Unai Ugartemendia.
Irati Idiakez. Snowboarderra

«Kontrola galduta joan arren, aurrera egiteko gaitasuna izaten dut beti»

2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Finlandiatik itzuli berritan, Vaqueira-Bereten (Lleida, Herrialde Katalanak) dago Irati Idiakez (Getaria, Gipuzkoa, 1996). Hantxe du bizitokia denboraldi osoan. Beste kirol askoren antzera, elur gaineko kirolak ere bete-betean harrapatu ditu koronabirusak. Halere, borrokatzen ohituta dago Idiakez.

Nor da Irati Idiakez?

24 urteko Getariako gazte bat, hasteko [barrezka]. Pertsona alaitzat eta positibotzat daukat neure burua, baina burugogorra ere banaiz, bai onerako, baita txarrerako ere. Orokorrean, neska lasaia naizela esango nuke.

Azkenaldian oso ezagun egin zara snowboardeko oholaren gainean lortutako garaipenengatik.

Bai. Pyhan [Finlandia] lortutako garaipenek oihartzuna izan dutelako izango da. Munduko Kopako estreinaldia zen, eta garaipena lortzeko aukera izan nuen. Denboraldia hastean ez genekien lehiatzeko aukera izango genuenik ere. Berez, abenduan jokatzekoa zen Finlandiako proba hori, baina lehenik urtarrilera atzeratu zuten, eta ondoren otsailera. Oso arraro doa denboraldia COVID-19ak eraginda, eta badirudi ez dugula beste ezer jokatuko. Espainiako Txapelketak jokatuko direnaren esperantzarekin gaude denak.

Zer helbururekin joan zinen Finlandiara?

Egia esan behar badizut,entrenatzeko aukera apur bat genuelako joan ginen. Normalean, Vaqueira-Bereten entrenatzen gara, baina horretarako prestatuta dauden pistak itxita daude gaur egun. Hori zen aitzakia: bertan entrenatzea, gauza berriak probatzea, teknika hobetzea...

Han jokatu ziren bi probak irabazi zenituen. Zer sentitu zenuen podiumean?

Ezin sinetsirik egon nintzen! Oso pozik amaitu nuen. Lehen egunetan ez nintzen batere gustura ibili; zailtasunak izan nituen zirkuituko lehen zatiak igarotzeko. Lortu nuenean, lasaitasun handia sentitu nuen. Gauza asko izan ziren denbora gutxian, baina han sentitu nuena ez dut berehalakoan ahaztuko. Halere, orain onena lehiatzen jarraitzea izango litzateke, baina gauzak nola dauden ikusita..

Egoera kontuan hartuta, nola antolatu duzu urtea?

Egunez egun begiratzea tokatzen zaigu. Hasieran egutegi antzeko bat prestatu zuten, baina dena aldatuz joan da egoeraren arabera. Horrela oso zaila da urtea antolatzea. Esaterako, La Molinan [Girona, Herrialde Katalanak] jokatzekoa zen Munduko Kopako proba bat, baina pandemiarengatik, ez da jokatuko. Ordea, datorren astean Sierra Nevadan [Andaluzia, Espainia] jokatzekoak ditugu Espainiako Txapelketak. Ez dago erraza ulertzen.

Nolatan hasi zinen snow taularen gainean?

Gaztetan futbolean aritutakoa naiz urte askotan, baina, hura utzi eta gero, kiroldegian izaten diren ikastaro batzuetan baino ez nuen egin kirola. Orain dela lau urtera arte, bi aldiz bakarrik ibilia nintzen eskiatzen: lagunekin egindako bi irteeratan izan zen. Baina istripua izan, eta oraindik ere errehabilitazioan nenbilela, informazio bila hasi nintzen. Gorputzean desorekak ez izateko, kirola egitea oso garrantzitsua zela esan zidaten, eta Euskadiko Federaziora joan nintzen. Handik gutxira, Espainiako Eski Federaziotik deitu ninduten esanez jakin zutela istripua izan nuela, eta ea haiekin probatu nahi nuen. Vaqueiran egonaldi bat antolatu zuten, astebetekoa. Ordura arte ez nekien egokitutako snowboarda existitzen zenik ere!

Kostako herri batekoa izanda,ez al zen errazagoa surfarekin saiatzea?

Bai, eta surfa ere beti izan dut gustuko. Iaz egin nuen lehenbizikozikastaro bat, eta agian, aurten ere beste bat egitera animatuko naiz. Horretan ere saiatu nahi dut.

Nola gogoratzen dituzu oholaren gainean egindako lehen egunak?

Gogoan daukat denbora gehiena lurrean pasatu nuela! Lehen eguna oso gogorra egin zitzaidan, baina pixkanaka gustua hartu nion. Hango giroak, han topatu nuen jendeak eta bizimodu hark kateatu ninduela esango nuke. Egonaldi hura amaitzean, berriro ere esan zidatenean ea itzuli nahi nuen, ez nuen zalantzarik izan.

Txilen istripua izan, eskuin besoa galdu, eta lau hilabetera igozinen oholaren gainera.

Bai, oso denbora gutxira izan zen. Nork esan behar zidan elurretako kirol batean amaitu behar nuenik!

Askok, horrelako istripu bat izan eta gero, dena pikutara bidaliko lukete. Nondik atera zenuen aurrera egiteko indarra?

Agian, pertsona baikorra izateak asko lagundu dit. Ez nuen beste aukerarik ikusten. Besoa moztubehar zidatela esan zidatenean, oso egoera kritikoa pasatu nuen. Dena beltz ikusi nuen hasiera hartan. Ez nion besoari begiratu ere egiten. Ospitalean nengoela ere ez nuen sinesten zein egoeratan nengoen. Baina aurrera jarraitu behar nuela konturatu nintzen. Zulotik atera behar nuen nola edo ahala. Eta horretan izugarria izan zen familiarengandik, lagunengandik, eta orokorrean jendearengandik jaso nuen babesa.

Entrenatzen hasi orduko, oso ondo moldatu zinen oholaren gainean.

2018an, lehen aipatutako proba hura eta gero, denboraldia amaitu zen. Baina hurrengo denboraldirako gonbita ere egin zidaten. Bigarren sei hilabetea falta zitzaidan unibertsitatean hasita nituen Gizarte Laneko ikasketak amaitzeko, eta argi neukan lehenik amaitu egin nahi nituela; gero hasiko nintzen snowean pentsatzen. 2019ko martxoan, lasterketa ireki batera joan nintzen, baina han ere beste istripu txiki bat izan nuen, eta denboraldia han amaitu nuen. Halere, oholaren gainean ondo moldatzen nintzela konturatu nintzen. 2019-2020ko denboraldiari begira, lehiatzen hasiko nintzela erabaki nuen. Denboraldi osorako joan nintzen jada Vaqueirara Espainiako selekzioarekin.

Gogoan al duzu jokatu zenuen lehen proba hura?

Desastre bat izan zen! 2019ko urtearen amaieran, Landgraafen [Herbehereak] jokatu nuen Europako Kopako lehen proba. Hain urduri nengoen, ezen lasterketa amaitzean ez nintzen ezertaz gogoratzen! Halere, hautatzaileek esan zidaten esperientzia hartzeko proba ona izan zela hura. Haiei sinetsi behar! Denboraldiaren onenean nengoenean, Norvegian jokatu nuen Munduko Kopako beste proba bat. Hura amaitzean, pandemiarengatik etxera itzuli behar izan genuen azkar batean. Hura ere oso gogorra izan zen! Aste berean, kanpoan eta naturan libre ibiltzetik etxealdira pasatu nintzen.

Astrid Fina katalana Paralinpiar Jokoetan eta munduko kopetan aritua da, eta hark dio oso denbora gutxian aurrerapauso handiak eman dituzula. Nola hartu dituzu laudorio horiek?

Niretzat hasieratik izan zen inspirazio iturri Astrid Fina. Mundu berri honetara iritsi nintzenean, ikusi nuen hura noraino iristeko gai izan zen. Lortu zituen garaipen haiek indarra ematen zidaten niri ere, eta konturatzen nintzen saiatuz gero gauzak lortu daitezkeela. Niretzat ikur bat izan da hura.

Askok diote zu izango zarela haren ondorengoa. Zer duzu esateko?

Hala diote, bai! Baina beti gauza bera esaten dut: poliki-poliki joan behar dut. Emaitzak, iritsi behar badute, iritsiko dira. Egunean bizi behar dut; asko entrenatu; asko saiatu, eta gero, gauzak iristen badira, hobe.

Zer-nolako harremana duzu harekin?

Oso ona; saiatzen gara ahal dugun guztietan elkartzen. Baina egia da gu asko entrenatzen garela, eta hura ere bere bizitza egiten ari dela. Iaz, biak bakarrik ginen snowboardean. Ordu asko pasatzen genituen elkarrekin, eta gainera oso-oso antzekoak gara gauza askotan. Gauza asko erakutsi dizkit Astridek: konstantea izaten, minari aurre egiten, indarra edonondik ateratzen... Izugarria da!

Haren pare egoteko moduan ikusten al duzu zeure burua?

Orain daramadan bideari jarraituz gero, ez dakit hura iritsi den lekuraino iristeko moduan izango naizen, baina aukerak izan ditzaket. Horretarako, lan asko egitea tokatuko zait hemendik aurrera ere, baina aukerak izango ditudala iruditzen zait.

Oso gaztea zara oraindik, baina Paralinpiar Jokoekin amesten al duzu?

Guztion helburu nagusia izaten da Paralinpiar Joko batzuetara joatea. Badirudi, hasieran, nik lehiatzen dudan mailan ez dela probarik izango oraingoz. Hurrengo Jokoak 2022an izango dira, baina oraindik ere ez dago garbi erabakia. Espainiako Federazioa indarra egiten ari da behintzat horretarako.

2026ko Italiakoetan egotea al da etorkizuneko erronka nagusia?

Bai! Haietarako ziurra da jokatzeko moduan izango garela, baina oso urruti ikusten dut. Lekutan dago!

Zer behar da snowboarder on bat izateko?

Lehenik, adimenez irekia izatea. Gauza asko barneratzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa da. Beti eta edonon dago zer ikasia, eta gauzak ikasteko gogoa, indarra eta ardura izan behar dira. Eta garrantzitsuena: abiadurari beldur gutxi izatea [barrezka].

Eta zuk, zer gaitasun dituzula uste duzu?

Burugogorra naizela, eta badudala alde zoro hori ere. Askotan, kontrola galduta joan arren, aurrera egiteko gaitasuna izaten dut. Gauza berriak ere oso azkar ikasten ditudala diote hautatzaileek, eta teknikoki gauzak erakusten dizkidatenean, praktikan jartzeko ere ez dut arazorik izaten. Halere, oraindik ere gauza asko ditut hobetzeko. Askotan, irabazteko grina hori falta zaidala ikusten dut, anbizioa deitzen dioten hori.

Denboraldian, nolakoa da zure egun arrunt bat?

Antolaketa snowaren arabera izaten da. Goizean, jaiki, eta gosaldu ondoren, pistetara igotzen gara entrenatzera. Handik jaistean, bazkaldu, eta arratsaldean entrenamendu fisikoa izaten dugu. Handik itzultzean, dutxa bat hartu, afaldu eta ohera. Astean bost egunez entrenatzen gara. Astelehena atseden eguna izaten da, eta berdin larunbat eta igande arratsaldeak, eta astearte goiza.

Erraza al da lana eta kirola bateratzea?

Nik, behintzat, ez dut ikusten aukerarik aldi berean lana eta kirola uztartzeko. Nire kasuan, Basque Teamek eta Euskadiko Federazioak laguntzen didate bereziki. Urte batzuetan, behintzat, horrela ibili beharko dut. Halere, diru laguntzak izateko ezinbestekoa da emaitza onak lortzea; beraz, borrokan ibiltzea besterik ez zait gelditzen. Pentsa, urtarrilaren amaieratik apirilera arte, etxera joan gabe egongo naiz. Horrelako egoerarekin zaila da bi gauzak partekatzea.

Diru laguntzei begira, aldeak nabarmenak al dira?

Egokitutako edozein kirol ikusita, jada nabarmena da aldea. Horri, gainera, neguko kirola dela eransten badiogu, zer esanik ez: kirol ezezagunagoak dira. Etaezin dugu ahaztu ni gainera emakumea naizela.

Zer erronka zenituen aurtengo denboraldirako?

Ahalik eta txapelketa gehien jokatzea zen helburu nagusia. Horretaz gain, nazioarteko txapelketetarako puntuak pilatzea zen beste erronka nagusia. Oraingo egoerarekin ez dakit zer jokatuko dugun hemendik aurrera. Badirudi hasieran Sierra Nevadara joango garela datorren astean, Espainiako Txapelketara.

Zerekin konformatuko zinateke?

Irabazi beharrean egongo naiz [barrezka]. Neska gehiagok hartuko dute parte Espainiako Txapelketan Munduko Kopan baino. Gogotsu nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.