Mikel Crespo. Alaveseko entrenatzailea

«Partidetako momentu erabakigarrietan sendoago egotea falta izan zaigu»

Crespok uste du orain arteko emaitzek ez dutela islatzen zelaian gertatutakoa, eta egindako hutsegite txikiak «garesti» ordaintzen ari direla. Horrez gain, aitortu du erasoan «zehaztasuna falta» izan dutela.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Alavesek ez du nahi bezala hasi denboraldia. Jokatutako hiru partidak galdu ditu. Baina Mikel Crespo entrenatzaileak (Galdakao, Bizkaia, 1991) nabarmendu du taldea «gogotsu» dagoela egoera iraultzeko. Multzoak orain arte izan dituen gabeziak zein diren argi du teknikariak: erregulartasun falta eta huts txikiak egin izana. Real Madrilen aurka neurtuko dituzte indarrak gaur, Madrilen (12:00, DAZN).

Nola dago taldea?

Ondo ikusten dut. Bistakoa da minduta dagoela, sasoia ez baitugu espero genuen moduan hasi,Baina jokalariak gogotsu daude egungo egoera iraultzeko eta beren indarguneak maizago erakusteko zelaian. Orain arte, erregulartasuna falta izan zaigu. Horrek eragotzi egin digu punturen bat ateratzea.

Datuei erreparatuta, gol bat duzue alde, eta zazpi kontra. Zertan hobetu behar du taldeak?

Erasoan eta defentsan hobetu behar dugu. Baina litekeena da datuak behar baino engainagarriagoak izatea: Vila-realen aurkako norgehiagokan, adibidez, lau gol sartu zizkiguten, eta uste dut emaitzak ez duela islatzen neurketan gertatutakoa.

Zergatik ez?

Partida bakoitzean zenbait une erabakigarri daude, eta momentu horietan sendotasuna falta izan zaigu. Vila-realen aurkako partidan, haiek gola sartu baino bost minutu lehenago, bi aukera izan genituen. Baina baloia zutoinera eta langara joan zen. Ate aurrean zehaztasuna falta zaigu. Jokaldi horietan asmatu bagenu, partida oso bestelakoa izango zen.

Atletico Madrilen aurka partida amaitzear zela egindako huts batengatik galdu zenuten. Ez al zarete garestiegi ordaintzen ari hutsegite horiek?

Egiten dugun huts bakoitza, txikia bada ere, oso garesti ordaintzen dugu. Jokaldi horietan adiago egon behar dugu; bai aurkarien indarguneei ondo erantzuteko, bai aurkariek egindako hutsak baliatzeko.

Iaz ederki hasi zenuten sasoia. Denboraldi honetan, ordea, kontrakoa geratu da. Kezka duzu hasiera txarra egiten ari zaretelako?

Iragan sasoian, lehen hiru neurketak irabazi genituenean, esaten ziguten helburua Txapeldunen Ligarako sailkatzea zela; denboraldi honetan, hirurak galtzeagatik ez dut uste mailaz jaisteko gaudenik, ezta partida guztiak galduko ditugunik ere. Zuhurrak izan behar dugu, eta autokritika egin. Hiru neurketa galdu ditugu zerbait ez dugulako ondo egin, eta arazoak identifikatu behar ditugu, horiei konponbidea bilatzeko.

Zertan ari da ondo taldea?

Zazpi gol sartu dizkiguten arren, defentsako lanean ondo ikusi dut taldea. Bestela, ez litzateke gai Atletico Madrilen aurka defentsan egin zuen partida egiteko. Zelaian une onak izan ditugu, baina nahiko genituzkeenak baino gutxiago. Ez dira nahikoa izan puntuak lortzeko. Atzetik goazen momentuetan hobetu behar dugu.

Taldeak tantaka-tantaka sortu ditu gol aukerak. Zer aldatu behar duzue hori hobetzeko?

Gutxirekin erasoan min handia egiten dizutenean, eta partida erabakitzen duen huts bat egiten duzunean, baloiarekin beldurra sartzen zaizu, eta arrisku gutxiago hartzen dituzu. Alde horretatik, nahiz eta arrisku gutxiago hartu, gehiago kostatzen zaizu aurkariaren area ertzera ailegatzea. Baloiaren jabetza dugunean, bizitasunez jokatu behar dugu. Jakin eta ulertu behar dugu partidaren unearen arabera zer egin; noiz interesatzen zaigun azkar jokatzea, eta noiz baloiaren jabetza izatea.

Gaur Real Madrilen aurka neurtuko dituzue indarrak. Nola prestatu duzue partida?

Partida zaila izango dela badakigu, baina iragan denboraldian gu izan ginen haien aurka puntu bat eskuratu zuten taldeetako bat.

Nola geldiarazi daitezke haien erasoaldiak?

Batez ere, laguntza handiarekin. Esther, Zornoza, Weir, Athenea... kalitate oneko jokalariak dira, eta min handia egin diezagukete erasoan.

Horrelako aurkarien kontra, ezinbestekoa da ate aurrean dituzuen aukerak aprobetxatzea. Kontuan hartuta gol bakarra sartu duzuela, nola entrenatzen da hori?

Uste dut zerbait mentala dela. Igandean [gaur] gertatuko diren tankerako egoerak prestatzen ahalegintzen zara, baina entrenamenduetan ez dago zelaia jendez beteta. Partidako hiruzpalau aukera izango ditu gure taldeak, eta gol aukera bakoitzari etekin handia atera behar diogu. Real Madrilen aurka gutxienez bi gol sartu beharko ditugu partida irabazi nahi badugu.

Geratzen zaizkizuen aurkariak kontuan izanik—Athleticen, Realaren eta Bartzelonaren aurka jokatu behar dute—, zuloan geratzeko beldurra duzue?

Jakina ezetz. Puntu guztiek berdin balio dute, aurkaria edozein dela ere. Kontua ez da soilik gure mailakoak diren hiru edo lau aurkari zuzenei irabaztea, baizik eta puntuak ateratzea, eta 26-27 puntuko helburu horretara iristea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.