Jesus Ezkurdia. Euskadi Fundazioko lehendakariordea

«Euskal gizarteak eta enpresek nahi duten tokian dago gure sabaia»

«Lasai» dago Jesus Ezkurdia, Euskaltel-Euskadik ekonomikoki sendo segitzen baitu. Babesleek egindako «ahalegina» eskertu du: «Ez digute inolako presiorik egin». Kirol esparruan, berriz, aitortu du «izugarria» izan dela Itzulirik gabe gelditzea.

EUSKADI FUNDAZIOA.
enaut agirrebengoa
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Mikel Landarekin hiru orduko bilera izan berri du Jesus Ezkurdiak (Gasteiz, Araba, 1970). Hala ere, ez du telefonoa eskegitzeko presarik: luze eta zabal mintzatu da Euskaltel-Euskadiren orainaz eta etorkizunaz. Garbi dauka proiektu «berezia» eta «bakarra» dela. «Gizarte baten eta enpresa batzuen proiektua da hau, eta puntan txirrindularitza ageri da. Hau da, ziklismo taldea egitasmoak kanpotik hartutako forma da».

Nola ari zarete pasatzen koronabirusaren krisia Euskaltel-Euskadin?

Oro har, euskal gizarteak bezala. Instituzio moduan baino gehiago, pertsona bezala bizi izan dugu. Gizartearen parte gara, eta garbi dago egoera latza izan dela. Bere txarrean, guk geuk ez dugu momentu zailik eduki. Fundazioko inork ez du osasun arazorik izan, eta horrek lasaitasun handia ematen dizu halako egoera batean. Eta alor ekonomikoan, ez dugu aldi baterako enplegu erregulaziorik edo antzeko neurririk hartu behar izan. Proiektu honen parte diren enpresek ahalegina egin dute, eta ez digute inolako presiorik egin. Oso babestuta sentitu gara. Hori horrela, gehiago zentratu gara alde pertsonalean profesionalean baino.

Kirol esparruan, berriz, Euskal Herriko Itzulirik gabe gelditu zarete, eta ez duzue Espainiako Vueltarako gonbidapenik jaso. Desitxuratu egin al zaizue egutegia?

Itzuliarena izugarria izan da guretzat. Talde hau Euskal Herria kohesionatzeko tresna bat da, eta Itzulia da gure elkargunea. Babestuak eta maitatuak sentitzen garen tokia da; gure etxea da. Hori horrela, shocka izan da guretzat aurtengoa bertan behera gelditu izana; areago, erabaki horren atzean dagoena gizarte alorreko krisi bat izanik. Denak oso polita zirudien: Euskaltelen maillotak Euskal Herriko errepideetara itzuli behar zuen. Urte hauetan jasotako babesa eskertzeko unea zen. Kolpe gogorra izan da ametsetik esnatzea. Horren ostean, egutegiko gainontzeko hutsuneek garrantzia galtzen dute. Itzulia kirola baino askoz gehiago zen guretzat; Itzulitik harago dagoena, berriz, kirola baino ez da.

Vueltak ere osagai berezia izan zezakeen zuentzat, lehen etapa Irun eta Arrate artean jokatuko baita.

Gu bezain penatuta egongo dira zaleak, baita zuek ere, kazetariak. Adibidez, zuri eta niri asko gustatuko zaigu Pogacar, baina Ibarrako izebak ez du egunkaria erosiko Pogacarri buruz irakurtzeko. Ordea, etxeko txirrindulariak badaude, gauzak aldatu egiten dira. Fundazioa ez da talde huts bat, eta euskal gizarteak nahi duen tokiraino iritsiko da. Zaleen, kazetarien eta babesleen esku dago hori. Orduan, bai, pena eman dit Vueltarik gabe gelditzeak, baina jendearengatik batez ere. Finean, guretzat ez da sorpresa izan, bagenekien-eta oso zaila izango zela gonbidapena jasotzea. Proiektu honek gutxienez beste hiruzpalau urterako bermea dauka, ez dugu presarik. Baina euskal zaleak bazuen gose hori, eta oraingoz ezingo du ase.

World Tourretik harago hainbat proba jokatuko dira, tartean Ordiziako Klasikoa eta Getxoko Zirkuitua. Horiei heldu beharko diezue ezinbestean, ezta?

Egokitu egin beharko dugu, arauak aintzat harturik. Gauzak ez daude oso garbi. UCIk egutegi bat proposatu du, baina ez ditu kontuan hartuosasun alorreko baimenak. Euskal Herrian, adibidez, ez dakigu zer baldintza egongo diren hemengo probak jokatzeko. Ez dakigu zer irizpide ezarriko dituzten. Hartu beharreko neurriak oso zorrotzak badira, probak antolatzea ez da bideragarria izango. Gu ahal dugun lasterketa guztietan lehiatuko gara; ilusioz, eta presiorik gabe.

Aldartez zer moduz daude txirrindulariak eta talde teknikoa? Motibazioa galdu al dute egoera honen ondorioz?

Ez. Sekulako zortea dugu, oso jende ona eta zintzoa dugulako taldean. Guk hasieratik helarazi diegu babesa, eta espektatiba faltsurik ez egiteko gomendatu diegu. Txirrindularien erantzuna itzela izan da, guk eskatu baino hobea. Erabateko prestasuna izan dute lanean jarraitzeko, eta oso jarrera baikorra erakutsi dute. Egia da egutegiaren inguruko ziurgabetasunak zaildu egiten duela txirrindulari profesionalaren bizimodua. Baina, era berean, hemendik gutxira gertu ikusiko dugu datorren denboraldia, eta ikuspuntua aldatu egingo da. Iaz, adibidez, abuztuan amaitu genuen sasoia, eta inork ez zuen galdu motibazioa.

Garai hauetan, garrantzi handia hartu du bulegoetako lanak. Alde horretatik, zuek eginak dituzue etxeko lanak, enpresen sare trinkoa sortu baituzue zuen inguruan, besteak beste Etxeondo, Orbea, Laboral Kutxa eta, noski, Euskaltelekin. Zein izan da sarea ehuntzeko gakoa?

Proiektu hau berezia da. Ez duzu babesleen atzetik ibili behar; izan ere, proiektu honek aurrera egitea nahi duten hainbat enpresa ditugu inguruan. Azkenean, Euskadi Fundazioa enpresa horien tresna edo bitartekoa da. Mikel Landak iman lana egin du, ideia erromantiko batetik abiatuta. Hasieratik lortu nahi izan duena zera da, proiektu hau Orbearena, Irizarrena, Etxeondorena, Laboral Kutxarena, Euskaltelena-eta izatea. Hortaz, enpresa horiek ez dira babesleak. Eskema klasikoa da: ni talde honen jabea naiz, etababes bila noa enpresa horietara. Hemen, ordea, bestela gertatzen da; enpresena eta bazkideena da proiektua. Hori helaraztea izan da zailena, baina orain denek barneraturik daukate. Denak sentitzen dira egitasmo honen parte. Eta horrek handitu egiten du erakarmena.

Hori da, beraz, zuen eta babesleak lortu ezinik ito diren beste talde batzuen arteko aldea?

Hala da, argi eta garbi. Gu ez gara talde profesional bat. Ez gara txirrindularitza talde bat. Hau entzutea arraroa izan daiteke, baina hala da. Gizarte baten eta enpresa batzuen proiektua da hau, eta puntan txirrindularitza ageri da. Nolabait esatearren, egitasmoak kanpotik hartutako forma da. Baina ezin daiteke txirrindularitza talde bat bezala kudeatu. Mikel ez da enpresa batean sartu ergelarena egitera; hau beste zerbait delako sartu da hemen. Txirrindularitza talde asko dago, baina gure proiektua bakarra da.

Euskaltelen babesa lortu izana mugarria izan da zuentzat. Aurrera begira, zer norabide hartu nahi duzue?

Hainbat mugarri egon dira urte hauetako ibilbidean. Lehenik, Mikelek emandako pausoa dago. Gero, Etxeondok eta Orbeak emandakoa. Laboral Kutxaren apustua ere oso garrantzitsua izan da, harrobiari begira. Eta orain, Euskaltel batu zaigu. Oso zaila da ziklismotik zalaparta artean irten zen enpresa bat berriz ere txirrindularitzara erakartzea. Euskaltelek pentsa zezakeen ezer gutxi zeukala irabazteko, baina konbentzitu egin dugu azkenean, lehen aipatutako argudioak erabilita. Haren babesak bide eman die urrats berriei. Guk afizionatuetako talde bat hartu genuen, eta orain ProTeam mailan gaude. Non dago sabaia? Enpresek eta gizarteak nahi duten tokian. Kirol mailan, lehen urratsa Itzulian egotea zen, eta hurrengoa, Vueltan lehiatzea. Datorren urtean bi pauso horiek eman nahiko genituzke. Hala, taldea indartzeko aukera izango genuke.

Euskaltelekin 2023ra arteko hitzarmena sinatu zenuten. Hain justu, Frantziako Tourra Bilbon has liteke urte horretan. Kasualitatea al da?

Nik inoiz ez dut Tourraz hitz egiten. Urruti gelditzen zaigu oraindik. Hori bai, ez litzateke gurea izan beharko lasterketarik onenean berriz ere maillot laranja ikustearen ametsa, euskal gizarte osoarena baizik. Posible izango den ala ez? Batek daki. Gizarteak hala eskatzen badu, gu hor egongo gara. Baina ez badu nahi, porrota izango litzateke Tourrera joatea. Mikelek ez du Tourrera Fundazioarekin joateko apeta. Bera badoa Tourrera. Behar dena da gizarteak nahi izatea proiektu hau Tourraren erakustokian egotea. Tourrak nahi du euskal gizartea bertan ordezkatuta egotea, zuzendariak [Christian Prudhommek] berak esan izan duenez. Gizarteak ere hori nahi balu, gu, noski, oso harro egongo ginateke horretarako bitartekoa izateaz.

Eta instituzio publikoek zer funtzio izan beharko lukete?

Guri hasieratik esan ziguten txirrindularitza profesionala ez zutela diruz babestuko. Horiek dira joko arauak, eta onartu egiten ditugu. Sekula ez digute gezurrik esan edo iruzurrik egin, eta guk ez diegu sekula ezer eskatu, beste proiektu batzuetan ez bezala. Azkenean, instituzioek ere jendeak nahi duena egingo dute. Instituzioez esan dezakegun onena da gauzak oso garbi utzi dizkigutela. Adeitasunezko harremana dugu. Ez dugu sosik jasotzen, ezta eskatzen ere.

Euskaltelen aurreko aroa 2013an bukatu zen. Zazpi urteko etenaren ostean, marea laranjak ez ote du kolorea galdu?

Ez dut hala uste. Alde batetik, hor dago enpresek egin duten apustua. Bestalde, egun ia 1.500 bazkide ditugu, azken urteetan ikusgarritasun oso txikia izan dugun arren. Gainera, jendearen zaletasunak bere horretan jarraitzen du. Azken urteetan faltatu izan dena izebergaren punta da. Horregatik zen Itzulia horren garrantzitsua guretzat. Ez dakit berriz ere Tourmalet kamiseta laranjaz josita ikusiko dugun, baina garbi dago maila handiko ziklistak eta pasio handiko zaleak izaten jarraituko dugula.

Euskal selekzioaren itxura izan zuen garai bateko Euskaltelek. Orain, ordea, ziklista euskaldun onenak munduko talderik onenetan daude. Zaila izango da noizbait denak etxean elkartzea?

Kirol esparruan, gure nahia Euskal Herriko ziklistarik onenak edukitzea da. Baina, gaur-gaurkoz, ez dugu mailarik amets hori egia bihurtzeko. Polita litzateke hemengo ziklista onenek berriz ere beren mailako talde bat izatea etxean. Baina langa asko igo beharko genuke horretarako. Oraingoz, pazientzia izan behar dugu. Eta ez bagara kapazak, ez da ezer gertatzen. Hemengo izarrak berdin-berdin babesten jarraituko dugu.

Horietako bat Mikel Landa bera da. Punta-puntan dabil errepidean, eta bulegoetan ere ez da gaizki moldatzen ari, ezta?

Balio handia eman behar zaio Mikelek egiten duenari. Egun hauetan, adibidez, goizean goiz jaiki, eta fundazioaren kontu ekonomikoez hitz egiten aritu da nirekin. Kirolaz haragoko ahalegin hau egitea erabaki du, garai batean jaso zuen aukeragatik eskertuta dagoelako, eta sinesten duelako hau denontzat dela ona. Oso erraza izango litzateke hedabideen aurrean lau hitz esan, eta errepideko jardunean zentratzea, baina berak ekintzari heldu dio. Hala, Mikelen engaiamendua oso garrantzitsua izan da atxikimendu berriak lortzeko orduan.

Zu bidelagun izan zaitu hasiera-hasieratik. Erraz konbentzitu zintuen?

Nik ez dut inongo meriturik. Mikelen laguna eta ordezkaria naiz, eta 2017ko Tourreko azken erlojupekoan hartu nuen erabakia. Podiuma segundo bakar batengatik galdu berritan, hauxe galdetu zidan: «Zer, hitz egin duzu fundaziokoekin?». Orduan ikusi nuen ez zegoela atzera-bueltarik. Ezin dezakezu sinetsi zenbat diru galdu zuen Mikelek egun hartan, kirol arrakastarekin batera, noski. Eta, hala ere, bera fundazioaren kontuagatik zegoen arduratuta. Hortik aurrera, negoziazio guztiak bideratu nituen. Negoziaziorik zailena Orbearekin eta Etxeondorekin izan nuen. Zertara gentozen ulertarazi behar genien, eta hasieran ez da erraza. Babesak lortu ahala, dena erraztu egin da. Zailena erabakia hartzea zen, eta hori Mikelek egin zuen. Nik haren aginduak betetzen ditut.

Krisi honek zer-nolako eragina izango du zuen proiektuan?

Erritmoa motelduko digu, hori garbi dago. Aurten erakusleihoan egon behar genuen, eta, hala, lehen urratsak egin behar geituen euskal zaleen arreta erakarri eta erreferentzia bihurtzeko. Hala suertatu da. Bestalde, ekonomikoki dena gelditu egin da, eta hori ona da guretzat. Izan ere, murriztu egin da talderik onenekin geneukan aldea: jaitsi egin da haien aurrekontua, eta guk eutsi egin diogu gureari. Pena handiena zaleekin ezin egoteak ematen digu. 10.000 kamiseta genituen prest zaleen artean banatzeko, baina tira: banatuko ditugu beste noizbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.