Albistea entzun

Dantzan, gorputzak askatzeko

'Vogue'-a dantza baino gehiago da: aldarrikapena, izateko manera, gorputza astintzea eta familia bat. Iruñean dago Euskal Herriko 'etxe' bakarra, Anouar Merabetek zuzendua. Trans arrazializatu batzuek sortu zuten, eta ikusarazteko lanean ari dira Iruñean. Bideoa albistearen barruan.

<b>Familia argazkia. </b>Victor Domingo <em>V-Majestic</em>, Emmanuel Henry <em>Koko</em>, Anouar Merabet <em>Nefertiti</em>, Carlos Guadalupe <em>Malicious</em> eta Aimar Breton <em>Euphoria</em> dantzariak, Iruñeko <em>vogue</em> etxeko kideak.
Familia argazkia. Victor Domingo V-Majestic, Emmanuel Henry Koko, Anouar Merabet Nefertiti, Carlos Guadalupe Malicious eta Aimar Breton Euphoria dantzariak, Iruñeko vogue etxeko kideak. IÑIGO URIZ / @FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iker Tubia -

2021eko ekainak 8

Nabarreria plazan, Iruñean, jendea poteoan da. El Juncal dantza aretotik bost lagun atera dira, nortasun handiko pausoak emanez. Beroki luzeak, takoidun botak edo zapatak, crop top-a, kamiseta gardena, minigona, urratutako galtzak, margotutako azazkalak eta begiak. Nork bere estiloa du, baina komunean dute familia. Vogue dantzariak dira, eta Iruñea astintzeko gogoz daude. Aretoan sartuta, musika paratu, eta eztanda egin dute. Erraietan bildutako energia guzia askatzen duten sumendiak dira. Indarra, irudia, jarrera eta pose bat. Baina pose bat baino askoz gehiago ere bada, voguing-a.

 

Vogue dantza familia moduko batean egin ohi da. Ez dira odolezkoak, eta ez da familia nuklear bat. Etxea deitzen diote haien egiturari, eta badute hierarkia bat. Anouar Merabetek kontatu du Euskal Herriko etxe bakarra Iruñean dagoela. Hura da ama, eta Nefertiti deitzen diote. Seme-alabak bildu ditu solasaldirako: Victor Domingo V-Majestic, Emmanuel Henry Koko, Carlos Guadalupe Malicious eta Aimar Breton Euphoria. Gazteak dira, 16 eta 20 urte bitartekoak, baina, dantzan hastean, beheak eta goiak irentsi ditzaketela erakusten dute.

Vogue-a 1970eko hamarkadan sortu zuten AEBetan bizi ziren afrikar jatorriko eta Latinoamerikako emakume trans batzuek. Jasan behar izaten zuten bazterkeriatik ateratzeko modu bat zen. «Haien artean elkartzeko ekitaldi txikiak egiten hasi ziren, eta ekitaldi horietan pribilegio zuria deitzen zutena bere egin eta erakusten zuten», azaldu du Merabetek. Pertsona horiek etxetik botatzen zituzten LGTB gazteak hartzen zituzten, eta horrela sortu ziren etxeak deitzen dituzten egitura sozialak.

Etxean hartu zituzten gazte horiek beren gorputzak eta identitateak landu nahi izan zituzten gero, eta orduan sortu zen vogue fem deitzen dena, Madonna abeslariak 1990ean ikusgaitasun handia eman ziona. «Orduz geroztik sekulako bilakaera izan du gorputzaren lanketari, dantzari eta edertasunari dagokionez», azaldu du Merabetek. Vogue-aren mugimenduak lerro zuzenak dira eta Vogue aldizkariko argazkietako jarrerak imitatzen dituzte. «Lerro zuzenak menperatu ondoren, femeninotasunaren goratzean murgiltzen zara. Normalki, takoiekin, ileordeekin eta abar dantzatzen da».

Iruñeko vogue dantzari gazteak. Iñigo Uriz / Foku

Dantza indartsua eta zirraragarria da, egoera fisiko ona eskatzen duena. Izan ere, mugimendu asko egiten dituzte kokoriko paratuta, lurrean botata edo salto akrobatikoak eginez. «Gure belaunak... konpontzera eramateko moduan ditugu denok», esan du, irriz, Merabetek. Bost elementu nagusi ditu dantzak, eta hortik aurrerakoa jarrera, energia, sentimendua, gogoa eta adierazpena direla zehaztu du: «Adierazten duguna dantzan baizik ezin dugu adierazi».

Ezagutarazten ari dira

Iruñean, joan-etorrian, hogei lagun inguru aritu dira vogue-aren inguruan azken urteetan, baina orain hamar inguru aritzen dira. Hala ere, oraindik ez da sobera ezaguna: «Iruñeko jende askok ez daki Vogue deitutako aldizkari bat dagoenik ere; nola ezagutuko dute dantza?». Baina hasiak dira ikusgaitasun hori lortzen. San Fermin Txikin karrikan izan ziren pandemiaren aurretik, eta «sekulako arrakasta» izan zutela esan du Merabetek. Kiki ball deitutako bi erakustaldi ere egin dituzte; azkenengoa maiatzaren 15ean izan zen, Jazar gunean. Berlingo, Londresko eta Bartzelonako jendea ere joan zen parte hartzera. Poliziak zapuztu zuen erakustaldiaren bukaera, eta legez kanpoko besta bat zela zabaldu zuten hedabide batzuek. Merabetek argitu du osasun neurriak errespetatuz antolatutako erakustaldi bat izan zela, eta aurreratu du irailean beste bat egiteko asmoa dutela.

Nolanahi ere, vogue-a gero eta ezagunagoa da, eta hori LGTBI komunitatearen ikusgaitasuna handitzearekin lotu du Merabetek. Ez horrekin bakarrik: gazteek sare sozialetan aurkitzen dituzte horrelako adierazpideak eta erreferenteak. Ados dira voguing-a egiten duten gazteak. Adibidez, sarean izan zuen horren berri Bretonek: «Flipatu egin nuen, inoiz ez nuen halakorik ikusi. Etxean urrats batzuk egiten saiatu nintzen oso gaizki, noski, baina, gero, eskoletan hasi nintzen». Berarentzat voguing-a «askatasun» eta «ahalduntze» tresna bat da. «Oraindik ere kosta egiten zait nire alde femeninoa ateratzea. Hemen hori egiteko eremu aske bat dut; hemen inork ez nau epaituko».

Guadalupek ere bazuen mundu horren berri eskoletan hasi aurretik: «Liluratzen ninduen. Adierazteko modu horrek zoratzen ninduen», kontatu du. Ez zuen soilik dantzatzeko manera bat ikasi: «Ni oso itxia nintzen, eta voguing-ak izugarri hazteko aukera eman dit: askatu egin naiz. Sobera; kar, kar kar!». Dantzan hasi zenetik bestelakoa dela uste du: «Zeure burua hobeto ezagutzeko parada eskaintzen dizu».

Vogue entsegua, Iruñeko El Juncal aretoan. Iñigo Uriz / Foku

LGTBI komunitateak ireki zien dantzarako atea haietako askori. Ekainak 28 plataforman ezagutu zuten Merabet. «Harritu nintzen Iruñean horrelakorik bazenik jakitean, eta poliki-poliki hasi nintzen eskoletan parte hartzen, eta ongi harrapatu nuen», azaldu du Henryk. Dantzan aritzen zen lehenago ere, beste estilo batzuetan. Azkenengo kiki-an bi txapel eskuratu zituen: taldeka eta banaka. Berari ere izaera garatzen lagundu dio vogue-ak: «Kostatu izan zait besteen aurrean adieraztea: gorpuzkera, hitz egiteko manera... Beldurra ematen zidan trans nintzela esateak, pisu handia duelako atzean, eta horretan lagundu dit vogue-ak: nire izaera garatzen». Etxean askotan esan diote gizon izateko. «Azkenean, nik dantzaren bidez kanporatu dut hori guzia».

Asier Rikarte aktorea Instagramen jarraitzen hasi zelako sartu zen vogue munduan Domingo, hura ere aritzen baita voguing egiten. «Beti pentsatu izan dut ez nintzela gai dantzatzeko; ez nintzen batere ona. Baina hemen beste zerbait aurkitu dut: inprobisazioa», azaldu du gazteak: «Energiari ematen diot garrantzia, nik ezagutu ere egiten ez nuen nire parte bat askatzeari». Bere komunitatearekin lotzeko bidea aurkitu du dantzan. «Ez da dantza bakarrik: aktibismo modu bat da, zuzena den hori aldarrikatzeko eta borrokatzeko daukadan manera».

Dantza eta hitza

Pasio handiz mintzo dira lau gazteak vogue-ari buruz, eta esker hitzak ibili dituzte frankotan, haien ama-ri konplizitatez begiratzen dioten bitartean. Gorputza aldatu zaie dantzari esker, eta gorpuzkera. «Zure gorputza gehiago ezagutzen duzu voguing eginez. Asko inprobisatzen duzu, eta inprobisazioaren bidez bat-batean zure forma edo mugimendu bat aurkitzen duzu, ezagutzen ez zenuena, eta garatu egiten duzu, eta gero eta seguruago sentitzen zara», azaldu du Guadalupek.

Dantza bezain garrantzitsuak dira jarrera eta janzkera. Domingok garrantzia handia eman die jantziei: «Nire gurasoek onartzen naute; badut ingurune nahiko seguru bat, baina etxetik takoiekin aterako banintz zerbait esanen lukete. Vogue-an nahi dudan bezala janzteko toki bat ere aurkitu dut, eta hori zoragarria da». Crop top bat jantzita darama, eta takoidun bota beltzak. «Gertatu izan zait vogue eskoletara billabesan joatean txaketarekin ezkutatzea, inork begiratu ez ziezadan, baina eskolatik txaketarik gabe ateratzen nintzen gero, pentsatuz: 'Bost axola zer esaten didazuen'».

Emmanuel Henry Koko, vogue dantzaria. Iñigo Uriz / Foku

 

Ibiltzeko maneran ere eragiten duela gaineratu du Merabetek: «Karrikan ibiltzen zarenean runway egiten duzu, vogue-aren beste kategoria bat. Modelo bat bazina bezala ibiltzen zara, sekulako indarrarekin, eta ea nor ausartzen den zerbait esatera! Erabat ahalduntzen zaitu». Sumatzen da askotan partekatu dituztela dantzarekin dituzten bizipenak. «Dantza gehienak ez bezala, vogue-an gehiago ikasten duzu hitzez enpatiaz, ahalduntzeaz, jarreraz... teknikarekin baino», argitu du irakasleak. Hala ere, entseguak beharrezkoak dira: ordu asko ematen dituzte.

Dantzaren ahala

Ahalduntzea. Hitz hori askotan aipatu dute vogue dantzariek. Segurtasuna behar baita dantzan hasteko; batez ere, karrikan. «Lan handia dago, ez soilik dantzatzeko erarena; dantzan ari zara, eta, aldi berean, ahalduntzen», kontatu du Merabetek: «Hasieran, dantzara ateratzen zarenean, beheak eta goiak irentsiko dituzula sentitzen duzu. Denborarekin, erabat ahaldunduta zaude, eta ez dago atzera egiterik».

Vogue-a ez da dantza bat bakarrik. Dantzariek azpimarratu dute argi izan behar dela bere jatorria eta testuingurua zein den. Gune aske bat da, eta familia bat. Iruñekoa ez da etxe handi bat: «Etxe txiki bat gara, kiki bat, eta erakutsi nahi dugu voguing-a zer den», azaldu du Merabetek. «Tokiak behar ditugu askotariko gorputzak eta identitateak dituzten gazteek beren burua azaltzeko eta lantzeko. LGTB talde anitz ditugu, baina ez dago gunerik gisa honetako adierazpide artistikoak lantzeko».

Aitzindaria da Merabet, eta bidea irekitzen ari da bere vogue familiako kideekin batera. Solasaldia bukatutakoan, musika ozen paratu dute. Kendu dituzte beroki luzeak, eta jarri dituzte takoiak dantzan. Vogue-a dantza da, baina baita aldarrikapena, izateko manera eta familia bat ere. Gorputza astintzea, gizartearen normak astintzeko. Karrikak dantzan astintzea, askatasuna erdiesteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Edonork egin dezake eskrima»

Joseba Arratibel Ladron

Otaegik 34 urte daramatza eskrima praktikatzen, eta 22 urte Fortuna kirol elkartean eskrima irakasten. Bihar eta etzi, gainera, eskrima saioak eskainiko dituzte Donostiako Katalunia plazan.
2 ©JON URBE / ARGAZKI PRESS

Handituz joan den olatua

Amaia Jimenez Larrea

Donostiako Piratek hogei urte bete dituzte aurten. 2002an, hiriko gazte batzuk, «zezenketen, su festen eta izozkien» jaiak alde batera utzita eta beste eredu baten bila, eztabaida sortzen hasi ziren. Abordatzea izan zen eztabaida sortzeko egitasmoa, eta gaur egun festen ekitaldi nagusia da.

Kilometro Lezoko ikusleak, iaz, emanaldi batean. ©LEZOKO UDALA

Nobedadeak Kilometro Lezon

Joseba Arratibel Ladron

Datozen hiru asteburuetan, Kilometro Lezoren hirugarren aldia egingo dute. Dantza emanaldiez, zirkuaz, antzerkiez eta musikaz gozatzeko aukera egongo da

Jendetza bildu ohi da festen hasieran Laudion. ©LAUDIOKO UDALA

Dantzaz beteriko festak

Maixa Utrera Puelles

Martxan dira Laudioko San Roke jaiak, Jabier Artetak txupinazoa bota eta agurra irakurri ostean. Bi txandatan egingo dituzte jaiak: lehen txanda, bihar arte; ondoren, hilaren 24tik 28ra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...