Inoiz baino biziago

Aurreikuspen guztiak bete ditu Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak 'Bizi' lelopean antolatutako bestak. Bildutako dirua ikastolaren proiektua indartu eta eraikinean beharrezkoak diren konponketa batzuk egiteko erabiliko dute.

Zartako-K taldeak bigarren gunean jo zuen. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bizi, bizi euskararen hazi, Sakanako lurretan bizipozez bizi». Hori diote aurtengo Nafarroa Oinez-en kantaren hitzek. Kantan errandakoa egia bihurtu zen igandean, inoiz baino biziago ibili zelako euskara Altsasun (Nafarroa). Eguraldia lagun, milaka lagun elkartu ziren Iñigo Aritza ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez bestan. Laugarren aldia zuen ikastolak bestaren antolatzaile gisa. Aurretik 1981ean, 1993an eta 2003an antolatua zuen. Goiz-goizetik ibili zen jendetza lau kilometro eta erdiko ibilbidean, eta ikastolako ordezkariak pozik azaldu dira jendearen erantzunarekin.

Eneida Carreño Iñigo Aritzako lehendakariak egunaren balorazio hagitz positiboa egin du: «Ibilbidea zoragarria zain da, eta erantzuna, bikaina. Jendetza egon da eta giro oso ona; helburuak bete eta gainditu egin dira». Aurten, besta inklusiboa izatea zen ikastolaren erronka nagusietako bat. Horretarako, ibilbidea gurpil aulkiarekin ibiltzeko prestatu dute; zerbitzuak eta informazio panelak ere moldatu dituzte. Erronka bete dutela nabarmendu du Carreñok: «Lortu dugu besta inklusiboa izatea. Gurpil aulkian dagoen jende anitzek, etorri, eta zorionak eman dizkigute». Haurrentzat, gainera, inklusibitate tailerra egin zuten, eta arrakasta handia bildu zuen.



Goizean goizetik milaka euskaltzale bertaratu ziren Altsasura, eta horrek trafiko arazo batzuk ere sortu zituen. Horiek konponduta, ordea, ez zen bertzelako ezustekorik izan. Gazteen gunea izaten da horrelakoetan kezka iturria; igandean, ordea, dena espero bezala joan zen, eta ez zen nabarmentzeko arazorik izan, Carrreñoren arabera. Alde horretatik «lasai» eta «pozik» daudela nabarmendu du.

Egunarekin bakarrik ez, urte guztian egindako lanarekin ere «hagitz kontent» azaldu da ikastolako lehendakaria. Egindako ekitaldiek harrera hagitz ona izan dutela nabarmendu du; hala ere, zerbait nabarmentzekotan, izandako «elkarlana» eta «auzolana» azpimarratu ditu. Antolatutako ekitaldiek komunitatea «sendotu» dutela uste du lehendakariak, eta nabarmendu du ezen, komunitatea sendotzeaz gain, parte ez direnek ere proiektua ezagutu dutela. Urte guztian 150 familia aritu dira Nafarroa Oinez antolatzen, eta, egunean bertan, 1.200 boluntario baino gehiagoren laguntza izan zuten. Carreñok eskerrak eman dizkie boluntarioei eta bertaratutako jende guztiari, ikastolaren izenean: «Dena zor diegu boluntarioei eta bildu ziren euskaltzaleei. Haiei esker, ikastolako hezkuntza proiektuak aurrera jarraituko du, eta eraikinak behar dituen hobekuntzak egiten hasiko gara».

Falta direnak gogoan

Albiste triste batekin ernatu zen Altsasu goizaldean, ikastolako ikasle ohi eta komunitateko kideetako bat auto istripuz zendu baitzen goizaldean. Hala ere, familiak horrela eskatuta, bestari ekitea erabaki zuten ikastolako ordezkariek. «Familiaren mezua jaso genuen, eta horrek bultzatu gintuen eguna aurrera eramatera», adierazi du Carreñok. Egun guztian hagitz presente izan zuten.

Hamarretan ireki zuten ibilbidea, eta bertan izan ziren, bertzeak bertze, Uxue Barkos Nafarroako lehendakaria, Ainhoa Aznarez Nafarroako parlamentuko presidentea eta Maria Solana Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria. Iñigo Aritza ikastola osatzen duten lau herrietako —Altsasu, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordiako— alkateak ere bertan izan ziren. Eusko Jaurlaritzatik, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordea bertaratu zen.

Ikastolaren hasierako momentu «latzak» oroitu zituen Eneida Carreño ikastolako lehendakariak. Oztopoak oztopo, ikastolaren proiektuan sinisten dute eta lekukoa harro eramango dute, Carreñok nabarmendu zuenenez. Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek azpimarratu zuen euskara «etorkizuneko hizkuntza» dela: «Mamua uxatu behar dugu, eta euskarari sarrera ukatu zaion lekuetara eraman. Oztopoen gainetik euskaraz bizi».



Ekitaldian, presente izan zituzten preso dauden Altsasuko zazpi gazteak, baita goizaldean zendutako ikasle ohia ere. Ekitaldia bukatuta, Tere Irigoienek eta Juan Manuel Galartzak moztu zuten sarrerako zinta, Nafarroa Oinez-en paella prestatzen duen taldea ordezkatuz. 2005ean Altsasun egindako Nafarroa Oinez-erako bildu zen lehenengo aldiz Sakanako kuadrilla bat. Geroztik, urtero, paella jana antolatu dute ikastolen aldeko besta guztietan.

Zinta moztearekin bat bete ziren antolakuntzak prestatutako Bizi, Kanta, Txio eta Dantza guneak eta bertaratutakoek euskal kulturaz gozatzeko ekitaldi andana izan zituzten.

Duela urte batzuk antolatzen hasitako ikastolen arteko erronka izan zen ekintza arrakastatsuenetako bat. Hainbat ikastolatako hamarnaka gazte ibili ziren lau guneetan zehar egindako probetan. Azkenean, garaipena Altsasun bertan gelditu zen, Iñigo Aritza ikastolako ikasleek irabazi baitzuten erronka. Antolatzaileak pozik azaldu dira izandako arrakastarekin, gazte anitzek hartu zutelako parte.

Kanta izeneko bigarren gunea izan zen gune jendetsuenetako bat. Gazte anitz bildu zen bertan, eta goizean goizetik musika talde ugariz gozatzeko aukera izan zuten. Bertzeak bertze, Nerabe, Anita Parker eta Trikidantz taldeak entzuteko aukera izan zuten bertaratutakoek. Bertze guneetan. Demode Quartet, Trikiteens eta Tximeleta taldeen kontzertuak izan ziren. Egun guztian zehar musika eta giro ona zabaldu zituzten ibilbdean zehar zeuden txaranga, trikitilari zein txistulariek. Haurrentzat gainera Haurren hiria txokoa egokitu zuten Dantza izeneko lehenengo gunean.

Lekukoaren eskualdatzea

Eguerdian egindako ekitaldian Nafarroa Oinez-en lekukoaren eskualdatzea egin zuten. Tuterako Argia ikastolari eman zioten lekukoa, ikastola hori izango baita datorren urtean Nafarroako ikastolen besta antolatuko duena. Tuterako Ikastolak laugarrenez antolatuko du0 Nafarroa Oinez 2019ko udazkenean.

Eskualdatzearen aurretik, Iñigo Aritza ikastolak komunitatea osatzen duten irakasle eta langileak omendu zituen. Nafarroako ikastolen elkarteak, aldiz, Pamiela argitaletxea omendu zuen euskal kulturaren alde apustu sendoa egiteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.