

Lehendabiziko enborretan Larrañagak, Julen Alberdik eta zeuk ezarri zenuten erritmorik biziena. Zure lana baino gehiago, albokoa ez ihestea da gakoa?

Hori da. Etxean ariko bagina, ez ginateke horren bizi hasiko, eta amaierara indar handiagoarekin helduko ginateke. Plazan, jakina da behin ihes egiten utziz gero oso zaila dela gero heltzea.

Lehen kana-erdikoa minutu bat eta 12 segundoan ebaki zenuen. Ezer gorde gabe aritzea da hori.

Denbora ona da. Gainera, lehen kana-erdikoa plazan zegoen egurrik hoberenetakoa zela uste dut; nik, behintzat, gusturen ebaki nituenetako bat izan zen. Eta, bai; erritmo horretan ebakitzeko nahiko azkar hasi behar da.

Oinbikoetara lehen postuetan heltzeko lehia handia izan zenuten. Taktikoki, gakoetako bat al zen?

Bai, argi dago. Oinbikoetara ondo heldu behar da; gakoak izaten dira txapelketan, eta atzetik sartuta zaila izaten da gero. Aurretik sartuta ere... Ni Larrañagaren pare, edo apur bat aurretik sartu nintzen, eta, halere, lanak izan nituen oinbikoetan, une oro Larrañaga parean nuelako. Oinbikoetara minutu bat atzetik sartuz gero, zaila izaten da.

72 ontzako lau enbor horietan osorik jardun zinen, erritmo aldetik eroso. Zer-nolako garrantzia izan zuen amaieran ?

Oinbikoen egurrak eutsiak ziren, eta hor ikusi zen ondo prestatuta geundela. Mikelek [Larrañaga] ez zuen beherakadarik izan, eta ni ere gustura aritu nintzen, kolpez-eta. Egur horiek exijenteak dira, eta biok asko eman genuen. Agian, Mikelek hori ordaindu egin zuen amaiera aldera, eta nik eustea lortu nuen.

Lehia estua izan zenuen Larrañagarekin. Hala bizitu zenuen?

Aldamenean nuen, eta haren erreferentzia nuen une oro. [Eneko] Otaño ez zegoen urruti, baina ez nuen harenik entzuten, eta bukatu arte ez nintzen jabetu nola ari zen. Larrañaga bai, entzuten nuen, eta hark ere bai ni. Bagenekien parean gindoazela, eta elkarri begiratuz aritu ginen.

Bakarrik aritu zineten gainera, erakusleak urrun baitzeuden eserita. Norbere burua indartzeak zer funtzio du?

Badu, batez ere halako final handietan. Presioa izaten da, denok izaten dugu, eta behin hasita ez dago jostetan ibiltzerik. Atzo 30 minutu egin genituen jo eta ke, eta [finala] ez zen alde batera edo bestera jausten. Hor burugogorra izan behar da, eta segitu. Ez dago besterik.

Zertan asmatu zenuen igandeko finalean?

Aizkorekin asmatu nuen dezente. Gero, erritmoa ere egokia izan zen; bizi atera nintzen, dena emanda, baina pasatu gabe. Horrek eraman ninduen amaierara ondo iristea.

Hain justu, alderik handienak azken lau enborretan atera zenituen, 60 ontzakoetan eta kana-erdikoetan. Iruditzen zaizu Larrañaga gehitxo bete zela oinbikoetan, eta horrek eman zizula amaieran hausteko aukera?

Tira, normala izaten da. Pare-parean joanda hainbeste denbora, hautsi beharra izaten da, eta igandean nire aldera izan zen. Batek daki: agian, Larrañagak enbor hori gogorxeagoa izango zuen, eta hor hautsiko zen. Ez dakit haren hauspoaren kontua zen ala ez; behin horra helduta, edozein detaile txiki nahikoa izaten da hausteko, eta behin aldetxoa lortuta, errazagoa izaten da aldea handitzea.

Bederatzigarren enborrean lortu zenuen abantailarik handiena. Iazko Euskal Herriko txapelketan ere oinbikoetatik ateratzean lotu zenuen txapela. Amaierara hobeto heltzea da gakoa?

Bai, zalantzarik gabe. Lanak hamabi egurrak ebakitzean amaitzen dira, ez oinbikoekin bukatzean, baina argi dago oinbikoetan asko eman behar dela Larrañagaren moduko aizkolari bati eutsi ahal izateko. Zaila izaten da oreka hori kudeatzea; besteari eutsi behar diozu, baina besteak mugara eramaten bazaitu, ez dago zereginik.

Noiz ohartu zinen garaipena eskuratuko zenuela?

Azken bi egurretan-edo izango zen. Azkenengora arte ez naiz fidatzen, ordea: kendu izan didate txapelketa abantaila pixka bat izanda. Azken kolpera arte ez naiz inorekin fidatzen. Ikusten nuen abantaila pixka bat banuela, baina fidatu, sekula ez.

Igandeko finalean zure bihotz maiztasunen mugaren %90ean aritu zinen amaiera aldera, 185 taupadatan, batez beste. Lehiak hala eskatuko balu, gehiago estutzeko moduan al zinateke?

Ez dakit. Bi pultsometro erabili nituen, eta batean gehiago ere eman zidan. Auskalo, baina, nik, behintzat, ez nuen estutzeko gehiago. Bukaeran parean izango bagina, agian aterako nuke esprint txikiren bat, baina bete-betean aritu nintzen amaiera artean.

Sherpa.ai txapelketa nagusiko lehendabiziko irabazlea zara. Garaile zerrenda estreinatzeak zer esanahi du zuretzat?

Niretzat polita da. Gure txapelketa da, horrenbeste ilusiorekin prestatu duguna. Banuen motibazio berezi bat txapelketa honen aurretik, eta izugarri pozik nago lehendabizikoa izan naizelako.

Aizkolariak izan zarete txapelketaren bultzatzaile, eta zuen bide propioari ekin ondotik heldu da. Finalaren ostean egin al duzue baloraziorik?

Aurrerago hitz egitekotan geratu ginen, baina aldageletan-eta esan genituenak kontuan hartuta, ni neu oso-oso pozik geratu naiz, eta baita gehienak ere. Nik uste dut bide honetako etorkizun bat nahi genuela, eta, urte oso zaila izan den arren, esango nuke lortzen ari garela. Horretan saiatzen segituko dugu aurrerantzean ere.

Ikuslerik ez zen izan Bilbao Arenako harmailetan, egoerak hala behartuta, baina ukitu berritzailea eman zenioten finalari, halere. Publikoa egon balitz, iritsi nahi duzuen jendearengana heltzeko final interesgarria izango al litzateke?

Bai. Pena izan zen publikorik ez egotea, baina txapelketak izan zuen parekotasunarekin, izugarria izango zen egongo zen giroa. Aurrerago izan beharko du, baina ni, behintzat, seguru nago saiatuko garela jende gaztearengana heltzen. Sare sozialak erabili ditugu horretarako, gure txapelketaren berri izan dezaten; eta, informazioa egunerokoan eskura baldin badute, errazagoa izango da zaletasun gehiago sortzea.

Sare sozialetako informazio horimodu pedagogiko batean zabaldu duzue; besteak beste, enborren neurriei eta historiari errepasoa eginda. Hori al da etorkizunera begira jorratu beharreko bidea?

Baietz uste dut. Badakigu oso zaila dela hiriko jendearengana iristea. Gero, gaur egun kirol asko daude, eta lehia oso handia da, baina horretan tematuko gara gu. Jendeak izan dezala, gutxienez, ikusteko aukera. Informazio hori izatea nahi dugu.

23 urte dituzu, eta aizkoran gorengo koskan zaude aspaldi. Orain, zer helburu duzu?

Honetantxe segitzea. Hau da betidanik gustatu izan zaidana, aizkora. Niretzat ametsa zen Txapelketa Nagusia irabaztea. Egin dut, baina horrekin ez naiz aseko. Motibazio handia dut, etorkizunerako dagoen konpetentzia ikusita.

Epe motzean, zer?

Orain, atseden hartu Eguberriak igaro arte. Gero, etorkizunean pentsatu beharko dugu;datorren urtea nola datorren, eta nola antolatu dezakegun. Horiek dira epe motzerako ditudan asmoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.