Bueltan da San Fermin

Aurkeztu dituzte Iruñeko bestak iragartzeko aukera izan dezaketen hamar afixak. Iruindarrek bat aukeratu dezakete maiatzaren 4ra bitarte botoa emanda. Aurtengo kartel gehienek bestaren itzulera hartu dute gai nagusitzat.

Iker Tubia.
Iruñea
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun

Besta bueltan da. Iruñeko Udalak dagoeneko iragarria du aurten sanferminak ospatzeko asmoa duela, eta horren erakusle da Iruñeko bestak iragartzeko kartel lehiaketa. Pandemiarengatik bi urtez bertan behera gelditu ondotik, dagoeneko martxan da afixa aukeratzeko prozesua. Epaimahaiak aukeratutako hamar kartel finalistaren artean botoa emateko aukera dute orain iruindarrek, maiatzaren 4ra bitarte. Internet bidez, Civivox zentroetan edo udalera deituta bozkatu dezakete Iruñean erroldatutako pertsonek.

Ikusi gehiago:Hamar kartel finalistak

Itzulera da aurtengo sanferminak iragartzeko aukera duten hamar karteletan irudikatzen dena, nagusiki. Nork bere maneran egin du hori: batzuek jende bilkurak agertuz, beste batzuek metaforak baliatuz: zezenaren itxura duen parentesia eta borragoma; edo gatibu egondako egunak kontatzen dituzten marrak. Badira gai horri erreferentziarik egin ez diotenak ere. Iruñeko bestatako pertsonaiak ere ageri dira zenbait karteletan: zezenak, erraldoiak eta San Fermin santua; eta, nola ez, zuria, gorria eta beltza. Hala ere, badira horretatik aldendu diren afixak.

Javier Manzanos epaimahaiko kideak azaldu duenez, parte hartu duten kartelen kalitatea «oso handia» izan da. «Lengoaia eta proposamen askotarikoak bilatu ditugu. Batzuk kontzeptualagoak dira, beste batzuk abstraktuagoak, eta beste batzuk grafikoagoak edo figuratiboagoak. Jendeak non aukeratu izan dezan nahi dugu, betiere, kalitatea oinarri hartuta».

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Jorge Urdanoz Iruñeko Kultura eta Berdintasun zuzendaria; Sergio Puertollano komunikazioan aditua; Javier Perez Zabalza Nafarroako Komikiaren Azokako zuzendarietako bat eta ilustrazioan aditua; Concha Pasamar artista eta ilustratzailea; Kontxesi Vicente Iruñeko Arte Eskolako arte grafikoetako irakaslea eta artista; Leticia Sagredo diseinu grafikoko irakaslea eta ilustratzailea; eta Javier Manzanos Iruñeko Arte Plastikoetako teknikaria.

Afixa gehiago

Parte hartzea nabarmen handitu da aurten, 601 lagun aurkeztu baitira lehiaketara. Maria Garcia-Barberena Kultura zinegotziak onartu du azken urteetan parte hartzea «poliki-poliki» jaisten ari zela, eta poztu da igoerarekin. 2019an, esaterako, 245 lagunek aurkeztu zituzten beren proposamenak. 2004. urtea izan zen parte hartzerik handiena izan zuen urtea, 622 lagun aurkeztu baitziren lehiaketara. Aurretik, 2002a (616) eta 1997 (620) izan dira aurten baino parte hartzaile gehiago izan dituzten urteak.

Aurtengo lehiakide gehienak nafarrak dira: 380; haietarik 188, iruindarrak. Udalaren datuen arabera, Bizkaitik 19 afixa bidali dituzte, eta Gipuzkoatik, berriz, 17. Ez dute zehaztu gainerako euskal lurraldeetatik bidali ote dituzten.

Parte hartzaile kopurua ez ezik, finalista kopurua ere handiagoa da aurten. Normalki, zortzi afixa izaten ziren aukeratzeko, eta, aurten, hamarren artean erabakiko dute iruindarrek. «Aukera zabaldu nahi genuen», azaldu du Garcia-Barberenak. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu; 2019an, 3.600 euroko saria zen.

Sanferminak iragartzeko aukera izanen duten hamar hautagaiak ikusgai izanen dira bozketak irauten duen egunetan. Kondestablearen jauregian egonen dira afixak. Horretaz gainera, Interneten ere finalista guzien irudiak paratu ditu Iruñeko Udalak, pamplona.es webgunean. Maiatzaren 5ean bertan jakinaraziko dute zein den 2022ko sanferminak iragarriko dituen kartela.

«Ez da atzera bueltarik»

Hilabete hasieran iragarri zuen Enrique Maia Iruñeko alkateak uztailaren 6tik 14ra sanferminak ospatuko zirela: «Ez da atzera-bueltarik». Iruñean «inoiz ikusi gabeko» kontzertu bat ere iragarri zuen, nahiz eta onartu ez dutela oraindik deus itxi. Juan Carlos Unzue futbol jokalari ohiak botako du txupinazoa, alkateak hala erabakita. Afixa herritarrek aukeratuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.