Mendia

Kirolari osoa izatearen balioa

Txikitatik lotura handia izan du mendiarekin Axier Alonsok. Ia behartuta zegoen horretara, Aloña mendiaren magalean bizi baita. Azken hamarkadan mendiko hainbat kiroletan ibilitakoa da; oso maila onean, gainera. Pasioz ibili zen eskaladan eta mendiko lasterketetan, eta gaur egun ere, pasioz dihardu mendiko eskiko euskal selekzioan. Arrastoa uzten duten horietakoa da.

Axier Alonso, eskiekin, duela egun batzuk Arrasaten. Asteburuan has daiteke lehian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Kiroleko lehen urratsak baloiari ostikoka egin zituen Axier Alonsok (Oñati, Gipuzkoa, 1988), 1980ko hamarkadan jaiotako mutiko gehienek bezala. Urte asko egin zituen herriko Aloña Mendi futbol taldean. Gazteen mailara arte aritu zen kirol horretan. «Gelako lagunak osozaleak ziren, eta uste dut nik ere horregatik pasatu nituela hainbeste urte futbolean», argitu du Alonsok. Urtero Gipuzkoako Futbol Federazioak Ezkarain (Espainia) antolatzen zituen udako kanpaleku batzuetan ere parte hartutakoa da. Gogoan du oraindik ere, urte batean, Zuhaitz Gurrutxaga eta Joseba Llorente Realeko jokalariek egin zieten bisita.

Baina, baloiarekin aparteko trebetasunik ez zuela ikusita, mendiari lotutako kirolei heldu zien. Mendiko bizikleta eta korrika aritzea izan zituen denbora-pasa handik aurrera. Eta gurasoek mendirako zuten zaletasuna izan zen Alonsorentzat ere mendira kateatzeko aitzakia. Haiekin joan zen lehenbizikoz Alpeetara, adibidez. Baina lehen urratsak etxean laguntzaile aritzen zen emakumearen senarrarekin eman zituen. «Oso mendizalea zen, eta larunbatero harekin mendira joaten hasi nintzen. Asko zor diet haiei», kontatu du esker onez, garai haiek gogoratuz. Gaur egun oraindik ere harreman estua dauka haiekin, eta haien semeak ere «anaiak balira bezala» miresten ditu. Oraindik ere, astero egiten die bisita.

Mendian ibiltzearekin batera, eskaladan ere aritu zen urte askoan. Udan antolatzen ziren jardueretako bat izaten zen herrian eskalada, eta horren aitzakian hasi zen. Urtero ematen zuen izena Alonsok. «Gaur egun, urte osoan aritu zaitezke, baina orduan uda sasoiko jarduera izaten zen». Maila igotzearekin batera, eskaladarekin «obsesionatuta» ibili zen denbora batean. «Prestatzaile batekin hasi nintzen. 7c+ zailtasuna egitea ere lortu nuen, eta beste bi urtez mailaz igotzen saiatu nintzen, baina ez nuen lortu».

Halere, oso oroitzapen onak ditu urte haietaz, eta eskaladaren aitzakian Fontainebleaura (Frantzia), Albarracinera eta Riglosera (Espainia) egiten zituen bidaia haiek ez ditu ahazteko. Oraindik ere noizean behin eskalatzera joaten den arren, etengabe aritzea eskatzen duen kirol bat dela dio. «Korrika egitea esker txarreko kirola bada, eskalada zer esanik ez! Egunero-egunero ibili behar da: oso kirol exijentea da».

Mendi lasterketetara jauzia

Eskaladan izandako zapore gazi-gozoei agur esateko, mendi lasterketetan egin zituen hurrengo urteak. Herrian urtero jokatzen zen Aloñako igoera, eta hastea erabaki zuen. Sona handiko lasterketa da Aloñakoa. Baina ez lasterketa bakarrik, Oñatik beti izan baititu mendi korrikalari bikainak: Asier Urdanpilleta, Joxe Mendiola, Letamendi anaiak... Baina ez zen herrikoa izan parte hartu zuen lehen lasterketa, Zarautzen (Gipuzkoa) jokatzen zen Pagoetako igoera baizik.

Lasterketak jokatu ahala, maila hobetuz joan zen Alonso, eta lehen garaipenak ere iritsi ziren. Eta garaipenekin batera, euskal selekzioan aritzeko gonbita. «Iban Letamendirekin entrenatzen ari nintzen batean, aipatu zidan nire izena hurrengo denboraldiko zerrendan zegoela. Aukerak banituela aitortu zidan». Handik gutxira, Iñaki Uribe-Etxebarria selekzioko hautatzailearen deia jaso zuen. 2017an korritu zuen estreinako lasterketa euskal selekzioarekin. Malagan (Espainia) izan zen, Cara los Tajos lasterketan.

Hiru urte egin zituen euskal selekzioan, eta Espainiako Kopak eta Munduko Kopako probaren bat jokatzeko aukera izan zuen. Urte oparoak izan ziren Alonsorentzat euskal selekzioan igarotakoak, eta, nahiz eta beste batzuen emaitzarik ez lortu, ez du berehalakoan ahaztuko orduko giroa. «Orain dela gutxi Aritz Egeari irakurri nion elkarrizketa batean haiena izan zela inoizko belaunaldirik onena, eta nik ere berdin pentsatzen dut. Hori ezin da ukatu. Baina uste dut gu ere maila onean aritu ginela». Elastiko urdinarekin jokatutako lasterketa guztietatik, Vielhako (Aran Ibarra, Herrialde Katalanak) Trail Molieres 3010 dauka bereziki gogoan. «Irten naizen bi ekitaldietan, irabazteko zorian egon naiz, eta azkenean hirugarren amaitu dut bietan. Arantza ateratzera joan behar dut urteren batean».

Maila ona ematen zuen arren, denboraldi batez bi kirolak uztartzea tokatu zitzaion. Hilabete batean, lehenik Espainiako Kopako proba bat jokatu zuen Malagan. Eta handik gutxira, lau egunetako mendi eskiko Pierra Menta proba jokatzera joan zen Frantziara, eta handik egun gutxira berriro ere mendi lasterketa bat jokatzera joan behar izan zuen.

Ezin horrela jarraitu

Mugarri bat izan zen hilabete hura Alonsoren ibilbidean. Horrela ezin zuela jarraitu erabaki zuen. Denboraldia amaitu zuenean, mendi lasterketetako selekzioa utzi zuen. «Oso zaila egiten zitzaidan bi asteren buruan bi kiroletan lehiatzea. Euskal selekzioan behar dena emateko, maila erakutsi behar da. Askotan, ordea, gozatu beharrean, sufritzea tokatu zitzaidan. Ez nuen neure burua engainatu nahi, eta are gutxiago beste inor». Fideltasuna zutarri izan du bere kirol ibilbidean, eta beti jokatu izan du zintzo ingurukoekin.

Euskal selekzioko mendi lasterketetan ibiltzearekin batera, negua mendiko eskian entrenatzeko baliatzen zuen azken urteetan. Urteak zeramatzan mendiko eskian, eta eskiatzera joaten zen ahal zuen aldiro. Denbora pasatzeko baliatzen zuen kirola zaletasun bilakatu zen denbora gutxian. Hastapenak besterik ez ziren haiek. Ordea, herriko lagunekin irteerak egiten hasi zen, eta gutxinaka materiala erabiltzen hasi zen. Batera etorri ziren gauzak, eta segida izan zuten.

Zaletasun horren «errudunetako bat» nor den azaldu nahi izan du: «Herrian eskiatzaile asko daude. Haietako bat, Aitor Otxoa, laguna da. Euskal Herrian oso eskiatzaile ezaguna da. Pierra Mentaren historian ekitaldi gehienetan ibilitako eskiatzailea da». Otxoa bera izan zuen bikotekide mendi eskiko lehen proban. Altitoy lasterketan izan zen. Otxoaren bikote izan behar zuen eskiatzaileak min hartu zuen proba jokatu baino hiru egun lehenago, eta handik etorri zitzaion gonbita. «Ez nuen zalantzarik egin! Izugarrizko ekitaldia izan zen hura. Eguraldi bikaina izan genuen, eta lehen egunean bikain aritu ginen. Uste dut lehen hamarretan sailkatu ginela. Bigarren egunean, aldiz, hustuta amaitu nuen. Izugarri sufritu nuen! Bezperan egindako esfortzua ondo ordaindu nuen!».

Txakalaldi hark, ordea, ez zuen albo kalterik utzi Alonsorengan. Bere kirol ibilbide gehienean bezala, ahaleginean eta esfortzuan oinarritu zuen etorkizuna mendiko eskian ere. Eta saiatzearen ordaina laster jaso zuen. Mendi lasterketetan gertatu bezala, mendiko eskian ere emaitza txukunak lortzen hasi zen.

Eski gaineko garaipenak

Lehen garaipenak 2019ko otsailean lortu zituen. Orduan, oraindik ere ez zegoen mendiko eskiko euskal selekzioan, baina Izaban (Nafarroa) jokatutako Euskal Herriko bi diziplinetako txapelak eskuratu zituen; banakakoa eta krono igoerakoa. Handik egun gutxira, Igor Alzelai euskal selekzioko hautatzailearen deia jaso zuen. Iazko denboraldia estreinakoa izan zuen arren, gustura aritu zen lehian. Denboraldi bikaina osatu zuen berriro ere, eta Panticosan (Aragoi, Espainia) jokatutako Euskal Herriko Txapelketan, Iñigo Martinez de Albornoz izan zuen aurretik bakarrik. Irabaztea bezala izan zela nabarmendu du: «Martinez de Albornoz munduko onenekin lehian ibiltzeko moduan dago. Izugarrizko kalitatea dauka. Etorkizun oparoa aurreikusten diot».

2020ko denboraldiaren azken lasterketak bertan behera gelditu ziren Alonsorentzat, eta ezin izan zuen berak hain gogoko duen Pierra Mentan lehiatu, besteak beste. Denboraldi honetan, aldiz, ilusio handia du. Nahiz eta ekainean izandako lesio batengatik bi aldiz egin behar izan dioten ebakuntza kalkaneoan, berriro ere lehian hasteko irrikaz dago. COVID-19ak modua ematen badu, asteburuan Sierra Nevadan (Espainia) izango da berriro ere, euskal selekzioaren barruan lehian.

Ia entrenamendurik egin gabe joango den arren, azken hiletan gurpil gaineko eskian egindako entrenamenduen oinarriarekin joango da. «Ordu asko sartu ditut gurpil gaineko eskian, eta gogotsu nago, baina ikusi beharko dugu zer baldintzatan lehiatzen garen. Dena kinka larrian dago».

Alonsok azaldu duenez, badirudi agintariek Espainiako Kopa jokatzearen aldeko apustua egin nahi dutela, eta onenen artean egoteko saiakera egin nahi du Alonsok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.