Mailu hotsen erritmoan

'San Juan' baleontzia ari da pixkanaka amaieran izango duen itxura hartzen. Ontziaren saihetsak ohol luzez estaltzen ari dira orain, eta uretara bota beharko dute laster, lanean jarraitzeko. Erreplika egitea «esperimentazio eta ikerkuntza» lan handia da, Albaolako arduradunen esanetan.

Oholak. Langile bat saihetsak ohol luzez estaltzen. ANDONI CANELLADA / @FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Pasaia
2022ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Ia eguerdiko hamabiak dira, eta beroa sumatzen da Pasai San Pedroko kaleetan. Ur ertzera gerturatuz gero, giroa apur bat freskatzen da; itsasotik datorren haizeak bero lehorra baretzen du. Uretan, itsasontzi handiak amarratuta daude, lan ordu luzeen ostean atseden hartzen. Beroak ez du jendea etxean utzi, eta joan-etorri mugituadago: bertako herritarrak, bainu bat hartzera joan direnak, eta baita ingelesez hitz egiten duten hainbat erromes ere.

Kale argi baten goiko aldean, kartel bat ageri da: «Albaola, 600 metro»; gezi batek norabidea erakusten du. Geziaren norabidea jarraituz, Torreko plazarantz gidatzen du bisitaria. Bidean aurrera egin ahala, haurren oihuak nabari dira; beroari aurre eginez, uretan bainu bat hartzen ari baitira. Bideak aurrera jarraitzen du, baina ez dago Albaolaren arrastorik.

Albaola itsas faktoriara hurbilduz joan ahala, mailu hotsak geroz eta ugariagoak dira pauso bakoitzeko. Halako batean, letra larriz ikus daiteke: «Albaola, itsas kultur faktoria». Museora sartzean, geroz eta ozenagoak dira kolpe hotsak, eta ez da gutxiagorako, barruan arotzak lan eta lan ari baitira.

Izan ere, 2014. urtetik Albaolan San Juan baleontziaren erreplika bat egiten ari dira. San Juan XVI. mendeko baleontzi bat zen, Ternuara baleak harrapatzera joaten zena. 1565. urtean, Red Bayn (Kanada) hondoratu zen, eta 1978. urtera arte ez zuten errekuperatu. Indusketa lanek sei urte inguru iraun zuten, eta, ikerketa luzeen ostean lortutako informazioarekin, Albaolan ontzi horren erreplika bat egitea otu zitzaien, duela zortzi bat urte.

Gaur-gaurkoz, San Juan oso osatua dago. Saihets gisa dauden oholak jarri ostean, horiek ohol horizontalez estaltzen ari dira; hala, ontziaren kanpoaldeko geruza osatu dute. Ontzia ia osorik dago estalita, baina zatirik konplikatuena falta da: behekoa; eskorak behetik gora sartu behar baitira, eta leku gutxi baitago lan egiteko.

XVI. mendeko prozedurak

San Juan egiten hasi zirenetik, proiektuan lanean ari diren arotzek XVI. mendeko prozedurak besterik ez dituzte jarraitu. «Ikerketa asko dago horren atzean, ez baitugu inor ezagutzen horrelako teknikak erabiltzen dituenik», azaldu du Mikel Leozek, Albaolako itsas ondareko teknikariak. Hala ere, etorkizuneko proiektuetarako baliagarria izango zaien jakinduria eskuratzen ari direla dio.

Baleontzia ia osorik eta oso ongi kontserbatuta aurkitu zuten Red Bayn; beraz, piezen tamaina eta egiteko modua jakiteko aukera egon zen. «San Juan aurkitu zen arte, proportzioka egiten zuten lan ontzigileek, neurri finkorik gabe», oroitu du Leozek. 1978ra arte, ez zegoen plano zehatzik itsasontziak berregiteko, eta baleontziaren neurriek asko erraztu zuten prozedura.

Albaolako teknikariaren arabera, nahiz eta sarritan errepikatzen den galdera bat izan, datorren urtean edo «asko jota» bi urte barru hasiko da nabigatzenSan Juan. Leozek argi du Kanada izango dela baleontziaren lehen geldialdia, «ama galeoia» hondoratu zen lekua. «Kanadarreketa euskaldunek partekatzen duten ondare bat da San Juan», esan du Albaolako kideak.

Lan «fisikoa»

Bederatzi bat langile aritzen dira baleontzian lanean: Albaolako ontzigintza eskolako lauzpabost ikasle, bi irakasle eta kontratatutako lau arotz. Horietako batzuk, ikasleak gehienak, kanpotik datoz, Frantziatik, Austriatik, Italiatik, AEBetatik... Leozek bi arrazoi eman ditu hori azaltzeko: batetik, ez daude ontzigintza eskola asko, eta, bestetik, Albaolak ospe handia lortu du SanJuan-engatik. «Ikasle askok badakite ez dutela inoiz horrelako lanik berriro egingo, eta horrek asko motibatzen ditu», gehitu du Leozek.

Langile horietako bat da Josu Uranga zumaiarra. Arotza da lanbidez, eta urtebetez ariko da baleontziaren erreplikan lanean. Urangak aurretik ere bazuen harremana ontzigintzarekin, haren herrian batelak konpontzen ibilitakoa baita, baina zaletasun gisa. Albaola ere aurretik ezagutzen zuen, eta aitortu du «amets bat» dela San Juan-en lanean aritzea.

Itsasontziaren sotoak atontzen dabil Uranga, lankideekin batera. Haren esanetan, duela bizpahiru hilabete Albaolan lanean hasi zenean nabaritu zuen lan oso fisikoa zela. Arotza metro bateko oholak mugitzera ohituta zegoen herriko lantegian, eta 50 bat kiloko oholak mugitzeak asko nekatzen zuen. «Lan oso fisikoa izanda ere, oso ederra da», aitortu du.

Hain ohol pisutsuak San Juan-erako bereziki aukeratuak izan dira. Esaterako, Sakanako Mankomunitateak dohaintzan eman zizkion Albaolari baleontzia egiteko behar zituen haritz guztiak. «Hasieran, ez genekien non bilatu ere», oroitu du Leozek, eta biziki eskertu du Sakanako Mankomunitateak Albaolarekin izanzuen detaile eskuzabal hori, bidea apur bat erraztu baitzien.

COVIDa eta beste oztopoak

Koronabirusak, beste hainbat sektoretan bezala, eragina izan du turismoan ere. Leozek dio oraindik ere apur bat mugatzen dituela birusak, baina pixkanaka bisitariak Albaolara joaten ari direla. Itsas faktorian obretan ari dira, eta horrek ere eragina du joaten den jende kopuruan: 2019. urtean, 64.000 bisitari izan zituzten, eta Leozentzat «oso kopuru ona» da.

Albaola asteartetik igandera irekita dago. Astearte eta igandeetan, goizez izaten dira bisitak, eta asteazkenetik larunbatera, goizez zein arratsaldez. Ez dago ordua eskatu beharrik bisita egiteko.

Bestalde, 2021eko irailera arte Albaolara joateko oinezkoen bidea itxita egon zen, luizi baten ondorioz, eta bisitariek itsasontziz joan behar izaten zuten. Esperientzia polita zen itsasontziz joatea, baina asko mugatu zituen bisitak: «Min handia egin zigun. COVIDa baino okerragoa izan zen; bakartuta utzi gintuen», oroitu du teknikariak.

Leozen esanetan, bisitari batzuek ustekabean aurkitzen dute Albaola, Donostiatik Pasaiara oinez datozela. Beste batzuk, ordea, norbaitek gomendatuta iristen dira. Azken horietakoak dira Abraham Cabanillas eta bere familia. Madrildarra da Cabanillas, eta Granadako (Espainia) den bere neska lagunarekin eta haren familiarekin egingo du bisita.

Asturiasen (Espainia) turismoa egin ondoren, Euskal Herriko hainbat herritan izan da familia: Irunen, Hondarribian, Donostian... eta eguna Pasaian igarokodute. «Pasai Donibane bisitatzen ari ginen, eta, gizon bati nora joan genezakeen galdetzean, leku hau gomendatu digu», esan du Cabanillasek. Itsasontzia hartu dute beste aldera gurutzatzeko. Itsasontziko bidea asko gustatu zaiela azaldu du familiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.