Izarra 'z'-rekin idazten da

NBA gaur hasiko da, eta iritsi berri den jokalari batek sortu du ikusminik handiena: Zion Williamson 19 urteko hegaleko gihartsuak. Askok harengan ikusi dute Lebron Jamesen oinordekoa, baina lehen asteetan ezingo du jokatu, belauneko lesio batengatik.

Zion Williamson New Orleans Pelicanseko elastikoarekin. Zatarain's da babesle nagusia. BERRIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 22a
00:00
Entzun

Bideoak munduari bira eman zion. Maiatzaren 15ean izan zen, New Orleansen (AEB), Pelicans NBAko taldearen bulegoetan. Taldeak ordurako bazekien Anthony Davisek, ligako jokalari onenetariko batek, taldea utziko zuela, eta etsiak jota zegoen. Draft loteria zen egun hartan, eta, lehen postua lortzeko aukeren %6 baino ez zituen arren, zorteak irribarrea erakutsi zion, eta langileek eztanda egin zuten. Bulego gris eta txiki batean bildutako 30 langile eta zuzendariak zoroen pare oihuka eta saltoka hasi ziren kameraren aurrean. Ez zen gutxiagorako, sari nagusia egokitu berri zitzaien.

[YouTube]https://youtu.be/n5inHlowqsA[/YouTube]

Sariak izen-abizenak zituen: Zion Williamson. 1,98 metro luze den, gihar hutsezko 129 kilo dituen eta, ustez, hegaleko postuan ariko den 19 urteko jokalaria. Morfologia horrek idisko itxurako jokalari baldar bat deskribatu beharko luke, eta Williamson bada idiskoa, baina ez baldarra. Hark 119 zentimetroko gorako jauzia du, eta hegan egiten du pistan. NBArako pausoa emango zuela esan zuenetik, argi zegoen bera izango zela lehen aukeratua Draft-ean. Lebron James 2003an NBAra iritsi zenetik, hasiberri batek ez zuen sortu horrelako ikusminik. Hura jokatzen ikustean ia saihetsezina baita James gaztea burura etortzea, eta dagoeneko ezarri diote haren oinordezkoa izatearen zama.

Liga gaur gauean hasiko da, eta Pelicansek Toronton jokatuko dute. NBAk nahierara diseinatzen du egutegia, eta lehen egunean partida erakargarriak jartzen ditu beti. AEBetako saskibaloi zale guztiek ikusi nahi dute Williamson, eta horregatik jarri nahi zuten dantzan lehen egunean. Ligaren nahia, baina, ez da beteko: kutun berria belauneko minez dabil, eta ez du jokatuko. Taldeak esan du ez dela lesio larria, eta badaezpadako neurria dela, baina «aste batzuk» egingo ditu jokatu gabe. Giroa hoztu du albisteak, Williamsonek asko berotu baitu denboraldi-aurrean. 23 puntu sartu ditu partidako, ia zazpi errebote hartu, eta jaurtiketen %71 sartu. Iritsi berri batek azken 24 urteetan denboraldi-aurrean lorturiko zenbaki onenak dira. Batezbesteko hain onak jokatzeko bere moduaren fruitu dira, saskiratze gehienak birrintze basati eta barneraketa indartsuei esker lortzen baititu.

Pelicanseko zuzendaritzak, bide batez, bere Mesias aurkitu du. Erreferentzia biblikoa ez da ausazkoa, Sion Jerusalemgo mendian oinarrituta jarri baitzioten izena Williamsoni, eta, hura aukeratu zutenetik, sarreren salmenta izugarri handitu da. Abonu guztiak aspaldi saldu ziren, eta sarrera solteak dira hura ikusteko modu bakarra. Eta prezioak modu ikusgarrian egin du gora legezko birsalmentan aritzen diren Internet atarietan. Iazko sasoian, Pelicans ikusteko sarrerek 84 dolar (75 euro) balio zuten batez beste; honetan, berriz, 125era (112 euro) igo dira.

Elastiko salmenta ere handitu da, eta Williamsonek marka bat ezarri du. Iritsi berri batek inoiz ez zituen hark adina saldu liga hasi aurretik. Eta horietako bakoitzean «Zatarain's» irakur daiteke. Taldearen babesle nagusia —NBAk marka bakarra onartzen du elastikoetan— Cajun eta kreol jakiak —ohikoak AEBetako hegoaldean— ekoizten dituen enpresa bat da, eta izenak euskal jatorri argia du. Emile Zatarain enpresariak sortu zuen, 1889an, eta hasieran garagardo eta espezia denda bat zena janari ekoizle handi bilakatu zen gero. Zatarain New Orleansen bertan jaio zen, baina haren gurasoek Euskal Herritik emigratu zuten.

125 milioi publizitatetik

Williamsonek ere zukutuko du profesionaletara emaniko pausoa. 40 milioi euroko soldata jasoko du lehen lau urteetan, baina dagoeneko sinatu dituen publizitate kontratuak askoz oparoagoak dira. AEBetako prentsaren arabera, 69 milioi euroko eta bost urterako kontratua sinatu du Nike etxearekin. Williamsonen oinetakoek, gainera, historia propioa dute, NCAA unibertsitate ligako partida baten hasieran bat txikitu zuelako. Norabide aldaketa gogor bat egin eta oinetakoa erditik urratu zen. Irudi hark leku txarrean utzi zuen Nike, baina kirol arropa etxeak ondo eman zion buelta. Williamsonen neurrira eta haren indarra jasateko gai diren oinetako bereziak egin ditu, eta, noski, salgai jarri. NBAko hogei jokalarik bakarrik dute oinetako modelo propioa, eta horietako bat da Zion. Hori ez da babes akordio bakarra, Williamsonek beste bat sinatu baitu 2K bideo joko etxearekin. Horiek hala, dagoeneko 125 milioi euroren baino gehiagoren publizitate kontratuak ditu.

Orain, txapelketa ofizialean nola arituko den ikusi behar da. Pelicansek dio haren bilakaera fisikoa ez dela amaitu oraindik, eta gehiago haziko dela. Ligan, berriz, eztabaida beste bat da: ea haren belaunek jasango duten 129 kilo horiek hain bizkor mugitzearen ordaina. Hiruko marratik ere hobetu beharko du, gaur egun NBAn urruneko jaurtiketak agintzen baitu. Williamsonek, bitartean, presioa kendu nahi du gainetik. «NBAn zeresana eman nahiko nuke, baina, oraingoz, ikasi eta ondo pasatu nahi dut jokatzen; 19 urte ditut». Ea uzten dioten; lupa gainean izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.