Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Tuneletik

2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Tunela amaiturik, ihesa bakarrik falta zen. Bat-batean, azpi-mezu abailgarri bat iritsi zen: «Ez dago ihesbiderik. Hots, ihesbidea bada, baina ez dago nora ihes egin». Oker posible guztiak aurreikusiak genituen, baina horixe ez. Tresna susmagarriak ehortzi eta bakoitza bere desesperaziora erretiratu ginen.

Noizbait iritsi zen irteera legala ere, baina zirkunstantziak hainbeste aldrebestuak ziren, non ez baikeunden seguru kanpoko mundua eremu harresitu bat zen ala, soilki, askatasun mugatu bat. Tunelgintzara itzuli nintzen, neu bakarrik, isil-isilik. Ezin nuen jatorrizko asmoa behin betiko utzi, helburua ezabatu zelako. Familian bakarrik susmatu zuten zerbait, baina ez zuten susmoa aintzat hartu, seguruenik, ezin zutelako ikusi senide batek bere bizitza eraikitzen jarraitu nahi zuela porrot baten gainean. Bakoitzarekiko ardura etxetik harago nekez iristen baita, ez nuen zailtasun handirik izan klandestinitatea zaintzen, kanpo-laguntzarik ez zuen behar kasuak.

Metroak aurreratu ahala, munstroaren aurpegia zehazten ari zen, eta galeriari suge ondulante baten forma emanez joan nintzen. Inora iristerik ez bazen, bidea, behintzat, izan zedila kreatiboa. Ez nuen inon ezer esan, galdetuko baitzuten: «Zer zentzu dauka tunel batek, nora irtenik ez bada?». Eta Everestetik zer irtenbide dago?

Orain erosoago egiten zait lana, ihesaren antsietate gabe. Gozagarriago ere bai, neure gustuko tunela egin ahal baitut. Itxaroten dut, ongizate hau desegiterako, hila izango naizela. Behingoz, heriotza ez da itxaropen bat, segurtasun bat baizik. Modua honela izan daiteke: zorabiatu naiz, ontzira huts egindako pixa-tantak garbitzera makurtu naizenean. Inoren tantak garbitzera ere makurtu izan naiz, baina neureen gainean ezin dut aurkitu zorabio iraunkorrik. Badirudi hau hurrengoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.