Baserri zaharra, eredu modernoa

Bizitzeko bainoago, ekoizteko eraikina izan da baserria, eta ezaugarri horrek baldintzatu du haren egitura. Aspaldiko eredua izanagatik, baliagarria izan daiteke etorkizunerako. Hain justu, antolaketa hori da Rhizoma proiektuaren oinarria: etxebizitza kolektiboa, eremu produktiboa duena.

Beheko solairua; hau da, eremu produktiboa. GARBIZU COLLAR ETA KRI.
amaia igartua aristondo
2023ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Erlikia folkloriko bat, txalet bilakatutako etxe bat, edota asteburuak igarotzeko aterpe hutsa. XX. mendeaz geroztik, hustu egin da Euskal Herriko baserri mordo bat, eta, hondatuta geratu ez direnen artean, antzaldatuta ageri dira asko. Baserriak dirudite, baina ez dira, galdu egin baitute ezaugarri klasikoa: izan ere, jatorrian, ekoizteko tokiak ziren, bizitzeko baino gehiago. Eta, hala ere, eredu tradizionala ez dago zaharkitua oraindik.

Baserri hitzaren bi esanahi bereizi ditu Jonatan Perez Mostazo Historian doktoreak: batetik, ekoizpen eredu bat izendatzen du; bestetik, molde horretarako propio taxututako eraikina da. Ekoizpen modua Erdi Aroan agertu zen, XI. eta XII. mendeetan, zehaztu duenez. «Baserria familia batek mantendutako ekoizpen unitate bat zen (bil zitzakeen gurasoak, seme-alabak, ezkondu gabeko osaba-izebak, morroiak...); ekoizpen mistoa zeukan (nekazaritza eta abeltzaintza), baita autohornikuntzarako nahia ere, behar zituzten produktu gehienak produzitzen baitzituzten».

XVI. mendean sortu zen etxea, tipologia bereziarekin: ekoizpen mistorako antolatutako eraikina zen. «Segun zer produktu ekoizten zituzten, espazio jakin batzuk eduki behar zituzten, baita pilaketa leku bat ere, ekoiztutakoa biltzeko». Hortaz, funtzio produktiboak hasieratik baldintzatu zuen baserriaren egitura, Perezek azaldu duenez. «Adibidez, Gipuzkoan badaude batzuk barnean dolareak dituztenak: sagardoa ekoizteko espazio handiak behar zituzten, eta etxearen egitura aprobetxatu zuten horiek ere eraikitzeko».

Orain, baserri askok funtzio ekonomikoa galdu dute, eta, horrekin batera, baita espazio berezi horiek ere. Baina baserriaren molde klasikoa ez da desagertu oraindik; eta, are, ezaugarri batzuk baliagarriak izan litezke etorkizuneko etxebizitzak proiektatzeko. Hala uste dute Garbizu Collar arkitektura estudioko Jon Garbizu Etxaidek eta Victoria Collar Ocampok, eta KRI arkitektura estudioko Gonzalo Peña Sanchok. Europan elkarteak antolatutako lehiaketa batera Rhizoma proiektua aurkeztu zuten 2021ean, baserriaren tipologia oinarri hartuta diseinatutako etxebizitza kolektibo bat, Beizamarako (Gipuzkoa). Bigarren geratu ziren, ez zuten gauzatu, baina arkitektoek ikertzen jarraitu dute beren kabuz; azaroan, Bilboko Urbanbat jaialdian egon ziren ikasitakoa helarazten, adibidez.

Ekonomia zirkularra

Jatorrizkoaren ezaugarri batzuk hartuta, «baserri berri baten tipologia» planteatzen du Rhizomak, Garbizuk azaldu duenez, batik bat landa eremuetan koka daitekeena. Itxura baztertu dute, ordea. «Ez zitzaigun interesatzen bi mazelako teilatua, tamaina, estetika...». Hala, lehen begiratuan, diseinuak ez dakar baserria gogora, erabilerari erreparatu baitiote, nagusiki. «Etxebizitzari alde produktibo bat gehitzea zen printzipalena; lanak etxean txertatuta egon behar zuen».

Beheko solairuan ezarri dute gune produktiboa, hain justu: izan ere, baserritarrek han zuten ganadua, eta han gordetzen zituzten nekazaritzarako lanabesak. Rhizoman, beheko solairua espazio kolektiboa da, non maizterrek lan egin dezaketen. Eta eguneratuta dago; alegia, bide ematen du garatzeko ez soilik lehen sektoreari lotutako beharrak. «Telelanarekin ikasi dugu lan denek ez dutela zertan egon lotuta gure inguruarekin, egin daitezkeela beste lan mota batzuk ere», Collarren irudiko. Hori horrela, espazioa egokitu daiteke: beheko solairuak balio lezake, orobat, enpresa txiki edo ertain bat abiatzeko, diseinu grafikoko bulego bat edo garagardo lantegi bat, esate baterako.

Hori horrela, jatorrizkoa bezala, baserri modernoa ere nukleo produktibo bat izango litzateke, eta, era berean, buruaskia, Garbizuk nabarmendu duenez. Autohornikuntzaren ideia aipatu du hark ere: baserrietan, gertutik lortzen zen bizitzeko behar zirenak; inguruan ea errekarik edo beste baliabiderik zegoen miatzen zuten energia eskuratzeko, edo elikagaiak, edo, are, eraikuntzako materialak. «Orain, harria eta zura erabili beharrean, hondatuta dauden eraikinak berrerabil ditzakegu. Eraiki behar izatekotan, modu erabat berrerabilgarrian egin behar da, beste eraikin batzuetatik hartutako elementuekin».

Baserria «sinbiosian» zegoen naturarekin, eta inguruarekin batera ulertzen zela esan du Garbizuk, Julio Caro Barojaren ikerketak aitatuta. «Baserria ez zen etxe bat bakarrik, baizik eta familia unitatea bere inguru osoarekin, animaliekin, errekarekin, lurrarekin... Eta inguru hori erabil zezaketen buruaskiak izateko». Halaber, gertuko baserriei esker ere erdiesten zituzten hornigaiak. Izan ere, bakartzea ez zen erabatekoa, arkitektoaren berbei erreparatuta: Beizama inguruetan, esaterako, baserri andana bat dago barreiatuta, bata bestetik distantzia nahikora, baina sare bat sortzen dute, nolanahi ere. «Harreman ekonomikoa zegoen euren artean».

Laburbilduz, ekonomia zirkularrean oinarritu izan da baserrien ekoizpen eredua: alegia, inguruan topatzen zutena erabiltzen zuten, Garbizuren arabera, eta eurek ekoiztutakoa inguruan kontsumitzen zen, orobat. Hala funtzionatuko luke Rhizomak ere, Peñaren hitzetan. «Komunitate bat litzateke, ingurune hurbila maneiatuko lukeena ekonomia zirkularraren bidez, bermatuta haren babesa, zaintza eta bioaniztasuna».

Komunitate estuagoa

Garbizuren irudiko, gaur egun bizitzeko beste modu batzuk ugaritzen ari dira, eta horietako bat da etxebizitza kolektiboena. Alabaina, «oraingoak familia klasikoentzat eginak daude», arkitektoaren aburuz. Hau da, biltzen dute logela handi bat gurasoentzat, txikiago bat umeentzat, komuna, egongela, sukaldea... Hortaz, kolektibitatean bizitzearen ideia «erabat berregokitu» behar dela uste du Garbizuk, familia eredu asko baitaude.

Baserrietako familia bera ere ez zen egokitzen «molde klasiko estandarrera», dioenez. «Lan unitate bat bezalakoa zen ia. Beharraren arabera sortzen ziren harremanak». Gainera, sukaldeak ardazten zuen komunitatea, eta Rhizomak hori ere berreskuratu du, Collarrek azaldu duenez. «Lehen, sukaldea baserriko elementu zentrala zen, non jende guztia biltzen zen eta denek elkarrekin kolaboratzen zuten. Ez dugu nahi sukaldea izan dadila emakumea dagoen lekua, gela itxi bat, baizik eta bihur dadila etxebizitzaren erdigunea, eta jende guztiak har dezala parte han».

Badago aukerarik bestelako behar batzuk kolektibizatzeko ere, orobat, edota egonlekuak zabaldu eta murrizteko ere. Etxebizitza «malgua» baita Rhizoma, sortzaileek nabarmendu dutenez. Ezaugarri hori ezinbestekotzat du Garbizuk, ezin baitaiteke aurreikusi zer-nolako jendea biziko den. «Tresnak eman behar zaizkie erabaki dezaten nola biziko diren. Tokiak zenbat eta hierarkizatu gabekoagoak eta antzekoagoak izan, orduan eta errazagoa da haiek egokitzea».

Hamabi metro koadroko gelez osatuta dago Rhizoma; denak dira tamaina eta ezaugarri berekoak. Norberak erabakitzen du zertarako erabiliko duen leku bakoitza, eta eskura du gelaren funtzioa aldatzea, edo espazioa moldatzea, bizilagunekin hala adostuta, familia unitatea handituko balitzeta leku zabalagoa beharko balute, esaterako. Edo, halaber, erabiltzaileek erabaki dezakete zerbitzu batzuk partekatzea: esate baterako, ez dute zertan eduki eurena den garbigailu bat, nahiago badute arropa eremu komunetako batean garbitu. «Era berean, posible da kanpoko guneak bereganatzea, eta erabiltzea behar produktiboen arabera», ñabartu du Collarrek. «Gaur egungo hirietan, ez da hala gertatzen», erantsi du. Mota horretako dinamikei esker familia loturak sor daitezkeela iruditzen zaio Garbizuri. Eta, orokorrean, erabiltzaileen konpromisoarekin, Rhizomak eta antzeko planteamenduek bizitza kalitate hobea eskaintzen dutela uste dute hirurek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.