Koronabirusa

Maiatzaren Lehenaren jokalekuak: balkoiak eta sare sozialak

xabier martin
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun

Pandemiak erabat baldintzatu du Maiatzaren Lehena ere, eta aurten itxialdira egokitutako euskarrian egingo dute sindikatuek, Hegoaldean. Ekonomia eta gizartea hankaz gora jarritako egoera batean ere, sindikatu bakoitzak bere ekitaldi propioekin ospatuko du Langileen Eguna. Baina aurten irudi komun bat izango dute Euskal Gehiengo Sindikaleko kide guztiek (ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde). Herritar guztiak deitu dituzte etxeko balkoietan eta leihoetan ikurra zintzilikatzera eta, horrela, «langileen indarra eta aldarrikapena ikusaraztera». Sindikatu horien ustez, «egungo salbuespen egoerak mezu komun bat behar du». «Kapitalak marraztu nahi digun etorkizun beltzaren aurrean, guk bizitza erdigunean jarriko duen etorkizuna marraztu nahi dugu, etorkizun koloretsu eta dinamikoa», azaldu dute.

ELAk nabarmenduko du «zer-nolako injustizia humanitarioa den milaka pertsonaren heriotza, behar bezalako osasun arreta izan ez dutelako eta segurtasun neurririk hartu ez delako». Eguerdian, Mitxel Lakuntzak adierazpen bat egingo du bizi garen muturreko egoera hizpide hartuta. Ekitaldia zuzenean ikusi ahal izango da ELAren webgunean.

CCOO eta UGT, txioen bidez

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, berriz, azaldu du Maiatzaren Lehenean bere sindikatuak osasun zerbitzuetako langileen lana eta oinarrizko zerbitzuetako langile guztiena aldarrikatuko dituela. COVID-19aren proba egiteko eskatu du, haiei lehenik, eta gainontzeko herritarrei ondoren. Zerbitzu publiko indartsu baten beharra aldarrikatuko du sindikatu abertzaleak, eta «kontsumo eta ekoizpen ereduak berraztertzeko» urratsak egiteko eskatuko du.

CCOOk eta UGTk «manifestazio birtual bat» antolatu dute, sare sozialen bidez. «Beste eredu ekonomiko eta sozial bat» posible dela helaraziko dute. Afiliatuei eskatu diete «mezu erreibindikatzaileak» txiokatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.