Arrauna

Azken luzean sartu dira ontziak

Bost jardunaldi falta dira ETE liga amaitzeko, eta sailkapeneko lehen biak Euskotren ligako kanporaketan ariko dira. Tolosaldeak esku-eskura du; bigarren postua, berriz, Deusturen eta Hibaikaren artean erabakiko da. Gaur, Ondarroan izango dute estropada.

Tolosaldea, Deustu eta Hibaika, ahalegin betean, Sestaoko estropadan. JOSU ZELAIARAN.
Mikel O. Iribar.
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
ETE ligako traineruek ekain erdialdean askatu zituzten denboraldiko lehen estatxak. Guztiak txanpa bizian atera ziren, uretan azaburuak sortzen zituztela. Lehiatzeko gosez ziren tostartean zihoazen arraunlariak, eta palakada erritmo sarri-sarrian egin zituzten lehen minutuak, uretan ubera uzten zutela. Uztailean sartzearekin batera, babesgunea atzean utzi, eta itsas zabalean aurkitu zuten euren burua; trainerua olatuen aurka zanbuluka dantzari zihoala, arraunketa gehiago luzatu behar izan zuten ontzia ondo gogortzeko. Talde batzuk erosoago zenbiltzan besteak baino, tarteak zabaltzeraino. Hilabete horren amaieran biratu zuten ontzia: batzuek estuago; besteek, ordea, nahi baino zabalxeago. Abuztuko lehen egunean irten ziren maniobratik, eta asteburu honetan sartu dira denboraldiko azken luzean, erabakigarrienean.

ETE liga amaitzeko bost jardunaldi falta dira, eta talde bat dago sailkapeneko buru-buruan: Tolosaldea. Tarte zabala dauka Deustu bigarrenarekiko, eta, azken talde horren uberari segitu nahian, Hibaika dago hirugarren. Ondarroan (Bizkaia) izango dute estropada gaur (12:00).

UXUNE URKIA
Tolosaldeako arraunlaria


«Ahalik eta lasaien eta indartsuen heldu nahi dugu kanporaketara»

Tolosaldeak denboraldi-aurreko estropadetan argi erakutsi zuen talde indartsuenetako bat izango zela udan, iaz bezala, eta aurreikuspenak bete egin dira. Olatu aparretan dago Patxi Francesen taldea; jokatu diren bederatzi estropadetatik seitan gailendu da, sailkapeneko goi-goian egonkortzeraino. Orain artekoaz balantze «oso ona» egin du Uxune Urkia Tolosaldeako arraunlariak (Idiazabal, Gipuzkoa, 1997). «Estropada bakoitzean gozatzen ari gara, eta gozamen horretatik ateratako fruituak are hobeagoak dira».

Talde «gaztea» dute. «Pentsa: 24 urte ditut, eta zaharrenetarikoa naiz. Gaztea izanagatik ere, irabazteko gosea dugu», atera zaio barrutik Urkiari. Iazko ontziaren hezurdura mantenduta, kuadrilla «indartsua» osatu dute; emaitzetan islatu dela ukaezina da, eta ez dira asebete. «Ahalik eta bandera gehien irabazten saiatuko gara». Halere, zuhurtziaz mintzatu da: «Zaila izango da hori lortzea; argi ikusi delako huts txikiren bat egin dugunean beste aurkariak ere hor gainean daudela». Deustuz eta Hibaikaz ari da hizketan. «Oso talde indartsuak dira, eta ezin gara erlaxatu».

Denboraldi hasieran, Tolosaldeak iaz egindakoa errepikatzeko helburua zuen ezarria: Euskotren ligako kanporaketarako sailkatzea. Bada, ondo bidean, Bermeon (Bizkaia) eta Portugaleten (Bizkaia) jokatuko diren bi estropada erabakigarrienetan izango dira tolosarrak. Joan den urteko kanporaketako arantza kendu nahi dute, kosta ahala kosta, eta buruz«prestatuago» daudela esan du Urkiak. «Psikologikoki indartsuago gaude. Iaz, ezjakintasunak eragin zigun, eta aurten ahalik eta lasaien eta indartsuen heldu nahi dugu». Arraunlariek Frances prestatzailearen «babesa» sentitzen dutela azpimarratu du. «Beti esaten digu irabazteko kapazak garela, eta horri heldu behar diogula».

Begi zeharka bada ere, Urkia Euskotren ligari ari zaio erreparatzen. «Inoiz baino berdintsuago», haren arabera. Honako ondorio hau atera du: «Sailkapeneko hirugarren eta laugarren postuan [Donostiarra eta Hondarribia, hurrenez hurren] dabiltzan taldeen maila hobetu egin da, eta kanporaketari begira errespetua ematen duten taldeak dira». Ordea, alde ona aurkitu dio horri: «Kanporaketa irabazten badugu, horrek esan nahiko luke guk ere asko hobetu dugula. Lorpen horri balio handiagoa emango genioke».

USUNE ELIZONDO
Deustuko arraunlaria


«Kanporaketara bakarrik iristea izugarria izango litzateke taldearentzat»

Behetik gorako jauzia eman du Deustuk. Eta nolakoa, gainera. Ontzi laburretan, bederen, talde indartsu baten zantzuak eman zituen. «Traineruan, ordea, hamahiru arraunlari goaz, eta batelarekin alderatuta alde handia dago. Halere, ontzi laburretan lortutako emaitzak eta traineruan eskuratutakoak badute antzekotasuna», azaldu du Usune Elizondo (Bilbo, 1997) Deustuko arraunlariak. Hain justu, Bizkaiko Txapelketan nagusitzeaz gain, ETE ligan birritan astindu dute bandera Tomatera ontzikoek. «Entrenamenduetan egiten ari garen lan ona lehian islatzen ari gara».

Aldaketa urtea izan du Deustuko arraun taldeak, entrenatzailetik hasita; Josu Ortubek hartu zuen taldearen gidaritza, «arraunlarien mesederako», Elizondoren arabera. «Josuk duen lan egiteko modua eta seriotasuna zuzenean transmititu dizkigu arraunlarioi. Horrez gain, hari esker, unean uneko eginbeharrari garrantzi handiagoa ematen diogu orain». Gaztetasunarekin eta eskarmentuarekin jositako trainerua da Tomatera. «Sinbiosi polita osatu dugu».

Oro har, «gustura» ari dira lanean, nahiz eta azken bi estropadetan gozakaitz aritu diren. Errenteriako (Gipuzkoa) estropada ekarri du gogora Elizondok: «Gure betiko arraunketa aurkitzeko denbora gehiago behar izan genuen, eta ziaboga ere ez genuen oso ona egin; ligan dagoen berdintasunarekin, ezer ez da behar bi edo hiru postu atzerago geratzeko sailkapenean». Beraz, liga amaitu arte kontu handiz ibili behar dutela gehitu du.

Gaur-gaurkoz, sailkapeneko bigarren lekuan dira deustuarrak, eta liga postu horretan amaituko balute, igoerako kanporaketan ariko lirateke. Taldean gai hori hizketaldira «sarriago» ateratzen dela ez du baztertu Deustuko arraunlariak. «Gero eta gertuago gaude helburua lortzeko. Kanporaketara bakarrik heltzea izugarria izango litzateke taldearentzat». Hibaika dute atzetik, eta bost punturen aldea ateratzen diote. «Bada aldea, baina edozer gerta liteke. Azken estropadan bederatzi segundo atzetik geratu ginen. Argi ibili beharko dugu».

MADDI INSAUSTI
Hibaikako arraunlaria


«Bigarren postua eskuratu nahi dugu, eta lortu arte ez dugu etsiko»

Aste «gozoa» daramate Hibaikako arraunlariek; aurtengo denboraldiko lehendabiziko bandera irabazi baitzuten joan den igandean; non eta etxean, Errenterian. Taldeak banderaren «beharra» zuela aitortu du Maddi Insausti Hibaikako arraunlariak (Errenteria, 2002). «Estropada ia guztietan hirugarren postuan geratzen ginen, Tolosaldea eta Deustu gu baino gehiago izan direlako. Lanean jarraitu genuen, bagenekielako egun batean irits zitekeela, eta herriko estropadan heltzea handia izan da», esan du.

Ekinaren ekinaz, iritsi zaie saria, «burugogorrak» baitira, Insaustiren esanetan. Iñaki Mendizabal entrenatzaileak jarritako hondar aleak izan du eragina taldean. «Arraun munduaz asko daki, eta haren bitartez asko ari gara ikasten». Momentuz, hirugarren postuan dago kokatua Hibaika. «Pozik gaude postu horrekin, baina bigarrenaren bila joan nahi dugu, eta lortu arte ez dugu etsiko». Horretarako, euren betiko arraunketan «sinetsi» behar dutela nabarmendu du. Alta, Insaustik badaki «ez dela erraza» izango: «Deustu oso sendo ikusten dut».

Insaustiri ere «erakargarria» egiten ari zaio Euskotren liga. Aitzitik, emakumezkoen arraun munduak urtez urte egiten ari den aldarrikapena eraman du hizpidera: «ETE ligako taldeok asko hobetu dugu maila, eta gero eta liga lehiatuagoa izaten ari da». Halere, «azken urratsa» egitea falta dela gaineratu du: «Maila nagusia handitzea eta biribiltzea; bada garaia egoerari itzulia emateko». Etorkizunari begira, itxaropen izpia badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.