Zahartuz doan zinema hilezinaren ispilua

Panahiren 'Taxi' urreaz blai suertatu izana Berlinaleko epaimahaia zorarazi duen zeluloidezko deabru baten txantxa dirudi, baina ez du inporta. Ez du inporta, asmatu dutelako Larrainen 'El Club' maltzur, bizkor, krudel horri behar eta merezi duen garaipena ematean.

Maria de Medeiros The Forbidden Room-en kartelean. BERRIA.
begona del teso
Berlin
2015eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ez du inporta ez, gero, datorren denboraldian areto komertzial dotoreetan, larunbat arratsaldean arrakasta izugarria (jende edadetu eta ondo heziaren artean…) izango duen 45 Years edertzen duten Charlotte Ramplingen eta Tom Courtenayren aurrean epaileak errenditu izatea, jainkoek maitatuak baitira biak. Eta ez du inporta, gainera, are gutxiago, Charlottek oraindik erakusten duelako kemena eta ausardia zinemaldietako kobazuloetatik at beste inon beste inoiz ikusiko ez diren zeluloidezko puska harrigarrietan parte hartzeko eta harro defenditzeko.

Esaterako, The Saddest Music in the World film ezin… tristeagoaren egilea den Guy Maddinek bai Sundancen bai Berlingo izkina marabillosoa den Forum saileko egoitzan, Delphi antzokian, eskaini zuen/zigun The Forbidden Room-en zegoen Mrs Rampling. Eta dago. Bertan, hitzik ez zuen aspaldiko zinema haren dardarazioak sorgindu egiten zaitu Lynch eta Reygadas bide eta bidaia lagun sumatzen dituzularik.

Maddin jaunak pelikula horibaino opari handiagoa eskaini zigun hiri elurtu eta izoztuan. Aurten, Berlinen pantailaratu den zinemaren %95ak ez duzeluloidezko larru, azal, bihotz, hezurrik izan. Digitalak izan ditu dir-dir teknologikoa egiten zuten arima eta gorputza. Inportik al du horrek? Zinemari berari etorriko zaion gaitz baten seinalea ote da?

My Winnipeg lan intimoan garaiek, denborak, ehortzi zituzten istorioak berpiztu zituen egilea honela mintzo zen Berlinen: «Digitalizazioak bizirik mantenduko du zinema. Salbatu egingo ditu hilzorian diren irudi zeluloidezkoak. Beraz, bedeinkatua izan dadila. Baina zeluloidea beti beharko dugu denbora aurrera doala, doakigula ez ahazteko. Hilkorrak garela gogoratzeko. Zeluloidea gurekin batera zahartuko baita. Gu hilko gara. Zeluloidea hilko da baina bertan gorpuztu ziren irudiak digitalak bihurturik betikotz iraungo dute».

'Varieté', zinezko auzolan

Maddinen berba ez zela ero baten diskurtso aldrebestua frogatzeko-edo, Berlinen eta ez beste inon izan daitezkeen gau ametsetako batean, non eta Haus der Berliner Festspiele areto magiko eta konpromiso handikoan ehunka lagun berpizte baten lekuko izan ginen. Murnau Fundazioak, Austriako Filmarchivek, Municheko artxiboak eta Washingtoneko Congress Libraryk bat egin zuten hilabete askotan zinemaren eta Berlin hiriko altxor preziatua den Varieté filma, 1925koa, salbatu ahal izateko.

Zaindu eta sendatu zituzten bere zeluloidezko zauriak, orbainak nolabait leundu eta gero… digitalizatu zuten urteen joan-etorrian galdutzat eman zen jatorrizko kopia lehena. Emaitza izugarria izan da.

Berlingo urte urrezkoetako zirkuaren argi misteriotsu, erotiko, ketuak indar handiz erretzen zuen gaurko pantaila hura, eta agertokian, parekorik ez duten musikari trebe eta bihurriak, momentu hartarako soinu bandamisteriotsua sortu eta zuzenean jo zuten… The Tigre Lillies!!!

Ikusten zergatik Taxi-k irabazi izanak ez inporta? Berlinale bera eta osoa urrea baino are preziatuagoa izan daiteke. Panahiren azkena baino estima handiagoan izan ditzakezu Bertolt Brechtek eta bere kideek sorturiko Akademie der Kuensten Expanded Cinema gaiaren inguruan sortzen diren eztabaidak. Bertan, irudiak berak mugarik ez duela (ez pantailan, ez euskarrian, ez moldeetan, ez eta non, nola, zein bitartekoz zabaltzean) onartu zuten hainbat eta hainbat hizlarik. Mintzaldiak edertzen zituzten irudiak Googletik lapurtu berri zituztela aitortzen zuten ikerlari fin horiek guztiek…

Bost, sari ofizial batzuk ahulak izan badira. Kasik bost, Werner Herzogen akaberaren testigantza iluna eman beharrak (hain dago hutsik Queen of the Desert berea…) Zergatik bost? Bada, esaterako Ion de la Sosa euskal herritarrak aldi berean Sueñan los androides aurkeztu zuelako. Etahorrek esan nahi du Berlinale oraindik dela gaindi daitekeen Ezinaren Erresuma. Oharra: De la Sosaren filma Donostiako Trueba aretoan aurkeztuko da martxoaren 5ean. Ion bertan izango da. Berlingo estreinan negar egin zuen. Egin dezalabarre gurean.

Greenaway Museo Juduan

Jakin badakizue filmak egiteari uko egin gabe behin eta berrirozinema hil dela aldarrikatzen duen Peter Greenawayek lan eder, sutsu, bero eta berak akabutzat jotzen duen zinema horretaz gainezka aurkeztu zuela: Eisenstein in Guajanato, non zelako eragin neurtugabea izan zuen Mexikok Potemkin-en egilearenganazaltzen den. Bai bera, bai Buñuel ere itxuraldatu zuen herrialdea, zinema bere maiestate iraultzailean omenduz.

Jakin ez dakizuena ( akaso) zera da: The Cook, The Thief, His Wife & Her Lover filmaren egileak instalazio bat dauka ikusgai Berlingo Museo Juduan. Askotan kolaboratzaile/kide/konplize izan duen Saskia Boddeke artistarekin batera, Abrahamen eta Isaacen mitoaren inguruan egiten du hausnarketa The Belly of an Architectlanaren autoreak. Ikus-entzunezkoa, baita hitzezkoa ere; baita literaturazkoa eta historikoa ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.