Geldirik ezin gelditu

Koronabirusak bete-betean jo du dantzaren mundua. Dantzaldiak bertan behera gelditu dira, euskal dantza taldeak noraezean dabiltza, eta estilo guztietako dantza eskolak moldatu behar izan dituzte. Baliteke konpainia txikiagoek aukera gehiago izatea.

Distantzia jarrita. Iruña Taldean zenbait dantza baztertu dituzte. IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Irailean hasi dira swing eskolak. Martxoaz geroztik, ez dute dantzan aritzeko aukerarik izan, etxeko egongelan egindako saiakera irrigarri baina dibertigarri horiez gainera. Lehenbiziko eskola eguna da Bilboko Little Harlem swing eskolan. Hamaika arau berri daude: eskuak garbitu, maskara jantzi, saio osoan bikote ezagunarekin aritu... Lurreko markek mugatzen dute bikote bakoitzak erabil dezakeen espazioa. Eta hasi dira gelaren metro koadroen arabera baimendutako kideak dantzan, izerditan. Bukaeran, ikasle batek barne-barnetik bota du beste askok ere pentsatuko zutena: «Ene, orain dela bi ordu baino zoriontsuagoa naiz orain!».

Martxoaren erdialdean dantza errotik moztu zuen konfinamenduak, eta ondorengo arintzeak ez zuen egoera hobetu. Etxetik aritu dira dantza estilo guzietakoak: teoria lantzen, urratsak Zoom bidez errepasatzen, dantza kideekin harremana ez galtzeko hitzordu birtualak finkatzen edota koreografia berriak sortzen. Kalera ateratzearekin batera, moldatzeko beharra ikusi dute dantzaren sektorean ere. Batzuk nahiko ongi, besteak hala moduz, eta badira ezinean dabiltzanak ere.

Pentsatu liteke dantza lotua dela pandemiaren kaltetu nagusietako bat. Izan ere, nola dantzatu liteke tangoa, swinga, saltsa, bachata, balsa edo mazurka metro eta erdiko distantzia mantenduta? Ez hori bakarrik. Nola dantzatu taldeko koreografia bat jende kopuruaren mugak aintzat hartuta? Eta, dantzatzea erabakiz gero, nola? Izan ere, erakundeei maiz atzendu zaie dantza horien araudia, eta batzuk interpretazio librea egiten dabiltza, non kokatu jakin ezinik, kirol jardueran edo aisialdian.



Iker Dominguez da Bilboko Little Harlem swing eskolako arduradunetako bat. Egungo egoeran, eskolekin baizik ezin izan dute hasi, eta, noski, neurri zorrotzak jarraituz. Eskolen artean aretoak garbitu eta leihoak ireki behar dituzte. «Dena konplikatu da. Egia esan, ahalik eta diru gutxien galtzea da orain gure erronka». Haserre agertu da Eusko Jaurlaritzarekin, ez dutelako dantzarako protokolorik sortu. Haiek Valentziakoa (Herrialde Katalanak) hartu dute eredu.

Oztopoz beteriko bidea

Gauza bera gertatzen da saltsarekin, bachatarekin eta antzeko beste dantza lotuekin. Gasteizko Bailalo eskolan, neurri zorrotzak hartu dituzte. Monika Fuentes hango zuzendarietako bat da, baita irakaslea ere, eta egoera azaldu du: «Ahalik eta hobekien egokitzen saiatu gara, gogotsu, baina, batez ere, errespetuz: ez dugu beldurra alde batera utzi, baina ez genion dantzatzeari utzi nahi». Ohiko neurriez gain, sartu aurretik tenperatura hartzen diete ikasleei.

Euskal dantzetan arazoak ugaritu dira. Talde gehienak ez dira profesionalak, eta erabat ahaztu dituztela sentitzen dute. Iruñean erabat babesgabe dagoen taldeetako bat da Iruña Taldea. Nerea Eugi taldeko zuzendariak azaldu duenez, oztopoz beterik dute eremua. Eskola batean entseatzen zuten orain arte, baina koronabirusa dela eta, ezin da eskolaz kanpoko jarduerarik egin ikastetxeetan. «Udan kalean entseatu genuen, baina ez zen bideragarria, eta, gainera, orain kalean talde handiak ezin gara bildu, seiko muga dagoelako».

Nafarroako Dantzarien Biltzarraren bidez, Iruñeko Udalera jo zuten konponbide eske, baina ez dute erantzunik jaso. Oraingoz, Iruñeko talde batek bere lokala utzi die entseguetarako. Han, noski, protokoloa zorrotz bete behar dute: eskuak garbitu, aldagelak eta komunak ezin dituzte erabili, zapatak kanpoan kendu, materiala desinfektatu...



Oraingoz, bikoteka egiten diren dantzak baztertu dituzte, eta dantzaren zatiren batean eskutik heldu behar badiote elkarri, moldatu egin dute, elkar ez ukitzeko. Maskara jantzita daramate une oro: «Berehala nekatzen zara, baina ez fisikoki, arnas faltagatik baizik». Distantziek, gainera, jarduera aldatu dute: «Dantzak hotzagoak dira. Dantza harremanak izateko modu bat da, baina ezin dugu elkar ukitu eta elkarrengana gerturatu. Hori da faltan sumatzen dudana: kontaktua eta bikote dantzak», kontatu du Eugik.

Birusaren eragina dantzaren eremu guzietara zabaldu da. Dantzagunean neurri zorrotzekin ari direla azaldu du Gari Otamendi bertako komunikazio arduradunak: bi txanda egin dituzte —goizekoa eta arratsaldekoa—, sartzeko eta ateratzeko ordutegia du bakoitzak, eta ezin dira taldeen artean nahastu. Aretoetan jende kopurua mugatuta dago, baina barruan pixka bat malguagoa da egoera: «Ikuskizunetan bezala: onartzen da, arauen barruan, distantzia gutxitzea eta maskara kentzea, baina haiek ardura hori hartzen dute, horretarako hiruzpalau paper sinatu behar dituzte. Aretotik ezin dira nahi dutenean atera, eta, inork sintomak baditu, talde guztia isolatzen da».

Alde ona ikusten ere saiatu da Otamendi: «Konpainia garaikideek estruktura txikiak dituzte, 3-4 pertsonakoak, orduan, emanaldi horiek ondo egokitzen dira gaur egungo egoerara». Horretan aritzen da Oihan Indart ere, Senpereko (Lapurdi) Elirale konpainiarekin. «Egokitu behar izan dugu: egokitu edo deus ez egin». Emanaldiak moldatu dituzte, eta sorkuntza lanetan segitzen dute.



«Hastapenean, pixka bat itoak sentitu gara taldean, hainbeste muga izatea frustragarria zen. Une batez ezin genuen lurrean ere dantzatu», azaldu du Indartek. Azkenean, kiroletan eta antzokietan ikusitakotik jarraitu dute: «Gure artean dantza egiteko ez dugu maskara erabiltzen, ez dugu aukeren artean. Betiere elkarren arteko adostasun batekin, kontziente izanik arriskuak zein diren». Bakoitza arduraz aritzen da taldetik kanpo: «Ari gara aitzina ahal bezala, baina kontziente izanik noiznahi konpainia konfinatzeko beharra izanen dela».

Argentinan alarmak piztu dituzte tangoaren munduan. Dantza soziala da tangoa, eta, eskolak ematen diren arren, milongak dira dantza horren inguru naturala. Milongak tango dantzaldiak dira, eta konfinamendua hasi zenetik, ez da halakorik egin. Izan ere, nekez egokitu liteke helduta eta gertu-gertu egiten den dantza bat gaur egungo osasun neurri eta arauekin. Laguntza eskatu diote Argentinako Gobernuari, denetarikoa: alde batetik, laguntza ekonomikoen beharra nabarmendu dute, baina baita tangoa berriz dantzatu ahal izateko protokolo eta neurriak zehazteko laguntza ere.

Plazarik gabe gelditu dira

Euskal Herrian gauza bera gertatu da: akabo toki publikoetan dantzatzea. Baionako Bilaka taldeak sumatu du hori. Plazaz deitutako ikuskizunean, taldeko dantzarien emanaldiaz gainera, jendeak dantzaldian parte hartzen du. «Antolatzaileek ez dute dantzaldi parte hartzailerik programatzen, argiki. Beraz, dantza ikusteko bai, baina publikoarekin dantzatzeko ez dira garairik onenak», azaldu du Indartek, Bilakan ere dantzari aritzen baita.

Bestelako dantzekin gauza bera gertatu da: orain ez dago saltsa eta bachata dantzatzeko plazarik. Gasteizen, Havana Pub da erreferentziazko tokia, astero-astero izaten zen han dantzatzeko parada. Orain, itxita dago. Kindia Torres dantzaria eta lokaleko jabea kezkaturik agertu da: «Egoera kritikoa da. Akademiak ireki dituzte, baina gaueko aretoak ezin dira ireki. Esaten dutena da dantza eta gaueko giroa direla kutsatzeko gunea».



Egoera horren aurrean, «atzendu» egin dituztela uste du. «Alarma egoeran bai, baina orain denaz atzendu dira. Beraz, azken beltzera goaz, inork ez gaituelako laguntzen». Beraz, erakundeek gaueko sektoreari laguntzeko eskatu du. Oraingoz, eustea da bere asmoa, baina ez daki zenbat denbora luzatu dezakeen egoera hau aretoa itxita baldin badu. Bien bitartean, beste lan batzuk egin behar izan ditu Leonardek.

Swing estiloan alde soziala oso garrantzitsua dela uste du Dominguezek: «Ez da soilik eskoletara etortzea, gero ekitaldiak zeuden. Ni horrek harrapatu ninduen». Jaialdietara joan ohi dira, baina hori ere eten da. «Ezagutzen ez duzun jendearekin gorputzaren lengoaiarekin elkar uler dezakezu. Hori da dantzaren aberastasuna, eta hori gelditu da». Hori baita dantza: espazio batean eta jendearekin egiten dena, koronabirusak galarazi duena.

Eta, horrekin batera, beste jarduera sozial batzuk: bestak, eskeak, sokadantzak... egun batetik bestera errotik moztu dira komunitatea osatzen duten elementu horiek. Otamendik hutsune hori nabarmendu du: «Orain gehiago kostatzen da lotura soziala izatea, eta hor jarri behar dugu arreta». Etorkizunari begira, kezka handia du Eugik: «Ez dago emanaldirik, eta motibazioa galtzea erraza da. Hau izan daiteke erortzeko garaia, dantzariak eta taldeak galdu daitezke. Orain, gure xedea bizirik irautea da».

Pandemia bukatzean ere etorriko dira komeriak, Leonarden aburuz: «Bihar irekitzen uzten badigute ere, izorraturik gaude, asko kostako baita beldurra uxatzea». Nahiz eta baden beldurrik ez duenik; horiek aurrera egiteko gogoa ematen diote: «Dantzatzeko irrikaz daude, eta idazten didate esanez 24 orduz ireki beharko dudala haien dantza grina asetzeko». Fuertesek alde onari begiratu nahi izan dio: «Hainbeste denbora eman dugunez itxita, bueltatu direnak gogo handi itzuli dira. Kontent gaude jendea dantzara etortzen delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.