Bat-batekotasuna, gain behera

Gero eta gutxiago dira Euskal Herriko kaleetan ikusten diren fotomatoiak. Urte askotan, argazki denda batera joan gabe erretratuak atera zitezkeen leku bakarrak ziren. Jendea jaramonik egin gabe pasatzen da kabinen aurretik, baina oraindik irautea lortzen dute herri eta hiri batzuetan.

Andy Warhol artistak 1963an fotomatoi batean ateratako argazkiak. HAND OUT.
unai etxenausia
2023ko otsailaren 16a
00:00
Entzun

Antzinako filmetan ageri diren denbora kapsula batean sartzea bezalakoa da, baina gortina bat dauka ate sendo baten ordez. Gasteizko Florida parkearen eta Eusko Legebiltzarraren artean dago kabina. Garbi eta oso ondo zainduak daude parkea eta eraikina. Kabina, berriz, abandonatua dagoela dirudi. «70eko hamarkadako tirak itzuli dira», irakur daiteke albo batean. Atzealdea pintaketaz beteta dago: ez erabiltzeagatik eta mantentze lan oso konstanterik ez izateagatik dela dirudi. Barruko aulkian, ia ez dago esertzeko lekurik, eta begietara jotzen dute bi fokuk. Pantaila txiki bat dago parez pare; argazki mota ezberdinak aukeratzeko jarraibideak ematen ditu. Lau erretratu mota daude aukeran: ohikoa, vintage-a, marrazkiduna, eta San Valentin eguneko berezia. «Asko maite zaitut» batekin ateratzen da azken hori. Ez dirudi denbora luzean inork fotomatoiko argazkiak oparitu dizkionik bere maiteari. Gainera, ezin da jakin argazkiak atera ahal izango lituzkeen ere, makinak ez baitu dirurik hartzen.

 

Berehala argazkiak lortzeko kabina automatikoak dira fotomatoiak. Oro har, kale edo eremu publikoetan jartzen dira, eta txanponak sartzean aktibatzen dira. Tradizioz, fotomatoiek eserleku bat izaten dute, argazkiak atera behar dituztenak kameraren aurrean jar daitezen diseinatua. Txanponak sartzean edo prozesua aktibatzean, makinak argazki batzuk aterako ditu. Serieko azken argazkia –normalean 3 eta 8 artean izaten dira– atera ondoren, fotomatoia argazki sorta inprimatzen hasten da. Hainbat minutu behar izaten ditu antzinako fotomatoi analogikoetan; orain, teknologia digitalarekin, askoz ere denbora laburragoan inprimatzen ditu. Argazkiaren dimentsioak eta formatuak aldatu egiten dira makinaren konfigurazioaren arabera.

Telefono kabinekin parekatu daitezke, elementu exotikoak bihurtu baitira herri eta hirietako paisaietan. Asmakizun berritzailea izan zen, halere, XX. mende hasierako argazkigintzarentzat. Fotomatoiaren kontzeptu modernoa Anatol Josepho errusiarrak sortu zuen, Ameriketako Estatu Batuetan, 1925ean. New Yorkeko Broadway auzoan jarri zuen lehen argazki kabina. 1928an, Josephok patentea saldu zion Frantziako enpresa bati, eta photomaton izena hartu zuen orduan. Gutxinaka, mundu osoan ezagun egiten hasi zen: tren geltokietan, eraikin publikoetan eta merkataritza guneetan kokatu baitzituzten asko. 1970ean hartu zuen berriz indarra fotomatoiak. Jolas makina eskatua bihurtu zen, non bikoteek eta lagunek argazkiak egin eta ia berehala eramaten zituzten. Gaur egun fotomatoiari ematen zaion erabileraren oso antzekoa zuen. Sortzaile askok tresna artistiko gisa erabili izan dute fotomatoia historian zehar.

Arrakasta handirik ez

Raul Feijo argazkilari eta Gasteizko Fotoprix dendako arduradunak 30 urte daramatza argazkilaritzaren munduan lanean.Esan duenez, fotomatoien moda Euskal Herrira itzuli zenean, argazkilariek horren eragina nabaritu zuten, jende askok nahiago baitzuen argazkiak kabinetan atera: «Erosoa egiten zitzaion jende askori, ez baitzen ezer behar. Denbora gutxi behar zen argazki sorta bat izateko, eta ez zen batere zaila makinen funtzionamendua». Zerbait profesionala nahi zuenak, ordea, gehiago behar zuen; izan ere, «argazkiaren kalitatea ez da sekula argazkilari batena bezain ona izango».

Fotomatoietako argazkietan, aurpegia moztuta edota desenfokatuta atera daiteke, eta, berriz ordaindu ezean, ezin daiteke argazkia berriz atera. Feijok azaldu du erretratuetan perfekzioa nahi izaten duela jendeak, gazteek bereziki: «Argazki perfektuak nahi izaten dituzte, NArako bakarrik badira ere. Fotomatoian ez dago atzera-bueltarik: ezin dira argazkiak berriz egin». Hain justu, horregatik «iraun zuen hain gutxi» fotomatoien modak: «Kabina hauen mantenuan lan egiten duen lagun bat daukat. Aspaldi esan zidan fotomatoiek ez zeukatela etorkizunik, baina hor jarraitzen dute», gehitu du Feijok.

Rufi Cristobalek oroitzen ditu Gasteizen fotomatoi mordoxka zeuden urteak. Sekula ez zaizkio «kalitatezkoak» iruditu kabinetako argazkiak, baina erabili izan ditu behar izan duenetan: «NArako argazkia ateratzeko erabili nuen azkenekoz. Ez dira argazki onenak, baina balio dute». Gainera, argazkilari batekin ateratzea «garestia» dela iruditzen zaio, eta nahiago du hainbeste ez ordaindu.

NArako, pasaporterako, tramite administratiboetarako... Beharrezkoak dira erretratuak. Cristobalek bezala, fotomatoietan ateratzen ditu argazkiak jende askok. Baina Feijori arriskutsua iruditzen zaio hori: «Joan den astean, bi pertsona etorri ziren dendara. Batak esan zidan fotomatoiko argazkian burua ez zitzaiola ageri; besteak, berriz, ez ziotela utzi NArako argazkia aurkezten, argazkiaren atzealdea ez zelako zuria. Argazkiak atera nizkien biei». Joan den astean gertatu zitzaiona ez zen «kasualitatea» izan: askotan pasatu zaio.

Irauten dute

Oztopo guztiak gorabehera, argazki kabinek eutsi egiten diote denborari. Fotomatoien fabrikazioaren merkatuan dagoen «monopolioa» da arrazoi nagusietako bat. Adibidez, Espainiako enpresa bakarrak kudeatzen ditu Hego Euskal Herriko kabina gehienak. Mundu mailan, Erresuma Batuan dago fotomatoien fabrikatzaile eta operadore handiena. «Ez nago ziur, baina pentsatzen dut makinen mantenua merke ateratzen zaielako eutsiko dietela kabinei. Hemengo enpresaren bat azpikontratatuko dute horretarako, eta errentagarria aterako zaie», uste du argazkilariak.

Fabrikatzaileek ez dute joera digitalen itzalean egon nahi, eta beste aukera guztietatik aldentzen den eskaintza ezberdin bat dute. Instagram eta Tiktoken gisako aplikazioak modan dauden garai batean, argazki kabinek bere iragazki pertsonalizatuak dituzte. Argazkia pertsonalizatzeko aukera ematen dute fotomatoi gehienek. Urtebetetze bihotzekin, marrazki bizidunetako pertsonaia ospetsuekin...

Modan jarri dira kabina eramangarriak ere. Argazkiak segundotan inprimatzen dituzten kutxa txikiak dira. Ohikoak dira ezkontzetan edo lagunarteko bestelako jaietan.

Bada asmakizun bat beste guztiei gailendu zaiena. Fotomatoi formatu berri bat da, tradizionalenak baino aukera gehiago eskaintzen dituena: ispiluko fotomatoia. Ez da kabina itxi bat, eta ukimen ispilu handi bat du pantaila gisa. Gorputz osoko argazkiak egiten ditu, eta soinuzko mezuak grabatzeko bideoak egin daitezke. Pantailan sinatzeko edo idazteko aukera ere ematen du.

Sortzeko kabina

Berdin dio zein fotomatoi mota den. Inoiz ez da ohikoa izan kabinako erretratu batean «ondo ikustea». Hori zen Andy Warhol artista estatubatuarrarentzat fotomatoien ezaugarririk erakargarriena. Warholek pertsonen ezaugarririk bereizgarrienak bilatzen zituen, eta ez edertasuna; beraz, fotomatoien erretratuen zintzotasunak erakarri zuen artista. Ospetsuak egin ziren 1963an Warholek argazki kabina batean ateratako argazkiak.

80ko hamarkada inguruan bere lagunekin fotomatoietan ateratzen zituen argazkiak ere oroitu ditu Cristobalek: «Gaztea nintzenean, lagunekin ateratzen nituen argazkiak fotomatoietan. Jai giroan izaten zen normalean; jaiaren parte ziren». Feijok ere horrekin lotzen ditu fotomatoiak: «Nork ez ditu lagunekin parrandatik bueltan zegoela argazki barregarri batzuk atera fotomatoi batean?».

Fotomatoiak berrasmatu egin dira, eta badirudi ez direla sekula «erabat desagertuko», Feijoren ustez. Ez dira inoiz argazkilaritzaren benetako lehia izan: «Guk beste funtzio bat betetzen dugu. Fotomatoiak bat-batekotasunaz gozatzeko daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.