Sauna, bizitzaren ardatz

Finlandian oso errotuta dago saunaren kultura, eta bai helduek eta bai gazteek eusten diote tradizioari. Euskal Herrian ere badira zaleak, eta esperientzia «sakona» dela diote. Hainbat ikerketaren arabera, ona da osasunarentzat.

1. Ura. Behin estufa berotuta, ura botatzen da, lurruna sortzeko. MAURI RATILAINEN / EFE.
ane insausti barandiaran
Zestoa
2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Rakenna ensin saunasi jasittentalosi (Eraiki lehenik zure sauna, eta gero zure etxea), hala dio Finlandiako esamolde batek. Etxearen zutabea da, lehentasun bat askorentzat, esamoldeak erakusten duenez. Etxetik kanpo ere hartzen dute, ordea, egunerokoan txertatutako ohitura baita herrialde hartan. Sauna beroa hartu, eta kanpora ateratzen dira askotan, laku edo igerileku hotz batean bainua hartzera. Guztira, 3,3 milioi sauna daude Finlandian, eta 5,5 milioi biztanle.

Hainbat herrialde eta kulturatan daude saunaren antzeko ohiturak: Errusian (baniak), Turkian (hammamak), erromatarren artean (termak), Japonian... Baina, Finlandian, duela milaka urtetik dago sauna hartzeko ohitura. Esperientzia sinplea dirudi: egurrezko gela batean, estufa bat egoten da, gainean harriak izaten ditu, eta berotzean, ura botatzen zaie, lurruna sortzeko.

Kultura oso bat dago, ordea, ariketa sinple horren atzean; erabat errotutako ohitura bat da. Esperientzia «sakratua» zen antzina finlandiarrentzat: emakumeak saunetan erditzen ziren, eta hildakoak lurperatu aurretik garbitzeko ere erabiltzen zituzten. Hain zuzen, Unescok ondare immaterialeko ondasun izendatu zuen saunaren kultura 2020an.

Dozenaka ikerketa egin dituzte sauna hartzearen onurak frogatzeko, batik bat Finlandian. Besteak beste, osasun kardiobaskularra hobetzen duela, iktusa izateko arriskua apaltzen duela, eta, izerdia botatzearen ondorioz, gorputzak ingurunetik barneratutako toxinak kanporatzeko egokiak direla erakutsi dute. Intentsitate ertaineko jarduera fisikoa egitearen parekoa dela ere esaten dute, eta, hortaz, kirola egin ezin dutenentzat oso baliagarria izan daitekeela.

Onura fisikoak gorabehera, sauna hartzean lortzen den lasaitasunagatik maite dute askok ohitura hori. Horietako bat da Joseba Ossa itzultzailea. Finlandiara egindako bidaia batean ezagutu zituen, eta guztiz «liluratuta» geratu zen «sakontasunarekin»: «Konturatu nintzen egungo itxurakeria eta azalkeria baino askoz ere sakonagoa dela, eta badela leku bat kontenplaziorako, egoteko».

Hizkuntzak ikasteko eta Eskandinaviako gizarte eredua ezagutzeko asmoz joan zen Finlandiara, bizikletaz. Hiru hilabeteko egonaldia hiru urtekoa bihurtu zen, azkenean. «Mia [Rissanen, emaztea] ezagutu nuen, maitasun txinpartak hasi ziren, eta Finlandiarekin eta saunaren kulturarekin txundituta geratu nintzen», azaldu du.

Lehen aldiak

Ossak gogoan du oraindik sauna hartu zuen lehen eguna: auzolandegi ekologista batera joan zen, eta gizonek eta emakumeek elkarrekin eta biluzik hartzen zutela jakitean, urduritu egin zen. «Orduan, lotsatiagoa nintzen, eta urduri nengoen, baina interesatuta, aldi berean. Naturala izan zen, ederra. Abiapuntu ona izan zen».

Bigarren saioa egitera, berriz, apaiz luterano batek gonbidatu zuen: «Saunaz, politikaz, erlijioaz, sexuaz, bikote harremanez, gizontasunaz... hitz egin genuen. Orduan hemen kontenplatu ere egiten ez ziren gaiak ziren, eta esperientzia sakona izan zen». Lagunekin sauna hartzen jarraitu zuen, eta emaztearen aitarekin «graduatu» zen: erretiroa hartu berri zuenez, astean hiruzpalau aldiz hartzen zuen sauna harekin.

Hiru urtez Finlandian bizi ondoren, Euskal Herrira etorri zen bikotea: asmoa zen beste hiru urtez Euskal Herrian bizi, Rissanek euskara eta gaztelania ikasi, eta ondoren erabakitzea bietako zein herrialdetan biziko ziren. Azkenean, Euskal Herrian gelditzea erabaki zuten. Baina, horretarako, baldintza bat jarri zuen finlandiarrak: sauna bat eraikitzea. «Mia ez zen garbi sentitzen, ezta dutxatik ateratakoan ere».

Donostian eta Zumaian (Gipuzkoa) bizi ondoren, Arroabean (Zestoa, Gipuzkoa) etxe bat ikusi zuten, eta, sauna egiteko aproposa zenez, erostea erabaki zuten. Finlandiara joan ziren estufa erostera, eta bi lagun etorri ziren Euskal Herrira, sauna eraikitzera. Etxean sartu eta ezkerrera daukate, gela txiki batean.

Pasioz hitz egiten du Ossak saunaz, eta begiek diz-diz egiten diote oroitzapenak kontatzean. Maite du denak «berdinak» izatea sauna barruan: «Izan zaitezke ministro, Nokiako zuzendari, kale garbitzaile edo sukaldari; saunan, denak berdindu egiten gara».

Bestalde, Euskal Herrian sauna publiko bat jartzea ere bazuen amets, Finlandiakoak bezalakoa. Duela hamar urte, egia bihurtu zuen ametsa, Artatzako kanpinean (Nafarroa). Urteurrenaren harira argitaratu du Sauna on! (Erroteta) liburua, Euskal Herriko saunazaleen istorioak biltzen dituena: «Liburuaren bidez, jendeak aukera izango du sauna bere sakontasunean ezagutzeko».

Sustraietara itzultzea

5 urte zituenetik hartzen du sauna Mattin Rafu Ruiz de Alda Laaksonenek. Ama finlandiarra zuen, eta Urruñako (Lapurdi) etxean sauna bat eraiki zuten, alboan igerilekuarekin; baldintza hori jarri zuen hark ere. «Nik hori ezagutu dut txikitatik, eta asko maitatu dut beti; gero, gainera, igerilekura salto egiten nuen, eta, niretzat, sekulakoa zen hori».

Gordeta ditu haurtzaroko hainbat oroitzapen: «Eguberri egunean, beti erraten zidaten Julupuki [Finlandiako Bizarzuri] opariak ematera etortzea nahi banuen saunara joan behar nuela, bestela ez zegoela oparirik». Aitarekin saunatik itzulitakoan, opariz beteta izaten zuen izaia.

18 urte zituela galdu zuen ama, eta, 30 urte egindakoan, Finlandiara joan zen, bizikletaz, sustraietara itzultzeko: «Amak egin didan oparirik ederrena hizkuntza da. Ama galdu eta hamar urtera, sentitzen hasi nintzen finlandiera galtzen ari nintzela, ez nuelako erabiltzen». Horregatik joan zen Finlandiara, eta zazpi hilabete pasatu zituen han. Astero hartzen zuen sauna, lagunekin.

Finlandiakoak bainoago, kanpoko lagunak egin zituen Ruiz de Aldak, gehienbat. Batzuk han geratu dira bizitzen, eta denborarekin konturatu da zergatik: «Ohartu naiz haiek guztiak asko-asko maite dutela sauna, eta uste dut horregatik geratu direla Finlandian», esan du. Adin guztietako jendeak jartzen du sauna, eta lortu dute tradizioa belaunaldiz belaunaldi pasatzea: «Ederra da: sakelakoarekin-eta ibili arren, sauna atxiki nahi dute gazteek», hausnartu du.

Euskal Herrian, ordea, zailtasunak izaten ditu lagunak sauna hartzera joanarazteko: «Hemen, sauna kirolarekin lotuta ikusten da kulturalki, edo erotismoarekin edo sexuarekin lotzen da, oso arraroa egiten delako lagunekin biluzik egotea; are gehiago mistoa bada».

Kirolzale amorratua da urruñarra, eta kirola egin ondoren sauna hartzeak lasaitzen du: «Saunan, muskuluak erlaxatzen ditut, eta ederki geratzen naiz, oso tarte goxoa da». Hain zuzen, saunaren bidez soilik lortzen du kirolaren bidez daukan sentsazioa, kirolik egin gabe: «Hiru egunean kirolik egiten ez badut, ez naiz ongi. Beraz, badakit kirola egin behar dudana. Aldiz, kirolik egin gabe hori lortzeko dudan modu bakarra sauna da».

Hyva? olo-k ondo sentitzea esan nahi du finlandieraz, barruko poza, sosegua. Hala sentitzen da sauna hartu ostean: «Niretzat, bihotz sosegua duzularik lortzen duzu zoriona. Sauna saio bakoitzean, hori lortzen duzu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.