Henar Etxeberria. Biatloilaria

«Azkenaldian derrigortuta ari nintzen»

COVID-19ak kirolari askoren ibilbidea lehenago amaitzea ekarri du. Halaxe gertatu zaio Henar Etxeberria biatloilari eta iraupen eskiatzaileari. Erretiroa hartu du, 24 urterekin.

HENAR ETXEBERRIA.
Unai Ugartemendia.
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Urte askoan goi-goian ibili ondoren, pandemia hasi denean erretiroa aurreratu behar izan du Henar Etxeberria biatloilariak (Uharte, Nafarroa, 1996). Azken urtea behar zuenak uste baino lehenago izan du amaiera. Baina kirolari lotuta jarraituko du. Nutrizio ikasketak egin ditu, eta horretan egin nahi du bere ekarpena.

Lehia uzteko garaia aurreratu egin duzu pandemia garaian. Nolatan?

Goi mailako iraupen eskia eta biatloia utzi egingo ditut, bai. Asko gustatzen zaizkidan bi kirol dira, baina gero eta zailagoa egiten zait onenen artean irautea. Errendimendua bilatzeari utziko diot. Hala ere, badakit egunero jarraituko dudala kirola egiten.

Jendea harritu egin da erabakiarekin. Ez da ohikoa 24 urterekin goi kirola uztea.

Bai, hori ere egia da. Jendea asko harritu da, baina oso zaila da lanean aritzea, kirolean onenekin ibiltzea eta bizitza soziala izatea. Bizitzan, aukeratu beharra tokatzen da sarritan. Asko gozatu dut kirolean; nik hautatutakoak izan ziren bere garaian. Baina uzteko ordua dela konturatu naiz, eta erabakia hartu dut. Orain urte batzuk, adibidez, ez zitzaidan batere kostatzen goizean goiz jaikitzea eta eskiatzera joatea. Egiten nuenarekin asko disfrutatzen nuen. Azkenaldian, ordea, bazirudien derrigortuta ari nintzela. Lasterketetan ez nuen hainbeste gozatzen, eta emaitzak ere ez ziren espero bezalakoak.Burua ondo ez doanean, gauzak ez dira batek nahi duen bezala ateratzen.

Gauza asko utzi al dituzu albo batera azken urteetan?

Bai, hala izan da urte askotan. Sarritan, lagunekin afaltzera gelditzeko gogoa izaten nuen, baina banekien hurrengo egunean lehiaketaren bat nuela. Irailean, erabaki nuen nire azken urtea izango zela, eta gauza bat besterik ez nuen buruan geroztik; gozatu egin nahi nuen azken urtean, bai entrenatzen, bai lehian.

Oso gazte utziko duzu goi mailako kirola, baina urte asko pasatu dituzu bai iraupen eskian eta bai biatloian.

Bai, bai. Ahizpa zaharrago bat daukat, eta hark ere oso txikitan ipini zituen lehenbiziko aldiz eskiak. 4 edo 5 urterekin, ikastaro batean hasi zen, eta niri ere 2 urte eta erdirekin jada ipini zizkidaten eskiak. Pentsa zenbat urte joan diren bidean! 15 bete nituen arte, atletismoan eta iraupen eskian ibili nintzen, baina ordurako ahizpak biatloia egiten zuen.

Nolatan hasi zinen biatloian?

Esan bezala, ahizpa lehian ibiltzen zelako hasi nintzen neu ere. 15 urte bete arte ezin zara hasi kirol horretan. Ordura arte debekatuta dago tiro egitea. Nafarroan ez daude biatloilari asko, nahiz eta iraupen eskiatzailea izanda kirol hori ezagutzen den.

Exijentzia handiko kirola izateaz gain, ezinbestekoa da kontzentrazioa eta sasoi ona izatea. Biak uztartzea erraza al da?

Hori da niri gustatzen zaidana, bi gauza horien nahasketa. Inoiz ez dakizu aurkariak noiz huts egingo duen. Lasterketak hasi aurretik ez da ezer idatzita egoten, eta horrek bere xarma dauka. Zailtasun handiko kirola da. Asko entrenatu behar den kirol bat da, eta egun on bat edo txar bat izatea edonori pasa dakioke. Egia da pentsatzeko ere ez dugula denbora askorik izaten: dena automatikoki egiten dugu. Berdin dio 180 taupada eduki, edo geldirik egon.

Oso ibilbide oparoa izan duzu. Esaterako, Espainiako txapeldun izan zinen biatloian, oraindik ere juniorra izanda. Zer sentiarazten dizu horrek?

Oso oroitzapen onak ditut txapelketa hartaz! Juniorra nintzen orduan, eta probatzeko aukera izan nuen. 18 urte baino ez nituen oraindik. Ordura arte, presio puntu batekin joaten nintzen Espainiako Txapelketa guztietara. Baina hartara nahiko lasai joan nintzen, ez bainekien zer aurkituko nuen onen artean lehiatzen. Ez dago ikaragarri eskiatu beharrik irabazteko, eta orduan nire kartak jokatu nituen. Haize handia zebilen egun hartan, eta, lehenbizikoak tiro egitera iritsi zirenean, ezin izan zuten tirorik bota. Ondorioz, haizea baretu arte, itxaron egin behar izan zuten. Ni iritsi orduko, ordea, haizea gelditu egin zen. Horretan, zorte handia izan nuen, inork kontrolatzen ez dituen aldagaietako bat aldeko izan nuelako. Egun hartan bikain egin nuen tiro, eta dena aldeko izan nuen. Ez dut berehalakoan ahaztuko egun hura! Ez zen nire ibilbideko lasterketarik onena izan, baina onenetako bat bai, zalantzarik gabe.

Presioa aipatuta: nola eraman duzu urte hauetan guztietan onenen artean lehiatzea?

Oso pertsona urduria naiz neurez. Berdin zait Espainiako Txapelketa bat izatea, edo herri lasterketa bat izatea. Beti oso urduri nago hasieran! Lehia hasten denean, berriz, lasai egoteko gai naiz. Presioa ere modu berean sentitu dut nire ibilbidean. Lasterketa gehienetan, irabazteko hautagaien artean egoteak dakarren presioa eramatea tokatu izan zait.

Espainiako selekzioan ere urte batzuk pasatu dituzu. Nolako esperientzia izan da?

Urtean bi lasterketa egin izan ditut gutxi gorabehera. Espainian, biatloian ez dago profesionalik, nahiz eta orain urte batzuk baten bat bazen. Baina ez zen kiroletik zuzenean bizi, diru laguntzetatik baizik.

Kirol garestia al da gaur egun biatloia?

Bai, oso garestia da! Munizioa erosi behar duzu, eskiak ia urtero aldatu behar dituzu, materiala... Ez dut babeslerik izan nire kirol ibilbidean, eta izan dudan diru laguntza bakarra, lasterketak amaitzeagatik nazioarteko taldetik iristen zitzaidana. Txapelketa bat amaitzeagatik, IBUk [Nazioarteko Biatloi Batasuna] ematen zuen laguntza izan da urte hauetan guztietan jaso dudan bakarra. Jasotako laguntza txiki horiengatik eta gurasoen laguntzagatik izan ez balitz, ezinezkoa izango zen hainbeste urte lehiatzen ibiltzea. Izango dira familiak diru laguntza horiek gabe jarraitu ahal izango dutenak, baina nire kasuan ez.

Europako Kopan ere aritutakoa zara. Nola gogoratzen duzu garai hura?

Lauzpabost urtetan 8-10 lasterketa jokatu nituen. Gauza asko aldatzen zen kanpora irteten ginenean. Europako Kopan ez ginen inor! Gure maila eta Europan dagoena ezin dira alderatu. Beste biatloilari askorentzat, haien lana da, eta guretzat, berriz, denbora-pasa bat. Europako Kopan ibiltzen diren gehienak profesionalak dira, eta aldeak ere nabariak dira.

Iraupen eskian ere urte asko pasatu dituzu. Hori ere albo batera utziko al duzu?

Bai, biatloia baino errazago utziko dut, gainera! Marxa Beret [Lleida, Herrialde Katalanak] izan zen jokatu nuen azken lasterketa. Ziur etorkizunean berriro ere parte hartuko dudala, baina ez naiz errendimenduaren bila arituko.

Lehia baztertuta, elikadura alorrean egingo duzu zure ekarpena etorkizunean. Nondik datorkizu nutriziorako zaletasuna?

Orain bi urte amaitu nituen ikasketak. Batxilergoko bigarren urtean erabaki nuen nutrizionista izateko ikasketak egin nahi nituela, Gasteizen. Azken bi urteetan, master bat egiten aritu naiz Bartzelonan. Gero eta kirolari gehiagok dute nutrizionista. Badirudi jende asko konturatu dela, entrenatzeaz gain, elikadura zaintzea ezinbestekoa dela errendimendu onaizateko. Sare sozialetan ikusi besterik ez dago goi mailako kirolariek zenbat argazki eta iritzi jartzen dituzten nutrizioari buruz. Hori, guretzat, oso garrantzitsua da.

Lanean daramazun denboran, zer ikusi duzu?

Jendeak astakeria handiak egiten dituela iruditzen zait! Interneten gauza asko daude elikadurari buruz, eta askori iruditzen zaie edozein gauzak edonorentzako balio duela, eta hori ez da horrela. Askok taldekide bat ikusten dute hori egiten, eta haiek ere hura egiten hasten dira. Entrenamendu guztiak denentzat balio ez duten bezala, nutrizioa ere ez da denentzat berdina. Iruditzen zait elikadura oso gauza pertsonala dela.

Zer irakatsi nahi diezu kirolariei?

Gauzak ondo egiteko, profesional batengana joatea gomendatuko nieke. Hark erakutsiko die behar bezalako irizpideei jarraitzen, gomendioak emango dizkie, eta denborarekin asko ikasiko dute. Etorkizunean euren kasa ibiltzeko baliagarria izango zaie erabat.

Eboluzio handia izan al du nutrizioak azken urteetan?

Bai, eta etengabeko eboluzioan jarraituko du hurrengo urteetan ere. Kirolari batzuekin aritzen naiz lanean, eta bilakaera bat ikusi dut haiengan. Askotariko kirolariei lagundu diet, eta egia da denen kasuak ez direla berdinak. Esaterako, taldeko kiroletan zailagoa da hori neurtzea. Azkenean, kirolari bakoitzaren sentsazioek markatzen dute nutrizioaren hobekuntza. Askok esaten digute entrenamenduetatik askoz ere azkarrago indarberritzen direla, gehiago entrenatuta ere nekea ez dutela hainbeste antzematen, oso sentsazio onak izan dituztela... Haiek pozik baldin badaude, ni, are pozago.

Kirol mota batean jarriko duzu arreta?

Ez dut kirol jakin batean bakarrik murgildu nahi. Niri kirol guztiak gustatzen zaizkit orokorrean, eta, niretzat, gero eta kirol gehiagotan murgildu, orduan eta aberasgarriagoa izango da nutrizionista jarduna. Atletismoan, iraupen eskian edo triatloian zer gertatzen den badakigu, baina kirol berrietan nutrizioak zer garrantzia izan dezakeen jorratzea garrantzitsua izango da.

Kirola egiten jarraituko duzu?

Bai, bai. Atletismoan jarraituko dut. Errepideko lasterketetan ibiltzea oso gustuko dut, eta ahal dudan bitartean jarraitu egin nahiko nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.