Txakurrak ere hezi behar dira

Beste txakur batzuekin, pertsonekin edo bestelakoekin arazoak izan ditzakete txakurrek. Horiek alde batera uzteko, lanketa sakonak egin behar izaten dituzte txakur hezitzaileek. Haien ustez, komunikazioa izatea eta harreman on bat sortzea dira animalia horiekin elkarbizitza egokia izateko kontuan hartu beharrekoak.

Taldekako saioan parte hartu zuen txakurretako bat. GORKA RUBIO / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Lasarte
2023ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Urduri dago Leire Kerejeta gaztea, Jagger txakurraren jabeetako bat. Bikotearekin batera eraman du txakurra GuHau txakur hezitzaileen zentrora, Lasartera (Gipuzkoa). Txakur arrekin gaizki moldatzen da Jagger, eta, galgo bat denez gero, paseoan joatean korrika alde egingo ote duen beldur da bikotea.

GuHauko hezitzaileetako bat da Nora Oteiza, eta dena prest du saiorako. Beste lau txakur gonbidatu ditu saiora, Jagger beste txakur batzuekin harremana izaten has dadin. Hamabost bat minutu zelaian bakarrik pasa ostean, pixkanaka hasi dira txakurrak iristen. Uste baino hobeto dago Jagger, eta Leire eta bikotekidea lasaitu egin dira. Gustura ikusten dituzte txakurrak.

Bakarkako zein taldekako saioak egiten dituzte GuHaun. Txakurrek dituzten arazoak konpontzeko taldekako saioak baliagarriak izaten direla azaldu du Oteizak: «Ondo konponduko diren txakurrak elkartzen ditut; horrela, beren artean ere gauzak ikas ditzakete; beste txakur batzuekin harremana izaten, esaterako». Whatsappeko talde baten bidez elkartzen dituzte txakurrak eta jabeak, eta, saioak ez ezik, asteburuetan ekintzak egiteko ere elkartzen dira.

Duela bi hilabete joan ziren lehen aldiz Leire eta Jagger GuHaura, eta, geroztik, astean behin joaten saiatzen dira. Kerejetak ondo oroitzen du lehen saioa: «Bikotekideak ezin izan zen etorri, eta bakarrik etorri nintzen. Apur bat larrituta nengoen». Oteizak beste txakur ar batekin elkartu zuen Jagger, eta uste baino hobeto konpondu ziren. Pixkanaka beste txakur batzuekin elkartuz joan zen, eta hobekuntza ikusi dutela kontatu du Kerejetak: «Poliki badoa ere, aldaketa ikusten dut txakurrarengan, eta asko pozten naiz».

Beste txakur batzuekin elkartzeaz gain, txakurrak eta jabeak harreman on bat izatea da arrakastaren gakoa Oteizarentzat. «Nire lana pertsonei erreminta egokiak ematea da, txakurrarekin duten harremanean oreka egon dadin», azaldu du. Txakur bat ulertzen denean, eta ulertua sentitzen denean, jabearekin sortzen den konexioa «oso polita» da, hezitzailearen esanetan.

Ulertu eta onartu

Txakurra ulertzeaz gain, den bezalakoa dela onartzea garrantzitsua da GuHauko hezitzailearentzat. Adibidez, setter batek mendian gora eta behera ibiltzea behar duela kontatu du, ehiza txakurra baita. «Jakingo bagenu zein bulkada dituen arraza bakoitzak, hobeto jakingo genuke zein txakur den egokiagoa guk dugun bizitzarako», gehitu du.

Jabearen eta animaliaren arteko harremana egokia izatea ez da txakurraren ardura bakarrik, ezta hezitzailearena ere. Lanketa handia eta sakona dela esan du Oteizak, eta jabeak bere bizitzan txakur bat izatea erabaki duenetik txakur horrekin egin beharreko lana ere bere gain hartu behar duela. «Harremana orekatzen denean, txakurrek asko jartzen dute euren aldetik, eta prozesua erraztuz joaten da».

Laura Salvador hezitzaileak ere garrantzi handia ematen dio txakurrarekin ezartzen den harremanari. Betidanik gustatu izan zaizkio txakurrak Salvadorri, eta atentzioa eman izan dio jendeak txakurrekin harremana izateko duen moduak. 2017an egin zuen txakur hezitzaile izateko lehen formakuntza, Madrilen, eta geroztik «etengabeko formakuntzan» ari da. Lehen formakuntza horren ostean, bere afizioa ofizio bilakatzeko erabakia hartu zuen. Gizotso enpresa sortu zuen, txakurrei, ahal zuen heinean, lagundu ahal izateko.

Oteizak ez bezala, etxez etxe egiten du lan Salvadorrek, Nafarroan. «Nire ustez, arazoa lekuan bertan landuz gero, eraginkorragoa da; jokabide arazoei dagokienez, bereziki». Egon daitezkeen arazo edo zailtasunak gertatzen diren lekuan konpontzen ez badira, leku horretara itzultzean berriro azaleratu daitezkeela uste du Gizotsoren sortzaileak.

Metodologia oso zehatza du Salvadorrek, eta «formakuntza handia eskatu du»; horregatik, bakarrik egiten du lan. Azaltzen konplexua dela aipatu duen arren, horrela definitu du bere lan egiteko modua: «Azken finean, txakurrak nik nahi ditudan ekintza jakin batzuk egitea nahi dut, baina bere borondatez».

Komunikazioa da bere lanaren muina, eta, txakurrak eta gizakiak bi espezie desberdin izanik, elkar ulertzeko modu egokia bilatu behar dela kontatu du. «Pentsa, Txinara zoaz eta eta ez duzu hizkuntza ulertzen. Bertako biztanleek hitz egiten dizute, batzuetan tonu lasaian eta bestetan tonu gogorragoan, eta ez dituzu inola ere ulertzen. Horrek izugarrizko frustrazioa sortzen du. Berdin gertatzen da txakurrekin». Salvadorrentzat oso garrantzitsua da txakurrak jakitea jabeak zer esan nahi dion, eta jabeak ere transmititzen jakitea.

Zailtasunak

Taldekako saioak egiten dituenez, Oteizari batzuetan gertatu izan zaio elkartutako bi txakur ondo ez konpontzea, izan euren artean, edo bertan dagoen pertsonaren batekin. Kasu horietan, azaldu du pertsona edo txakur horrengandik jaso duen lehenengo inpresiotik datorrela harreman txar hori: «Lehenengo inpresio hori txarra bada, oso zaila da hori aldatzea».

Lehengo inpresioa ahalik eta onena izatea da GuHauko hezitzailearen helburua. Kasuren bat izan du non hiru saio behar izan dituen soilik txakurrak berekin konfiantza izateko. «Txakurrak bere lekua eta denbora behar ditu horretarako, ulertu behar baitu nik ez diodala egingo berari gustatzen ez zaion ezer».

Txakurraren arrazaren arabera, sarritan, prozesua zaildu egiten da. Oteizarentzat, askotan jendeak arrazaren morfologia edo itxurari ematen dio garrantzia, kontuan izan gabe arraza horrek genetika jakin bat duela. Gainera, genetika horretaz gain, animalia bakoitzak bere izaera propioa du: «Txakur batzuek joera batzuk dituzte, gizakiekin elkarbizitza zailagoa egiten dutenak; barnerakoiagoak direnak daude, edo mugituagoak direnak, esaterako».

Azkenaldian border collie arrazako txakur dezenterekin lan egiten ari da Gizotsoko hezitzailea. «Jarrera oldarkorrak izaten dituzte zenbait estimuluren inguruan: bizikletak, autoak, haurrak edo beste txakur batzuk». Lanerako txakurraren genetika dutela aipatu du, eta, horregatik, oso sentikorrak direla ikusmenari eta usaimenari dagokionez, baita sentsorialki ere. Hiriak, adibidez, ez dira euren gune biologikoa, eta horregatik dira hain sentiberak.

Salvadorrek, gutxienez, hamar bat saio behar izaten ditu txakurrak bere arazoa gainditzen duela ikusten duen arte. Hamarretik behera «miraria» dela esan du. Oteizak ez du saio kopuru jakin bat jartzen: «Jabeek neurtu behar dute ea nik esandakoa baliagarria zaien, eta ea aurrera egiten ari diren edo ez».

Etxeko lanak

GuHaun txakurren jabeei etxeko lanak jartzen dizkietela azaldu du hezitzaileak. Lehen aldiz txakurrekin eta jabeekin elkartzean, txakurraren gabeziak aztertu ondoren, lanketa bidea aurkezten die. Lanketa bide hori, zentroan bertan egiten denaz ez ezik, norberak etxean egindakoaz ere osatzen da, bestela ez baita aurrerapausorik ematen.

Lanketa ez denez soilik txakurrarekin egiten, jabeen jarrera eta ohituretako batzuk ere aldatu behar izaten dira. Pare bat hilabeteko lanketak egiten ditu Gizotsoko hezitzaileak, baina ez da hor amaitzen: «Nik oinarri batzuk ematen dizkiot jabeari, eta gerora ere lanean jarraitu behar dute. Etengabeko lanketa bat da».

Baina txakur bat duen orok eraman behar al du hezitzaile batera? «Beti hobetu dezakegu txakurrekin dugun harremana», erantzun du, garbi, Oteizak. Pertsona bat ezagutzerekin alderatu du: norbaitekin harremana izan dezake pertsona batek, baina oso azalekoa. Berarekin denbora gehiago igarotzen hasten den heinean, pertsona horren gauza interesgarriak ikusten has daiteke. «Berdin gertatzen da hezitzailearengana etortzen diren txakur eta jabeekin».

Norbaitek txakur bat izatea erabakitzen duen unean bertan hasten da lanketa, Salvadorrentzat. «Ez da bakarrik portaera lantzea. Familiaren ezaugarrien arabera, txakur mota batzuk egokiagoak dira beste batzuk baino». Norberarentzat zein txakur den egokiagoa jakiteko, aholkularitza eskaintzen du.

Txakur bat heztea ez da edonolako lana, eta bai Oteizak eta baita Salvadorrek ere hainbat urtetako esperientzia dute. Urteen eta hezitako txakurren poderioz, gehiago ikasiz joan dira. Hala ere, formakuntza egokia jasotzea «oso garrantzitsua» da Gizotsoko hezitzailearentzat: «Ikastaro laburrak egiten dituen jende asko dago, eta horiek, lagundu baino gehiago, gauzak okertzen dituzte». Formakuntza egokia bermatzeko, Nafarroako Gobernuak lege berri bat onartu berri du: heziketa zentro guztietako profesionalen tituluek akreditatuak egon beharko dute. «Horrela, konponbidea ez da gaitza baino okerragoa izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.