Binakako Txapelketako finala

Finala atzean jokatuko da

Elezkano II.-Rezustak eta Irribarria-Zabaletak gustuko pilotak aurkitu dituzte. Lehia «zaila» aurreikusi dute, eta azpimarratu aukerak baliatzea eta pilotarik ez galtzea izango dela gakoa

Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun

Kito. Urteroko erritualak adierazten du, nonbait, azken partida hurbil dagoela. Igandeko finala jokatu aurreko azken egitekoa bete dute Danel Elezkanok, Beñat Rezustak, Iker Irribarriak eta Jose Javier Zabaletak: pilotak aukeratu dituzte. Atzo hautatu zituzten, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. Patxadaz probatu ondotik, bi bikoteek topatu zuten gustuko materiala saskian: Elezkano II.a-Rezustak 105,1,104,9 eta 105,6 gramoko piloten alde egin zuten; Irribarria-Zabaletak, berriz, pisutsuagoak aukeratu zituzten, 106,7, 106,4 eta 105,5 gramokoak.

Hautatzeko ziren hamar pilotak oso parekoak zirela aipatu zuen Rezustak, eta antzeko balorazioa egin zuten gainerakoek. Pilota «normalak» direla esan zuen Zabaletak, eta «onak» direla gehitu zuen Irribarriak. Ondorioz, ñabarduretara jo zuten. «Konforme gaude. Eurenak igual pixka bat gehiago ibiltzen dira, eta gureetako bat azkartxoago dabil azpitik». Beñat Rezustak bereizketa txikia egin zuen; hala ere, uste du azken urteetako pilotak nahiko antzekoak direla. Zenbakitan, Irribarria-Zabaletarenak zertxobait pisutsuagoak dira.

Materiala aukeratzeko denbora hartu zuten pilotariek; aurrena Elezkano II.a-Rezustak, eta ondoren Irribarria-Zabaletak. Gakoa, baina, ez omen da pilotetan egongo. Lasai jokatzea, elkar ulertzea eta norberak «bere jokoa» egitea aipatu zituzten finalistek. Bakoitzak bere estrategia azaldu zuen: Jotzaileak dira Irribarria-Zabaleta, baina ez dute uste jokoa atze-atzean dagoenik. «Atzean kargatu eta aurrean errematatu behar dugu. Nik ere jokoa aldatu dut; zuloak bilatu behar ditugu», azaldu zuen aurrelariak. Atzelariak ere garbi du jokoa frontoi osoan zabaldu behar dela. «Jotzearekin soilik ez da nahikoa izango. Atzean jo eta aurrean errematatu, bi gauzak egin behar ditugu». Izan ere, ustez —apustuetan hala da— faborito argia du igandeko norgehiagokak: Irribarria-Zabaleta. Horri garrantzia kendu zion atzelariak: «Nik final batean ez dut faboritorik ikusten». Irribarriak ere, aldamenean eserita, antzeko sentipena plazaratu zuen. «Faborito izan edo ez, ordubeteko kontua da finala, momentukoa».

Parean izango dituztenek, aldiz, ondo dakite aurkarien maila zein den. «Eurek tanto asko dominatuko dituzte. Guk aukerak aprobetxatu behar ditugu, eta, ahal den neurrian, eurak gustura ez egotera behartu». Hori lortu nahi du Rezustak. Elezkanok, berriz, ausart jokatzeko ideia plazaratu zuen.«Partida bat defentsan irabazterik ez dago. Askotan defentsan aritu beharko dugu, baina, aukera dugunean, beldur gabe jo beharko dugu erasora». Igandean askatuko da korapiloa leporaino beteta egongo den Bizkaia pilotalekuan. Izan ere, salgai zeuden sarreretatik 50 besterik ez da geratzen saltzeko.

[youtube]https://youtu.be/SHoHsgIleFI[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.