Natalia Arroyo. Realeko entrenatzailea

«Emaitzek gehiegi baldintzatu dute gure jardunaren inguruan egin dugun argazkia»

Arroyok uste du taldeak egun dituenak baino punturen bat gehiago izan beharko lukeela. Barneratua du klubaren filosofia, eta argi du nondik etorriko den arrakasta: «Eguneroko lanean onenak izatea da gakoa».

GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
Zubieta
2022ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Gabonetako oporren aurretik azken lan egunak ditu Natalia Arroyok, Realeko entrenatzaileak (Esplugues de Llobregat, Herrialde Katanalak, 1986). Lanez lepo dabil, baina luze eta zabal erantzun ditu galderak. Kazetari izanik, badaki beste aldean dagoenak zenbat estimatzen duen hori.

Zer nota jarriko zenioke taldearen denboraldiari?

Ez naiz 0 eta 10 arteko notak jartzearen zalea, baina nota ona. Gainera, uste dut denboraldiko momentu batzuetan erakutsi dugula emaitzak kontuan hartuta jar dezakegun batez besteko nota horren gainetik ibili garela. Sasoiaurrea ez zen erraza izan. Selekzio arteko txapelketak tarteko, liga hasi baino egun bat lehenagora arte ez ginen denak egon, eta horrek zaildu egiten ditu gauzak.

Aurkariaren ate aurrean eraginkorrago izatea falta izan zaizue batez ere?

Batez ere, bai. Estatistikek gauzak objektibatzen laguntzen dizute, eta datuek erakusten digute aurreko denboraldian baino gehiago izaten ari garela baloia aurkariaren zelaian, gol aukera gehiago eta argiagoak sortzen ari garela, jaurtiketa gehiago egiten ditugula... Batez ere etxeko partidetan, hala izan da, eta kasu batzuetan berdindu edo galdu egin dugu. Horrek zalantza puntu bat eragiten dizu. Beraz, are garrantzitsuagoa da ondo egiten ari garenari balioa ematea.

Eraginkortasuna nola landu?

Arlo guztietatik landu dugu. Konfiantza kontua bada, taldeari presioa kendu diogu, eta lasaitasuna eman. Entrenamendu kontua bada, orduan ere egin dugu. Atseden egun hauek ondo etorriko zaizkigu, freskoago etortzeko.

Merezitako puntuak dituzuela uste duzu?

Baten bat gehiago izan beharko genukeela iruditzen zait. Galdu ditugun hiru partidetatik bi, Madrilen eta Levanteren aurkakoak, merezita galdu genituen. Baina uste dut Granadillaren eta Betisen aurkako partidetan irabazteko adina egin genuela. Egoera horietan ere jakin behar duzu jokatzen.

Denboraldiaurrea arraroa izateak zenbateraino eragin dizue?

Uste dut zerbait berria izan zela, bai jokalarientzat, bai niretzat. Baina ikasi egin behar dugu halakoak kudeatzen. Izan ere, klubak, taldeak, hori nahi dugu: astean hiru partida jokatu, gure jokalariek selekzio arteko txapelketak jokatzea... Hazten ari garela esan nahi du horrek. Gainera, iritsi eta berehala izan genuen Txapeldunen Ligako kanporaketa, eta partida batzuetan zailtasunak izan genituen. Baina, esan bezala, ez da aitzakia. Ea datozen udak ere halakoak izaten diren, esan nahiko baitu oso jokalari onak ditugula.

Zergatik ari zaizue hainbeste kostatzen etxean irabaztea?

Gero eta hobeto ezagutzen gaituzte, eta defentsan gehiago babesten dira aurkariak. Hori dela-eta, ondo egiten ditugun gauzak are hobeto egin behar ditugu. Eta, noski, guk ere bestelako gauza batzuk egin haiek ezustean harrapatzeko. Bide edo zutarri berriak eraiki behar ditugu, eta ditugunak sendotu. Ikusita merezi genuela, saiatu garela eta ez dugula lortu gola sartzea, baina aurkariak lortu duela, apur bat maldan gora egin zaigu. Ez da aurreko denboraldian bizi izan genuen egoera bat. Ikasiz joan behar dugu egoera horietatik, eta hori gertatu ahala egiten da.

Bartzelonaren kontrako partida bikaina alde batera utzita, zein izan da taldeak sasoi honetan egin duen partidarik osoena?

Bayern Munichen aurka Anoetan jokatu genuen Txapeldunen Ligako partida. Alavesen aurkako zati batzuk ere oso onak izan ziren: defentsan sendo egon ginen, erasoan ondo aritu ginen, intentsitatez jokatu genuen...

Levante dago orain Txapeldunen Liga jokatzeko aukera ematen duen azken postu horretan, hirugarrenean. Harengandik hamar puntura zaudete. Oraindik bada aukera borroka horretan egoteko?

Argi dago nahiko genukeen baino puntu gehiagora gaudela aurkari batzuengandik. Baina liga luzea da, eta partidaz partida joan behar dugu. Bide horretan, gogoan izan behar dugu aurreko denboraldian lortu genuela ia itzuli perfektu bat egitea. Gainera, lehen itzulian oraindik ere badugu partidaren bat aurkari zuzenen kontra. Uste dut talde asko gaudela hor sartuta, eta horrek ere laguntzen du. Lehiatik harago, eguneroko lanean izan behar dugu onenak, eta, hortik abiatuta, izan nahi dugun Reala eraiki. Jokin Aperribai presidenteak beti dioen moduan: astelehenetik ostiralera onenak izan behar dugu, horrek bermatuko baitigu asteburuan ondo lehiatzea. Ez dugu arreta guztia emaitzetan jarri behar.

Aurreko sasoiarekin alderatuz, zertan gustatu zaizu gehiago taldea? Eta gutxiago?

Gehien gustatu zaidana da taldeak beste mugarri bat ezarri nahi diola bere buruari, eta aurreko denboraldian eraikitakoari beste buelta bat eman. Ilusioz eta gogotsu hartu ditu horretarako egin ditugun aldaketak, hobekuntzak... Adibidez, astean behin indarra lantzen hasi gara. Gutxien gustatu zaidanari dagokionez, uste dut taldeak gehiago maitatu behar duela bere burua. Askotan, emaitzak gehiegi baldintzatu du gure jardunaren inguruan egin dugun argazkia. Emaitza ona izan ez denean, kostatu egin zaigu jokalariak konbentzitzea gauza onak egin dituztela. Egonkortasun emozional handiagoa behar dugu, interpretazio garbiago bat egin gure lanari eta asmoei.

Zein balantze egiten duzu Txapeldunen Liga jokatu izanaz?

Oso ona. Ikusi da kluba hazten ari dela, eta erakutsi dugu ez gaudela talde onenengandik hain urruti. Kanporaketak balio izan digu ikusteko zer falta zaigun maila horretan egoteko, eta zer landu behar dugun jokalariekin: erritmoa, indarra, partiden irakurketa, sufritzen jakitea...

Urtarrila betea dator, Espainiako Kopan eta Superkopan lehiatzen hasiko baitzarete. Zer lan egin dezake taldeak bertan?

Ahalik eta bide luzeena egiten ahaleginduko gara. Ilusioa dugu final bat jokatzeko, eta, noski, irabazteko. Superkopa aukera ona izan daiteke horretarako. Kopari dagokionez, nik hemen daramadan bi denboraldietan final-laurdenetan kanporatu gaituzte, eta badugu ilusioa aurrerago egiteko. Gauza asko entzun ditut taldeak Kopa irabazi zuen urtearen inguruan, eta hori bizitzea gustatuko litzaidake.

Nola ikusi dituzu denboraldi honetan etorri diren lau jokalariak? Alejandra Bernabe, Andreia Jacinto, Michaela Specht eta Jade Le Guilly

Utzita etorri diren bi jokalariak oso ondo ari dira ulertzen zer nahi dugun haiengandik: alde batetik, hona etortzeak lagundu egin behar die beren kirol ibilbidean, baina aldi berean hemen errotu behar dute. Honek ez du soilik izan behar tranpolin edo katapulta bat beren kirol ibilbidean. Ondo funtzionatzen ari zaigu formula hau. Andreiak min hartu zuen udan, eta kolpea izan zen harentzat Europako Txapelketa ez jokatzea. Pixkanaka, gero eta gehiago jokatzen ari da, eta eman dezakeena erakusten. Itxaropen handia dugu harekin. Jokoa ikusteko eta antolatzeko gaitasun handia du, eta, aldi berean, jokalari lehiakorra da, oldarkorra. Michaelak esperientzia ematen digu. Jokatzen hasi zen, eta denboraldi hasieran asko lagundu zigun. Orain zailtasun gehiago izaten ari da, baina pozik gaude. Alejandrak eta Jadek gora begiratzeko ikuspegi hori dute, eta bikain ari dira.

Atean Elene Lete eta Adriana Nanclares txandakatu dituzu. Erabaki teknikoa izan da, edo biak egunerokoan oso sartuta egoteko modu bat?

Bietatik. Argi dago goi mailako bi atezain ditugula, eta hirugarrena ere, Olatz, oso ondo ari da lanean. Hark ere zerikusi handia du beste bi atezainak ondo egotearekin. Oreka bat bilatzen saiatzen gara gehien jokatzen ari diren bi atezainekin: nor dagoen hobeto, zeinek behar duen konfiantza une baten, zein den egokiena jokatu behar dugun partidarako... Jokatzen duenak jokatzen duela ere, lasai gaude. Biek geratzen dute asko, ondo moldatzen dira hankekin...

Realarentzat ez al da zaila izango halako bi atezaini eustea?

Ez da erraza. Baina guk zera nahi dugu, biak geratzea. Horretarako, ondo zaintzen ditugu, eta nahi dugu jabetzea jokatzea garrantzitsua dela, baina eguneroko lanak ere hobeak egiten dituela. Alde horretatik, nik uste dut biek argi dutela Realean hobetzen ari direla, eta dugun jokatzeko erak mesede egiten diela. Baina ulergarria izango litzateke bietako batentzat ez izatea egokia egoera hau.

Cecilia Marcosek gora egiten duen hegaleko moduan jokatu du partida batzuetan. Etorkizunerako aukera bat da?

Gora begiratzen duen hegaleko gisa jokatzea aukera bat izan daiteke, duen konpromisoagatik eta gora egiteko duen joeragatik. Partida irauli behar izanez gero, asko eman diezaguke postu horretan, baita hutsuneren bat dugunean ere. Baina argi dago Ceci ez dela atzelaria, eta zelai erditik aurrera jokatzen duela, bai golak sartzeko duen trebetasunarengatik, bai aukerak sortzeko ahalmenarengatik.

Nuria Rabano eta Emma Ramirez joan ostean, atzeko hegaletan taldea ez al dago apur bat hankamotz?

Gustura nago daukagunarekin. Ikusten ez diren gauza asko ematen dizkigu Iraiak; Izarnerekin lanean jarraitu behar dugu. Udan, 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan egon zen. Ez zuen askorik jokatu, eta gero kostatu egin zitzaion erritmoa hartzea. Baina behar dugu, etxekoa da. Le Guillyren eta Bernaberen ekarpena oso ona da.

Iris Arnaizi eta Amaiur Sarriegiri kosta egin zaie hamaikakoan sartzea. Nola ikusten dituzu?

Egia da Amaiur ez dela hasieratik aritu partida garrantzitsu batzuetan. Adibidez, Bayern Munichen aurkakoan Anoetan. Baina asko jokatu du. Ez zuen uda erraza izan, eta guretzat ere ez da erraza halako erabakiak hartzea. Baina, partida batzuetan, pentsatu dugu egokiagoa zela aurkaria nekatuago zegoenean sartzea. Asko hitz egin dut harekin, eta egunerokoan gauzak oso erraz jartzen dituen jokalari bat da. Dena ematen du bete-betean egoteko, eta txapela kentzeko moduko jarrera du egunerokoan. Irisi dagokionez, argi dago zelai erdian konpetentzia handia dela, eta denboraldiaurrea horren arraroa izateak ez ziola mesede egin. Berea ez zen postu batean jokatu behar izan zuen [erdiko atzelari]. Gainera, denboraldi hasieran taldeari kosta egin zitzaion martxa hartzea. Baina pixkanaka ari da, eta gu laguntzen ari gatzaizkio. Izan ere, askotan ikusten da bere mailaren azpitik. Animikoki horrek ez du laguntzen.

Nerea Eizagirreri ekainean amaitzen zaio kontratua. Nola konbentzitu Realean jarrai dezan?

Egoteko lekurik onena hau dela sentitu behar du. Onena dela, ez ezaguna delako eta beste abentura batzuk bizitzera ausartzen ez delako, baizik eta biltzen dituen abentura horiek Realak ematen dizkiolako. Eguneroko lanaren bidez konbentzitu behar dugu, joko estiloaren bidez, zaleekiko konexioaren bidez... Plazera sentitu behar du hemengo ikur izateagatik. Egungo eta etorkizuneko Nerea horri behar duena eskaintzen dio Zubietak, eta bera jakitun dago.

Pertsonalki eta profesionalki zer esan nahi izan zuen zuretzat aurreko denboraldiak?

Entrenatzaile batek behar du gauzak ondo ateratzea, are gehiago uste eta sinesten baduzu gauzak ondo egiten ari dela. Gainera, COVID-19aren murrizketak ez ziren horren gogorrak izan, eta aukera izan nuen zaleekin harreman estuagoa izateko. Asko disfrutatu nuen, eta izugarri gustatu zitzaidan ikusi nuena. Horregatik erabaki nuen berritzea.

Zure izena aipatu izan da Imanol Alguacilen ordezkoen artean. Gustatuko litzaizuke gizonezko talde bat entrenatzea?

Orain, emakumezkoen futbolean oso eroso eta ziur sentitzen naiz. Honek betetzen nau. Entrenatzaile praktikak egin nituenean, izan nuen aukera gizonezkoen taldeetako entrenatzaile multzoetan laguntzeko, eta uste dut eroso senti naitekeela gizonezkoen talde bat entrenatzen. Baina agian ez da sekula gertatuko, eta lasaitasunez hartuko dut. Ez bada iristen, izan dadila nik hala erabaki dudalako, eta ez deitzen ez didatelako. Pedagogia egiten jarraitu behar dugu, entrenatzaile askorentzat aukera onena emakumezkoen eliteko kirola izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.