Elurrarekin, auto jausia

Abendu hasierako besta egunetan Nafarroako Pirinioetako herri askotan arazoak izan dituzte beste hiri eta herrietatik elurretara joandako jende oldearekin. Auto ilara luzeak izan ziren eta gaizki aparkatutako autoek traba egin zieten herritarrei. Errespetuz jokatzeko eskatu diete bisitariei.

2 VILLAR LÓPEZ / EFE.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun

Elurra mara-mara, eta autoak lerro-lerro. Koronabirusaren pandemiak ezohiko egoerak sortu ditu aurten; azkenengoa, abendu hasieran, Nafarroan zenbait besta egun zirela eta. Abenduaren 8a izan zen egunik okerrena: elurrak jendetza erakarri zuen Nafarroako ipar-ekialdera. Auto ilarak eta bestelako trabak izan zituzten Orreagatik Zubirira, N-135 errepide bazterreko herrietan. Herritarrek «inbasiotzat» jo zuten, eta, aurrera begira, bisitariei zentzuz jokatzeko eskatu diete.

Ez da egoera berria, baina inoiz ez bezala gertatu zen. Hau da, aurretik ere elurrak jende anitz erakartzen zuen Pirinioen inguruko herrietara, baina abendu hasieran gainezka egin zuen egoerak. Auto ilara luzeak izan ziren N-135 errepidean, eta auto asko bazterrean geratu ziren, elurretan ibiltzeko neurririk hartu ez zituztelako. Elurra egiten duenean errepidea garbitu ohi dute, baina ez aparkalekuak, eta, beraz, autoak edozein tokitan utzi zituzten bisitariek; adibidez, Auritzen. Modu horretan, elurra kentzeko makinei ere ez zieten biderik uzten.

Errepideetako langile batek azaldu duenez, errepide bazterretan aparkatu zituzten autoak bisitariek, eta kamioiek gatza hartzeko prestaturik dituzten bazterrak bete zituzten. Horrek arazo handia sortzen du: kamioiek hurrengo gatz biltegira joan behar dute, 25-30 kilometrora egon daitekeena, errepideen garbiketa atzeratuz. Abenduaren 8an, ezin izan zuten lana behar bezala egin.

Josepe Irigarai Aurizko alkateak konfinamendu perimetralarekin lotu du gertatutakoa: «Elurra bota zuen, eta ezin denez Nafarroatik atera, denak Pirinioetara etorri ziren. Ez ziren sartzen ez Auritzen, ez Ibañetan, ez Aurizperrin... Autoak eta autoak eta autoak; eta, noski, ez zuten aparkalekurik, garbitzen delako errepidea». Abenduaren 8koa «erokeria» izan zela uste du, herriko karrika nagusia ez ezik, beste karrikak ere autoz bete zirelako. «Osasun etxea blokeatuta geratu zen», esan du alkateak. «Larrialdi bat izan balitz, ez dakit nola egingo zuten. Nafarroako Gobernuko elurra kentzeko kamioiaren gidariak deitu zuen esanez ezin zela pasatu, bestela autoak aurretik eramango zituela».

Bisitarien «inbasioa»

Egun horretan bizilagunen kexa anitz jaso zituen alkateak; batzuk etxetik atera ezinik ziren. «Auritzen ez dago gordetako pasabiderik, baina ate bat badago, ezin duzu hor autoa utzi. Horrelakoak agerikoak dira, ez dago seinaleen beharrik». Kexak herrian ez ezik sare sozialetan ere aditu ziren. Ander Otegi auriztarrak esan du «inbasioaren sentsazioa» izan zutela. Are, kezka ere izan zutela, pandemia garaian hainbeste jende joan zitzaiela ikusirik.

Arazo handiena hiritik herrira joandakoen ezjakintasuna izan zen. «Hemen bada idatzia ez den lege bat herritarren artean: errepideak garbitzen dira, baina aparkalekuak ez, orduan, bakoitzak badauka bere lekua, hiru orduz aritzen gara palari eraginez autoa aparkatzeko, eta mugitzen baduzu, bisitariek ez dute horretan pentsatzen». Ez hori bakarrik, batzuetan atakak irekita uzten dituzte bisitariek, eta animaliek eskapu egin dezakete. Bestalde, besta egunak izanagatik ere, Otegik gogoratu du badela lanean aritzen den jendea: banatzaileak, anbulantziak... «Ez dira denak, noski, baina ohartu behar dira hemen jendea bizi dela. Errespetu kontua da: hemengo jendearengan pentsatu beharko lukete».

Unai Irigarai

Ez da kontu berria, baina orain arte ez zuen halako tamainarik izan arazoak. Otegik kontatu du: «Orain lehertu da; hori bider hamar gertatu da, baina urte asko darama gertatzen. Beste urte batzuetan ikusi izan ditut Mezkirizko edo Erroko portuan errepidean bertan aparkatutako autoen bi kilometroko ilarak, errei bakarra libre utzita. Halakoetan ez dago ez foruzainik ez ezer». Polizia ahotan izan du Aurizko alkateak ere. Eskutitz bana idatzi die Nafarroako Barne Departamentuari eta Espainiako ordezkaritzari: «Haiek kontrolatu behar dute».

Juan Serrano Nafarroako Zainketa Zerbitzuko zuzendariak «zentzuz jokatzeko» deia egin du halako egoeretan. Izan ere, bigarren mailako errepideetarako sarbide batzuk itxita geratu ziren autoak gaizki aparkatzeagatik. «Elurra kentzeko makinek 3,5 eta 4 metro arteko laminak dituzte. Alboetan utzitako autoek ez dute pasatzen uzten, eta ez dute tokirik uzten errepidetik kendutako elurra areketara botatzeko. Beraz, bidea estutu egiten da», azaldu du.

Elurra egiten duenean beti izaten dira gorabeherak edo ezustekoak. Ez dira istripu handiak izaten: autoa gurutzatuta gelditu daiteke edo bazterretik ezin aterata. «Trafiko handirik ez badago, agudo konpondu daiteke, baina, bestela, auto ilarak sortzen dira, eta elurra kentzeko makinak bertan ez aurrera ez atzera gelditzen dira, errepideetan elurra metatzen den bitartean». Ez dago elurra kentzeko makina gehiagorik; beraz, egun horietan lanak ez oztopatzea eskatu du Serranok. Hala ere, gogorarazi du herri askok badituztela L itxurako palak, gobernuak utzitakoak, eta batzuetan ez dituztela baliatzen.

Negu gorria

Kontuan izan behar da ere inguru horietan lanak zaildu egiten direla neguan. Angelines Munarriz Aurizko erizaina da, eta egun osoa errepidean ibili behar izaten dutela dio: «Gure autoekin ibili behar dugu, eta egun batzuetan zaila da. Beharrezkoa badugu, suhiltzaileak etortzen dira laguntzera. Beste batzuetan, errepidea ongi badago ere, herria itxita dago, eta autoa han utzita oinez joan behar izaten dugu». Abenduaren 6an, esaterako, suhiltzaileei esker ailegatu ziren osasun etxera.

Inguru hartan negua gorria da, eta egoera horretara egokituta egiten dute lan. Tarteka argirik gabe ere gelditu daitezke. Baina han dira, jendea artatzeko prest. «Zerbitzu hauek beharrezkoak dira. Ez dugu beste gauzarik, gainerako kontuetarako Iruñera joan behar dugu; beraz, hemengoa zaindu eta babestu behar dugu», esan du Munarrizek.

Jesus Diges / EFE

Elurra ari duenean arazoak saihesteko, norbanakoengan jarri du arreta Serranok. Ohartarazi du elurra kentzeko makina orduko 30-40 kilometroko abiaduran joaten dela. Beraz, 10 kilometroko portu batean, 30 minutu inguru behar du aurretik pasatako lekutik berriz pasatzeko. «Elurra mara-mara ari badu, denbora horretan berriz zurituko da errepidea». Horregatik, elurra ari duenean autorik ez hartzeko gomendatu du; eta, hartzekotan, neurriekin. «Ez baduzu neguko gurpilik edo katerik, ez baduzu halako egoeretan gidatzeko ohiturarik, arriskutsua da. Seguruenik arekan bukatuko duzu».

Auritzen jendea hartzeko prest dira, baina, zentzua da eskatzen dutena. «Egoera hauetan ez da berdin hirian edo herrian egotea; hirietatik atera behar dira, baina buruarekin jokatu behar da», esan du Irigaraik. Berdin dio Otegik: «Gu ohituta gaude modu honetan bizitzera; bisitariak agian ez. Kontua ez da ez dugula jendea etortzerik nahi, baina besteengan pentsatu dezaten nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.