Noiz sortua: 2020-01-07 00:30:00

Garbiki ikuzten ikasteko

Norberak bere burua eta etxea zerez ikuzten ditu? Supermerkatuetan karrika ugari hartzen dute garbigarriek. Ikerketa batzuen arabera, garbigarriek osagai «kaltegarriak» dituzte gizakientzat eta ingurumenarentzat, eta ez dira bereziki «eraginkorrak». Norberak bereak egiteko aukerak badira, ordea.
Kati Argainek berak egin kosmetikoak baliatzen ditu bezeroen artendako, eta haiek nola egin ere irakasten du. Xanpuaren ordez, adibidez, Marokoko Rhassoul buztina erabiltzea gomendatzen du
Kati Argainek berak egin kosmetikoak baliatzen ditu bezeroen artendako, eta haiek nola egin ere irakasten du. Xanpuaren ordez, adibidez, Marokoko Rhassoul buztina erabiltzea gomendatzen du G. FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2020ko urtarrilak 7

Sulfatoak, alergenoak, sentsibilizatzaileak, biozidoak, sistema endokrinoaren aztoratzaileak, kantzerigenoak izan daitezkeen substantziak, mutagenoak, erreprotoxikoak eta bertze osagai kaltegarri franko daude etxea garbitzeko baliatzen diren garbigarrietan. Isotiazolinona edo butilfenilmetila, konparazio baterako. Badirudi kimikaria izan behar dela jakiteko zein garbigarri erosi eta zein ez, hain diren entelegatu gaitzak etiketetako osagaien zerrendak, baita ekologikoak ere diren horietan. Zeinek egiten du osagarriari eta ingurumenari kalterik gutien? Gisa berean, egun guziez norberak bere burua garbitzeko kosmetikoek osagai kaltegarrien zerrenda beltza dakarte xaboi, krema, desodorante, xanpu eta abarren kasuan.

Horregatik hasi zen Sandra Ruiz duela 22 urte kosmetikei buruz ahal zuen guzia ikasten eta ekoizten: «Gure osasunaren autogestioa konpontzeko, gizartean oso delegatua baita». Duela zazpi bat urte, saltzen ere hasi zen: Arizkuren (Artzibar, Nafarroa) herri okupatuaren Tienduka dendan. Baztertu beharreko osagaien zerrenda eman du: «Petrolioaren deribatu guztiak lehen-lehenik, kontserbagarri kimikoak eta perfume sintetiko guztiak. Demostratua da haien nanopartikulak kaltegarriak direla gizakiontzat eta ingurumenarentzat. Gainera, ez ditugu behar, naturak aukera piloa eskaintzen baitigu».

Kati Argain ere mesfidantzak du bultzatu bere kosmetikoak sortzera. Gorputzaren eta bisaiaren artatzailea da: «Osagaiak begiratu, eta ohartu nintzen bazela gauza anitz ez zirenak onak guretzat eta gure lurrarentzat. Adibidez, triklosana, zeina antibiotikoa baita. Edo fluorra, zeina baliatua izan baita iraultzak eragozteko jendearen lokarrarazle den aldetik. Edo desodoranteetako aluminio metal astuna: zeluletan eragiten duen pozoi kantzerigenoa da, oxidazio eragile». Kremek dakarten parabema «ez da bereziki kaltegarria» giza osagarriarentzat; bai, alta, ingurumenarentzat, petrolioaren deribatua baita. «Nihaurek ditut fabrikatzen; horrela badakit zerez eginak diren xuxen».

Beñat Hargindegik hamar bat urte daramatza jada Donapaleuko (Nafarroa Beherea) bere drogerian norberak etxeko garbigarriak egiteko osagaiak saltzen. Abangoardista izana da zentzu horretan. «Kasik antinomikoa da hori bultzatzea drogeriazain batentzat: ekonomikoki hobeki heldu baitzaigu prest heldu diren etxeko garbigarri anitz horietarik saltzea, baina nahiago dut gutxiago eta hobeki saldu. Azken finean, afera filosofikoa da, ene konbikzioa da».

Beste alde batetik, 60 Millions de consommateurs aldizkariak ikerketa bat egin du, eta Ménag'Score (garbiketa emaitza) sinadura bilketa bultzatu du garbigarrien arrisku kimiko globala kalkulatzeko, kontuan hartuz osagai bakoitzak dakartzan mehatxuak osagarri eta ingurunearentzat. Alegia, elikadurarentzat jadanik egin zuen bezala —Nutri-score (elikadura-emaitza)—, zeina Europako kontsumitzaile elkarteek derrigortu nahi baitute garbigarrientzat ere ekitea. Funtsean, etxeko garbigarrien paketatzean substantzia toxiko edo lanjerosak hobeki identifikatzeko gisan. Izan ere, osagai kimikoen zerrenda teknikoek ez baitiete kontsumitzaileari informaziorik ematen osagarria eta ingurumenari eragin diezaieketen kalteez. Are, osagai batzuek 28 sinonimo dituzte. 108 garbigarrirekin egin duten ikerketatik landa, aldizkariak ondorioztatu du «alferrikakoak» direla garbigarri desinfektatzaileak eta oihaltxo hezeak, eta, ez ditu gomendatzen lixiba urezkoak: begi eta arnas aparatuarentzat arriskutsuak direla ondorioztatu dute. Azkenik, «izugarri kutsatzaile» irizten ditu komunetarako mokorrak.

Ruizek hala dio: «Nahiago dut zerbait naturala erabili, ni ere hala naizelako: animalia bat. Errazagoa zaio gorputzari informazio naturala ulertzea, petroliotik deribatutakoa baino. Gainera, ondoriozko efektuengatik ere bai; guk, adibidez, 33 landarerekin egindako baltsamoa erabiltzen dugu. Lasaitasunez, inolako kalterik eragiten ez duelako».

Osagarri ona oinarrian

Supermerkatuetan eta farmazietan kosmetika eta etxeko garbigarriek hartzen duten tokiak ez du inondik inora islatzen haien oinarri xumea. Argainek hori du azpimarratzen: «Beti oinarri bera da gorputz osoarentzako produktuetan: ura eta olioa. Horri mila produktu dizkiote gehitzen, eta ur pila bat: jendeak uste du hori ona dela azalaren hidratatzeko, alta, azalak behar duena olioa da». Gehiago dena, paketatzeetan landareekin egina dela handizki iragartzen badute ere, etiketari so eginez, «%1etik azpikoa izaten da», ohartarazi du Argainek. Olio motek badute hauta: koko olioa, ekilore olioa, oliba olioa, amanda olioa... «Hobe da olioz garbitzea, koipeak baitu dohain hori». Zikinkeriak harrapatzeko gomendatu du —bakterioak, airean diren eta azalean pausatzen diren errautsak...—.

Xaboia ekoizten badu ere, guti darabilela aitortu du, azalarentzat «azkarregia» irizten baitio.

Ruizek eta Argainek badute topalekua: sukaldea. Kosmetikarako ere bertan atzematen baitituzte behar dituztenak. Olioez gain, aza, tipula, baratxuria... Bakoitzak badu bere dohaina. «Ukendu sanjuaneroa egiten dugu oso aspalditik. Landareak 40 egunez oliotan uzten ditugu, ondotik, freskoez ordezten eta Maria bainuan lau orduz atxikitzen ditugu; horrela, landareen printzipio aktibo guziak oliora doaz», erran du Ruizek. Hala, gomendatu du lehenik zehaztea zer den lortu nahi dena: bronkioak irekitzea, emakumeek dituzten minak baretzea, hidratatzea... Ondotik, horien araberako landare egokiak hautatzeko. Tokian tokikoak erabil badaitezke, hobe: «Mendi erdian bizi gara; han bizitzeak erakutsi digu bidea. 50 landare baino gehiago biltzen ditugu». Landare eta olioez gain, erleek ekarri produktuek dute Tiendukaren kosmetikoen oinarria euskarritzen: polena, propolia, eztia eta argizariak. Duela «mendeak eta mendeak» egiten denak ez du bide aisita: kosmetika arauak.«Salagarria da legearen eskakizunak berak direla guretzat eta laborategi handientzat. Gurea farmazeutikoa baino lehenagokoa da».

Etxeko garbigarriek abiapuntu bera dute: sodio bikarbonatoa, hamalau graduko alkohol ozpina, sodio perkarbonatoa, sodio kristalak, Marseillako (Okzitania) xaboi lumak, xaboi beltza, Montmorillonita, azido zitrikoa eta Meudoneko zuria. Horiekin, garbigarri guziak egin daitezke: koipegabetzea, hodi libratzea, arropa detergentea, berin eta zola ikuztea... Haien manipulazioan kasu eman behar bada ere, ez dira fosfatoa baliatzen duten industrial horiek bezain erasokorrak, inondik ere. Hala uste du Hargindegik: «Guretzat eta ingurumenarentzat askoz ere goxoagoak eta merkeagoak dira norberak egindako garbigarriak, eta eraginkorragoak».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Covid-19 daukaten gaixoak zaintzen duten bi erizain besarkatzen 55 egun gaixo zeraman gizon bat sendatzean. ©Andoni Lubaki / Foku

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Euskal Herrian 31.166 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.150 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

ENDIKA PORTILLO / FOKU ©Lehen arretako profesionalen protesta bat, iaz, Gasteizen.

Hildako bat eta 15 kutsatu gehiago izan dira, datu ofizialen arabera

Ane Eslava

Egoera «kontrolpean» dagoen arren, «zuhurtzia» eskatu du Nekane Murga Jaurlaritzaren Osasun sailburuak. Nafarroan ez da kasu berririk egon. Lehen arretako langileek protesta egin dute Bilbon.

Larrialdi zerbitzuek behin-behineko ospitale bat jarri dute Lleidan. ©Ramon Gabriel / Efe

Kataluniako Gobernuak konfinamendua ezarri die 200.000 herritarri

Berria

Lleidako eskualde batean koronabirusaren zortzi agerraldi detektatu dituzte. Eguerdian jarri dute indarrean.

Osasun langileak lanean, Gurutzetako ospitalean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Auzitegi Nagusiak dio Osakidetzak ez zuela babes baliabide nahikoa

Ainhoa Larretxea Agirre - Irati Urdalleta Lete

Osakidetzak «ontzat» jo du ebazpena, «ez dituelako aintzat hartu sindikatuen eskaera gehienak». ESK sindikatuak jarri zuen salaketa, eta ekainaren 16an egin zuten epaiketa

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria