Elisa Garrido Moreno. Artearen Historiako irakaslea

«Arteak ere egiten dituen galderak egiten ditu fisikak»

Garridok nabarmendu du artea eta zientzia elkar elikatzen eta laguntzen duten jarduerak direla. Irakasle eta ikertzailea da, eta uste du artistei eta zientzialariei galdera eta erronka berriak sortuko lizkiekeela elkarrekin iritziak eta kezkak partekatzeak.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Artea eta zientzia uztartzen ditu Elisa Garrido Morenok (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1985). Zientziak egin duen eta egiten duen irudien erabilera ikertzen du batez ere. Gaur egun artea eta zientzia uraren eta olioaren pare dira askorentzat, elkarrekin uztartu ezin daitezkeen jarduerak; jakintza eta kultura beraren bi adar direla aldarrikatzen du, ordea, Garridok. Artearen Historia irakasle da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. DIPC Donostia International Physics Centerrek antolatutako Mestizajes jardunaldietan parte hartu du, aste honetan, Donostian.

Gaur egun zientzia eta artea oso bereizita daude. Hala ere, iraganean ez zen hala. Zergatik gertatu da?

Urte askotan ez da hala izan. Errenazimentuko jenio handiek, Leonardo da Vincik, Rafaelek eta Michelangelok, esaterako, beren mundu ikuskeran oso barneratua zuten artea eta zientzia bi ezagutza mota zirela. Artelanak eta lan zientifikoak egin zituzten. Leonardo da Vinci asmatzailea zen, baina baita artista ere. Gioconda sortu zuen, baina anatomia tratatuak eta giza gorputzari buruzko azterketak ere egin zituen.

Eta nola gertatu zen bi diziplinen arteko etena?

Ezagutzaren adarren instituzionalizazioak eragin du batez ere. Ilustrazioan artea eta zientzia oraindik oso estu lotuta zeuden; baina unibertsitateak, ikerketa zentroak, jakintzaren adarrak... sortu ziren, espezializazioa handitu zen, eta diziplinak bereizi zituzten.

Diziplina ezberdinetan bereizi bai, baina bataren eta bestearen arteko loturak errotik moztu zituztela dirudi.

Bai. Filosofia fakultate bat eta Matematika fakultate bat sortuz gero, bi diziplina horiek jada bereizita daude fisikoki. Bien arteko lotura korapilatsua da. Gainera, lehen unibertsitateak hirien erdian egiten zituzten; gaur egun, berriz, kanpoko aldean. Geografikoki ere bereizteak zaildu egiten du elkarren arteko lotura.

Espezializazioak ere eragina izan du?

Bai, jakina. Zerbaitetan oso espezialista izan behar da aurrera egiteko, ikertzeko... Sistemak berak eragiten du zu diziplinartekoa ez izatea.

Zientzia eta artea jakintza beraren zati dira?

Zabalduta dago bi kulturen ideia, baina faltsua da. Arteak eta zientziak printzipioak partekatzen dituzte, gizakiarengan oinarrizkoak diren printzipioak: sormena, jakin-mina, berrikuntzak egiteko gaitasuna eta baita trebetasuna ere, teknikan trebatzea. Hizkuntza bat ikasi behar duzu erroketak egiten ikasteko: matematika. Beste hizkuntza bat ikasi behar duzu eskultura bat egin nahi baduzu: materiari forma ematea. Azkenean, metodo eta gauza asko partekatzen dituzte.

Zientziaren eta artearen arteko loturari buruz hitz egitean, iraganeko kontua dirudi. Errenazimentua aipatu duzu, landareen eta animalien garai bateko irudi orriak... Gaur egun ere, ordea, lotuta daude, ezta?

Bai, jakina. Hitzaldian irudi jakin eta oso adierazgarri bati buruz hitz egin nuen: NASAk [Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentzia] 2019an argitaratu zuen zulo beltz baten lehen argazkia. Komunikabide askotan argitaratu zuten. Argazki hori MOMAk [New Yorkeko Arte Modernoko Museoa] eskuratu du. Irudi zientifiko bat, ezagutza zientifikoa, objektu artistiko bihur daiteke, jartzen duzun testuinguruaren arabera. Gainera, irudi horiek eta lotura horiek gordetzeko kultur erakundeak daude: museoak, artxiboak...

Artisten lanak erabiltzen dira ezagutzen ez dena edo irudien bidez erakutsi ezin dena erakusteko eta gizarteratzeko.

Jakina. Behar-beharrezkoak dira. Horrez gain, artearen eta zientziaren arteko loturen adibide gisa, CERNek [Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseilua] programa berezi bat du artistentzat, artistek bertan egonaldiak egiteko eta sormen proiektuak garatzeko. Arteak ere egiten dituen galderak egiten ditu fisikak: Nola funtzionatzen du munduak? Zein da gure jatorria?...

Teknologiaren aroa da egungoa. Urrutiko gauzen eta elementurik txikienen irudiak lortzen dituzte. Zer ekarpen egiten dute marrazkiek?

Artista askok lan egiten dute, esaterako, ilustrazio botanikoetan. Frogatuta dago marrazkien bidez askoz ere hobeto erakuts daitekeela landareen morfologia, forma, argazkiekin baino. Argazkiekin aurrean daukazuna soilik erakuts dezakezu; marrazkiekin, ordea, zuk nahi duzuna eta nahi duzun moduan.

Ilustrazio zientifikoari buruzko masterrak daude.

Gero eta gehiago, beharrezkoak baitira, ez bakarrik dagoena erakusteko, ikasi nahi duguna irudien bidez erakusteko baizik.

Zer ekarpen egiten dio zientziak arteari eta zein arteak zientziari?

Hasteko, galdera berriak. Fisikariek fisikariekin bakarrik eta artistek artistekin bakarrik harremana dutenean, elkar elikatzen dute. Galdera berak dituzte, eta elkarri erantzuten diote. Mundu eroso horretatik atera eta beste diziplina batzuetako jendearen galderei aurre egiten diezunean, baina, zeuk ere galdera berriak egiten dizkiozu zeure buruari. Zientzialari gisa zeure buruari egingo ez zenizkiokeen galderak egin diezazkiokezu. Agian baita gizartetik gertuago dauden galderak ere. Artisten kasuan, sortzaileagoa izan zaitezke.

Arteaz hitz egiten duzu, baina arteaz gain, giza zientziak ere multzo berean sartu beharko lirateke?

Bueno, niretzat zientzia guztiak dira giza zientziak, ez bakarrik izen hori dutenak. Batzuetan, zientzia zehatzei buruz hitz egiten dugunean [izendapen okerra, Garridoren arabera], ahaztu egiten dugu zientzia mota hori egiten dutenak pertsonak direla. Pentsa, adimen artifizialean badago gai bat oso interesgarria, algoritmoena, eta ikusi da lerratze matxista bat dutela, gizonek sortzen baitituzte. Zientzia guztiak dira giza zientziak, hala deitzen ez bazaie ere.

Sormena artearekin lotu ohi da, baina zientzialari guztiek diote oso garrantzitsua dela zientzian eta ikerketan ere.

Ikerketa guztiak galdera batekin, zalantza batekin hasten dira. Ezagutu nahi den zerbait izaten da abiapuntua. Galdera horiek sormenetik, jakin-minetik, sortzen dira.

Alexander von Humboldt naturalista eta esploratzailearen lanetako ilustrazioak ikertzen hasi zinen; baina gaur egun XVIII. mendean ilustrazio zientifikoak egin zituzten emakumeen lana ikertzen ari zara. Zer eta nola egin zuten?

Hitzaldietan eta ekitaldietan jendeak askotan galdetzen zidan ea ilustrazioen egileak zein ziren. Horietako asko ezezagunak ziren. Geroago jakin nuen ilustrazio horien egileetako asko emakumeak izan zirela.

XVIII. mendean emakumeak loreen eta landareek irudiak egiten?

Garai hartako goi mailako kultura femeninoan ondo ikusia zegoen emakumeak botanikan, lorezaintzan eta paisajismoan aritzea.Ondo ikusia zegoen loreak margotzea. Loreak margotzen hasi etanaturarekiko interesera, inguruan zituzten espezieetara pasatu ziren. Emakume asko botanika ilustratzen hasi ziren. Metodo zientifikoak erabili zituzten, eta batzuek Carlos Linneoren lanak ere irakurri zituzten, sailkapen botanikoaren teoriko handietako batenak. Zientziaren dibulgazioa eta lan zientifikoak egin zituzten ilustrazio botanikoen bidez.

Emakume horien lana ezezaguna eta ikusezina da, zientzian aritu diren beste hainbat emakumeren moduan.

Historia ikastearen ekarpen nagusietako bat da jakitea nondik zatozen, nora iritsi zaren jakiteko. Horrela soilik jakin dezakezu nora zoazen. Beraz, nik historiaren bidez baldin badakit gizarte lerratu batean bizi naizela, zerbait egin dezaket hori aldatzeko. Badakit aurrerapen handia egin dugula emakumeak ikusarazteko, ez bakarrik emakumeak, baita genero eta arraza aniztasuna ere. Beraz, hori baldin badakit, lerratuta nagoela baldin badakit, gauzak egin ditzaket aldatzeko.

Salatu izan duzu gaur egungo museoetan ia ez dela emakumerik agertzen. Museoei buruzko gogoeta egin behar da eta berrantolatu behar dira?

Kasu gehienetan gizonek egindako bildumak jaso ditugu, batez ere gizon zuri burgesek egindakoak. Museoak ez dira espazio neutroak. Kontua ez da museoetatik Charles Darwin kentzea, horrek ez du zentzurik, baina zientzia gizatiartu behar da. Darwini buruz hitz egin behar da, baina hitz egin behar da superazio istorioez ere. Niretzat museo batera joaten diren haurrentzat irakasgarriagoa da bide zaila izan eta, hala ere, iritsi zirenei buruz hitz egitea, bide erraza izan zutenei buruz bakarrik hitz egitea baino. Beharrezkoa da istorio horiei buruz hitz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.