Koronabirusa. Eragina ekonomian

Zerga bilketa asko jaitsi da Txinan, krisialdiaren ondorioz

Irune Lasa.
2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Gero eta agerikoagoak dira sintomak Txinaren ekonomian. Koronabirusak eta hari aurre egiteko neurriek, esaterako, nabarmen jaitsi dute herrialdeko zerga bilketa urte hasieran. Urtarrilean eta otsailean, aurreko urtean baino %11,2 gutxiago bildu dute zergetan —405.000 milioi euro gutxiago—, eta otsailari soilik dagokion amiltzea ikusgarria da, iaz baino %21,4 diru gutxiago iritsi da aurten herrialdeko ogasunetara.

Caixin aldizkari ekonomikoak eman ditu datuak. Haren arabera, hotelak eta turismoaren alorra izan dira kaltetuenak, haiek zergetan ordaindutako kopurua iazkoaren erdia baita. Industria produkzioak ere jaitsiera handia izan du (-%13,5) urtarril eta otsailean.

Herrialdeko gobernuen gastua jaitsi egin da bi hilabete horietan (-%2,9), nahiz eta osasungintzako alorrera bideratutako kopurua nabarmen handitu, +%22,7.

Kalteen zerrenda osatzen duten aldi berean, Txinako agintariek laguntza neurri zenbait jarri dituzte abian, batez ere enpresa txikiei kolpea arintzeko. Energia merkeagoak, kotizazio txikiagoak, zerga jaitsiera... Interes txikiko maileguak eskaintzeko ere bilioi erdi bat yuan (65.000 milioi euro) jarriko ditu.

Oxigenoa bankuentzat

Bankuentzako oxigeno pixka bat ere beharrezkoa izango dela pentsatzen hasiak dira Txinan. Financial Times egunkariaren arabera, herrialdeko banku zentralak gordailuak izateagatik ordaindu beharreko interes tasak jaitsi egingo dizkie bankuei.

Beste herrialdeetako banku zentralek hainbat neurri iragarri dituzte finantza entitateak laguntzeko, baina oraingoz, Txinako Herritarren Bankuak ez du erabaki garrantzitsurik hartu diru politikari dagokionez. Bitarte honetan, hori bai, bankuei agindu die haiek emandako maileguen itzulketa epeak luzatzeko, mailegu berrientzako interesak murrizteko, eta baldintza malguagoak jartzeko orain arte zorpetze txar gisa hartuak izan diren operazioei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.