Andoni Herrera. Erraldoi eramailea

«Sanferminak unetxoz beteta daude, eta denak dira oso bereziak»

BERRIA.
Ane Etxandi.
Iruñea
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Mohamed erraldoi asiarraren gonen azpian ibiltzen da Andoni Herrera (Iruñea, 1974), erraldoi eta buruhandien konpartsako kidea. Sanferminetako azken dantza Udaletxe plazan egin du.

Zer moduz joan dira sanferminak aurten?

Ederki, niretzat oso bereziak izan dira. Bueno, niretzat eta mundu guztiarentzat; azkenean, hainbeste denbora daramagu zain... Nik dagoeneko 48 urte ditut, eta erraldoiak gero eta pisutsuagoak dira, baina, tira, aurrera ateratzen dugu, ilusioz.

Eta konpartsarekin?

Sanferminak guk uste bezala joan dira, urtero bezala. Egia da jende asko etorri dela. Uste dut jende gehien egon den urtea izan dela, edo hori iruditu zait, behintzat. Gero, arazo bat dugu haurren aulkitxoekin, ez ditugulako ikusten. Ulertzen dut ume txikiekin zoazela, baina, orain, haurrak eramateko motxilak daude, eta mesede handia egingo ligukete horiek ekarriko balituzkete.

Zein izan da jaietako momenturik politena?

Uztailaren 7a da egunik politena guretzat: patroiaren eguna da, eta, Kontzejuko plazatik pasatzen garenean, asko txalotzen gaituzte. Momentu berezia da hori. Hala ere, festa unetxoz beteta dago, eta denak dira oso bereziak.

Gogoa duzu hurrengo sanferminetarako?

Egun pare bat egongo nintzateke erraldoirik gabe [barre egin du]. Egunez, konpartsarekin zaude; gauean ateratzen zara pixka bat. Azkenean, nekea pilatzen da. Baina, bueno, pozik gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.