Karranpek ere ez dute eten

Lilian Calmejane frantziarra nagusitu da Tourreko zortzigarren etapan, Rousseseko eski estazioan. Gaurko etapa menditsuaren zain, faboritoak ez dira mugitu, eta gauzak berdin daude sailkapenean

Karranpek ere ez dute eten.
ainara arratibel gascon
2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Helmugarako zazpi bat kilometro falta ziren. Lilian Calmejane (Direct Energie) bizikletarekin mugimendu arraroak egiten hasi zen. Hori ikusita, zale askok pentsatuko zuten: «Zer-nolako bidegabekeria!». Ez zen gutxiagorako. Frantziako txirrindulari gazteak eskuan zuen garaipena, eta pena zen bikietan zituen karranpengatik Frantziako Tourreko atzoko etapa ez irabaztea. Bere taldeak hasieratik egindako lan txukuna ezin biribiltzea. Baina karranpek ere ez zuten geratu, eta bera iritsi zen lehen postuan Rousseseko eski estazioko helmugara. Eskuak pozez altxatu zituen garaipena ospatzeko, baina, iritsi bezain laster, lurrera bota zuen bere burua. Masajisten eskuek arindu zituzten haren karranpak. Horrek eta garaipenaren pozak. Etapa bizia izan zen, batez besteko abiadura orduko 42 kilometrokoa izan baitzen. Dena den, gaurko etapa gogorraren eta menditsuaren zain, faboritoak ez ziren mugitu. Beraz, Chris Froomek (Sky) jarraitzen du elastiko horiarekin.

24 urte besterik eduki ez arren, garaipen zerrenda txukuna du dagoeneko Calmejanek. Izan ere, atzo lortutakoarekin, jada Tourrean eta Espainiako Vueltan ditu irabaziak etapak. Giroa bakarrik falta zaio, hiru asteko lasterketa guztietan garaipenak lortu dituzten txirrindularien zerrendan sartzeko. Helmugara iristeko 17 kilometro falta zirenean jo zuen erasoa, eguneko mendate nagusia igotzen ari zirela: Combe de Laisia (1.202 metro eta %6,4ko pendiza). Zortziko talde batean zihoan, eta indartsu jo zuen aurrera.

Behin mendatetik pasata, jaitsiera erlojupeko baten parekoa izan zen. Atzetik segika zuen Robert Gesink (Lotto), eta bikietan lehen karranpak. Eskarmentu handiko txirrindularia da Gesink, eta 36 segundo eskasera egonda, bazirudien Calmejaneri presioa egiteko moduan egongo zela. Baina ilusioa minari eta esperientziari gailendu zitzaion. Are gehiago, helmugara bitarte aldea areagotu egin zuen Frantziako gazteak, 37 segundo atera baitzizkion Gesinki.

Merezi zuen irabaztea, hasieratik egon baitzen ihesaldietan sartuta. Eguneko lehen ihesaldi garrantzitsua etapak ordubete zeramanean sortu zen, tarteko esprinta pasatu—45,5 kilometroan zegoen— eta gutxira. Jendetsua izan zen oso ihesaldia. 50 txirrindularik osatu zuten. Tartean zeuden Calmejane bera, eta Mikel Landa (Sky) eta Jonathan Castroviejo (Movistar) euskal txirrindulariak. Hiru minutuko abantaila izan zuten tropel nagusiarekiko. Baina Sky estutzen hasi zen, eta aldea murrizten. 50eko taldea zena hamaseiko bihurtu zen. Baina atzean geratutako 34 txirrindulariak ez zeuden amore emateko prest. Ez, behintzat, Calmejane eta haren taldea. Haiek atzean jarritako erritmoari esker, harrapatu egin zituzten, eta zortziko talde bat osatu zuten Combe de Laisia igotzerako. Hor jo zuen erasoa Calmejanek, eta etapa irabazi.

Tourreko sailkapen nagusiko lehen postuetan dauden txirrindularien artean ez zen inor mugitu. Skyk kontrolpean izan zuen une oro lasterketa. Gainontzeko talde indartsuek hari utzi zioten zama guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.