Noiz sortua: 2020-02-12 00:30:00

150 urteko hordagoa

Fournier karta lantegiak 150 urte bete ditu aurten. Inprenta txiki batekin hasi eta munduko kartagintza enpresarik inportanteenetako bat bilakatu da. Karta sorta bereziak kaleratuko ditu, bai eta ospakizun ekitaldiak egingo ere.

<b>Makineria. </b>Fournier Karta Museoan ikusgai dago kartak egiteko erabiltzen zuten makinaria zaharra.
Makineria. Fournier Karta Museoan ikusgai dago kartak egiteko erabiltzen zuten makinaria zaharra. JUANAN RUIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Satrustegi -

2020ko otsailak 12

Heraclio Fournierrek, familia Burgosen (Espainia) utzi, eta, emaztearekin batera, Gasteizera joatea erabaki zuen 19 urte besterik ez zuela. Etxean ikasitako lanbidea, inprentakoa, bere kabuz egiteko apustua egin zuen 1870ean, eta Gasteizko Plaza Berrian inprenta txiki bat zabaldu zuen. 150 urte bete dira aurten lehenengo estudio hori zabaldu zuela. Mende eta erdi honetan mundu mailako karta ekoizlerik ezagunenetako bat izatea lortu du Fournier karta lantegiak.

 

Bulegorako materiala, txartelak eta askotariko inprimakiak egiten zituen hasieran Fournierrek, baina, azkar egin zuen kartak soilik ekoiztearen aldeko hordagoa. Karten negozioak arrakasta izan zuen. Plaza Berrian zuen estudio txikia utzi, eta hainbat estudio eta lokal handiagoetan aritu zen. 1887an, berriz, fabrika eraikitzeko agindu zuen.

Hasieran, litografia bidez sortzen zituen kartak. Hau da, hareharrian eskuz marrazten zituzten ereduak, eta tinta botatzen zieten gainetik. Harriaren gainean papera jarri, eta eskuzko prentsa makina erabiltzen zuen marrazkia grabatzeko. Urteek aurrera egin ahala, teknika eta makineria egokituz joan zen. Hain zuzen ere, Arabako hiriburua modernizatzen lagundu zuen Fournierrek, Gasteizen egon ziren lehen lurrun makinak bere estudiokoak izan baitziren, bai eta hirian egondako lehen telefonoa ere.

«Maila gorena lortu nahi zuen Fournierrek bere kartetan: teknikari, materialei eta diseinuari garrantzia ematen zien», azaldu du Edurne Martin Arabako Fournier Karta Museoko bildumaren arduradunak. Martinen esanetan, Fournierrek bere karten diseinua ezaguna izatea nahi zuen, fabrikaren izenarekin erraz lotuko zuena. Emilio Soubrier Gasteizko Marrazki Eskolako irakaslea eta Ignacio Diaz Olano margolaria arduratu ziren horretaz.

Euren lana ez zen alferrikakoa izan, 1889ko Parisko Mundu Erakusketan sari bat jaso baitzuen karta sortak. Brontzezko dominarekin saritu zuten, karten teknikari eta dotoreziari esker. «Esan daiteke hori izan zela gaur egungo diseinuaren oinarria», azaldu du Martinek, eta zehaztu du egun ezagutzen duguna Augusto Rius diseinatzailearen moldaketa dela, 1893an egindakoa.

Arrakasta oinordetzan

Heraclio Fournier 1916an hil zen, eta fabrikaren oinordetza bere biloba Felix Alfarori utzi zion. Bilobak kartagintza enpresaren arrakastari eusten jakin zuen; are gehiago, Espainiako karta sektoreko enpresa eta elkarte garrantzitsuak bereganatu zituen, ia monopolioa lortzeraino. Enpresak XX. mende erdialdean zuen garrantzia ez zen nolanahikoa, eta beste fabrika bat eraiki behar izan zuten Gasteizko San Kristobal auzoan. Alfaro berak bertan jarri zuen berak bultzatutako karta bilduma bat. «Aitonaren bulegoan Fournierrek ekoitzi ez zituen bi karta sorta aurkitu zituen, eta karten bilduma bat egiteari ekin zion», azaldu du museoko arduradunak.

Bilduma hori bera da gaur egun Arabako Karten Museoan ikus daitekeen erakusketaren oinarria. Alfarok 1980ko hamarkadan Arabako Foru Aldundiari saldu zion bilduma. Izan ere, 1973ko petrolioaren krisiaz geroztik, neurriak hartu behar izan zituzten iraun ahal izateko.

1994tik Legutioko Goiaingo industrialdean (Araba) dago lantegia. «60 langiletik gora aritzen gara lanean. Bederatzi milioi karta sorta ekoizten ditugu urtean fabrikan, eta Arabatik 70 herrialdetara banatzen ditugu». Diego Ruiz de Gauna lantegiko marketin arduradunak eman ditu datuak.

Munduan hain ezaguna izatearen arrazoietako bat da nazioarteko Cartamundi taldearen parte direla. Hain zuzen ere, kartaren arloan nazioarteko marka handienetarikoa da Cartamundi, eta markaren barruan biltzen diren enpresen estrategiaz eta banaketaz arduratzen da. «Espainiako sortaz gain, nazioarteko beste karta sorta asko egiten ditugu: Kataluniakoa, Filipinetakoa eta Argentinakoak, esaterako», zehaztu du Ruiz de Gaunak. «Kasinoetan blackjackean edo pokerrean aritzekoak ere egiten ditugu, eta baita taroteko kartak ere».

Fabrikaren mende eta erdia ospatzeko, bost karta sorta berezi prestatu dituzte. Horietako lehenengoa iazko abenduan aurkeztu zuten, Gasteizeko Mazoka ilustrazio azokaren hamabosgarren urteurrenarekin bat eginik. Noemi Villamuza, Elena Odriozola, Maite Gurrutxaga eta Yolanda Mosquera ilustratzaileek egin dute edizio berezia, eta Ruiz de Gaunak adierazi du fabrikatik igaro diren ilustratzaileei omenaldi bat egin nahi izan dietela: «Sorta honekin urte hautetan guztietan Fournierrekin lan egin duten 2.000 ilustratzaileak omendu nahi ditugu».

Emakumeak ere omenduko ditu aurten kaleratuko duten sorta berezietako beste batek: «Orain, emakumeen eta gizonen arteko oreka dago lantegian, baina, orokorrean, emakumeak nagusi izan dira Fournierrek izan dituen fabriketan». Bestalde, iragarri du ere urte amaierarako ekitaldi bereziak prestatzen ari direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna