Albistea entzun

Indarberritzeko aukerarik gabe

Mendebaldeko Saharako haurrak ezin izanen dira udan Euskal Herrira etorri, pandemiarengatik, eta Txernobylgo haurrek oraindik ez dakite etortzerik izanen duten. Udako bidaiak oso garrantzitsuak dira haur horien osasunerako.

Saharako haurrak Baztanen (Nafarroa), 2016an.
Saharako haurrak Baztanen (Nafarroa), 2016an. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko martxoak 11

Urte osorako indarrak hartzea. Hori izaten da Euskal Herrira Mendebaldeko Saharatik eta Txernobyldik (Ukraina) etortzen diren haurren helburu nagusia. Horrekin batera, udaz gozatzea, beste errealitate bat ezagutzea eta bigarren familia batekin bizitzea. Baina, alor guztien artean, osasuna izaten da garrantzitsuena. Uda atzerrian igarota, kontent itzultzen dira etxera, familiarengana: urte osorako indarberriturik.

Baina hori ere eten egin du pandemiak. Hala, egoera paradoxiko bat sortu da, osasun neurriengatik haur horien osasunerako ezinbestekoa den egonaldia bertan behera geratu baita. Iaz ezin izan zuten etorri, eta aurten ez dirudi egoera askorik aldatuko denik. Mendebaldeko Saharako haurrak ez dira etorriko; Txernobylgo haurrek etortzerik izanen duten oraindik ez dago argi.

Oporrak Bakean deitzen da Saharako haurrak udan errefuxiatuen kanpamentuetatik ateratzen dituen programa. Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Gazteria eta Kirol Ministerioak du programaren ardura, eta Espainiako, Frantziako eta Italiako gobernuekin hitz egin ondoren, udako egitasmoa bertan behera uztea erabaki dute. Izan ere, kanpamentuetan ez dute behar besteko babesik COVID-19ari aurre egiteko.

Carol Garcia Nafarroako Oporrak Bakean programako arduradunak azaldu du zein den egoera: «Normalean baino heriotza gehiago izan ziren iaz Saharan, baina ez dakigu COVID-19arengatik izan den edo ez, ez baitago probak egiterik». Beraz, pandemiari aurre egiteko kanpamentuak itxi dituzte. «Erosketak Tindufen egiten dituzte, baina kanpamentuen arteko bideak itxi zituzten. Eta, hala ere, izan ziren kasu batzuk». Gelak, maskarak eta horrelakoak ere ez dituzte. Beraz, arriskutsua izan liteke haurrak kanpora ateratzea: «Haur asko asintomatikoak izaten dira, eta birusa hara eramanen balute, arazo larri bat sor genezake».

Nafarrak Saharara egindako bisitan; Carol Garcia, erdian, melfa jantzita. BERRIA

ASNA elkartekoek erabakia ulertzen dute, baina «mingarria» dela onartu du Garciak. «Ekaina hondarrean, haurrak jasotzera joaten garenean, ikusten dugu: han 40 gradu daude, ez dela urik, ez dela itzalik, ez dela igerilekurik... Gainera, ez dute elikagairik edo botikarik. Beraz, egoera oso txarra da, eta, horregatik, oso mingarria da jakitea ez direla etorriko». Gainera, hemengoak ere ezin izanen dira hara joan udaberriko oporretan. Nafarrak urtean bitan joaten dira kanpamentuetara bisitan: abenduan eta Aste Santuan. Iaz bertan behera geratu ziren bi bidaiak, eta aurten apirilekoa ere bai.

Kezka eta pena

Bien bitartean, saharar familiek ere ezinegonez bizi dute egoera. Galdetzen diete ea zer gertatuko den iaz edo aurten azkenengo urtea zuten haurrekin, ezin izan baitute Euskal Herriko familia agurtu. Bisitak jasotzeko irrikan daude baita ere: «Hara joaten garenean hatsa ematen diegu, familiei animo handia ematen diegu». Beraz, «pixka bat utzita» daudela senti dezakete orain.

Bereziki gogorra izan da bi urte hauen ondoren 12 urte baino gehiago izanen dituzten haurrentzat, hori baitute udako programan parte hartzeko adin muga. Hori da Maite Azkonaren eta Sareh Dahmanen egoera. 2018an ezagutu zuten elkar, eta berriz elkar ikusiko zutelakoan esan zioten agur elkarri 2019an. «Batez ere berarentzat oso gogorra izan da, ez zuelako zikloa itxi; ez gintuen ongi agurtu», azaldu du Azkonak. «Iaz, ez zela etorriko esan genionean ez zuen sinesten». Orain arteko arauen arabera, heldu den urtean ezin izanen da etorri, 13 urte izanen baititu.

Maite Azkona eta Unai Lopez, Saleh Dahman haur sahararrarekin. BERRIA

Azkona eta bere bikotekidearentzat ere zaila izan da egoera: «Beste urteetan sakelakotik hitz egiten genuenean oso pozik egoten ginen. Orain, nabaritzen da zerbait itxi gabe dugula». Hala ere, gogoan geratuko zaizkio Azkonari Salehrekin pasatako bi urte haiek. «Une ederrak» eta «une zailak», baina esperientzia «oso aberasgarria» izan zela ez du zalantzarik.

Txernobylen zain dira. Oraindik ez dakite haurrak etorriko diren, nahiz eta osasun egoera ez den askorik hobetu. Hala ere, «gogoz» eta «ilusioz» ari direla esan du Koruko Burutaran Txernobylgo Lagunak GKEko lehendakariak. Hilabete hondarrean hasiko dira paperekin, eta aurrerago jakinen dute etortzekotan zer baldintzatan izanen den. Iaz apirilean esan zieten ezin izanen zituztela haurrak hartu. Aurtengo udan ezin badira etorri, Eguberrietan etor daitezen saiatuko direla azaldu du: «Ulertzen dugu zailagoa izatea, ez dugulako hainbeste opor egunik; beraz, familia kopurua gutxitu daiteke; baina umeentzat bi urte asko da».

Urrutiko harremana

Haien etxean Yaroslav Davydenko izaten dute udan. Familiarekin hartu-emana dute, eta ezin sinetsi daude aurten ez dutela etortzerik izango. «Pena handia ematen die ez etortzeak, normalean etortzeko desiratzen daudelako». Familiaren eta haurraren arteko harremanari ere kalte egin diezaioke bi urteko geldialdiak. Baina osasuna da kaltetuena: «Gure helburua da haiek indartzea. Hemen haien sistema immunologikoa sendotu egiten da, eta horrek laguntzen die negu hobea pasatzen, hango negua gorria baita, eta, batez ere, etorkizunean gaixotasun larriak ez garatzen». Ondorio horiek ez dira berehalakoan ikusten, baina etorkizunean sumatu litezke. «Udan erradiazio horren azpian jarraituko dute; beraz, ez dira, nolabait, garbitu eta sendotuko».

Koruko Burutaranen udako hiru seme-alabak; tartean, Yaroslav. BERRIA

Udan hiru seme-alaba dituela esan du Burutaranek; alegia, normalean baino bat gehiago. Iazkoa gogorra izan zen: «Pena handia eman zigun: onartu genuen ez dagoelako beste aukerarik, baina bere falta handia sumatu genuen». Badira ere etxean hartuko zuten haurra ezagutu ez duten familiak. Arrate Eizagirrek «sekulako ilusioa» zuen iaz, baina pandemiak zapuztu zituen udako asmoak. «Dariaren amaren kontaktua lortu genuen, eta whatsapp bat bidali nion neure burua aurkezteko. Pixkanaka, harreman txiki bat sortu dugu».

Idatziz komunikatzen dira, ez baitute batak bestearen hizkuntza ulertzen, eta argazkiak ere bidaltzen dizkiote elkarri. Haurra etortzeko desiratzen dagoela azaldu du Eizagirrek, baina errealista da: «Itxura txarra hartzen ari da; ematen du zaila izango dela, baina tira, gu hor gaude, beraiekin». Egoera horrek bi familiei aurretik elkar ezagutzeko aukera eman die, eta haurrarentzat errazago izanen da aukera duenean Euskal Herrira etortzea. «Argazkiak bidali dizkiogu, ikusi du tokia... garrantzitsua da bera kokatzen joateko eta konfiantza hartzeko».

Lehenago edo geroago haur horien irriak berriz ere adituko dira Euskal Herrian. Bi aldeetako familiek ez dute ilusiorik galdu. Bien bitartean, Internetek lotuko ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Alaitz Saizar eta Emory. ©ALAITZ SAIZAR

«Homosexuala izatea immorala da Malawin»

Jone Arruabarrena

Malawin zegoela, Emory 23 urteko gaztearen kasuaren berri izan zuen Saizarrek. Lesbiana izateagatik kale gorrian geratu zen Emory, eta kanpaina bat abiatu dute orain biek, LGTBIQ+ kolektiboaren alde.
Formigalgo estazioa urtarrilean, hutsik. Egoeraren ondorioz, ezin izan dute ireki. ©EFE

Larra-Belagua, pozik; gainerakoak, ez

Zihara Jainaga Larrinaga

Pandemiaren ondorioz ezarritako neurriek erabat baldintzatu dute eski denboraldia. Bisitarien faltan, estazio askok ezin izan dituzte ateak ireki. Larra-Belaguan txanponaren beste aldea ezagutu dute: inoiz baino nafar gehiago ibili dira.

Aurtengo itzuliaren une bat. ©Jon Urbe / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.