KRITIKA. Antzerkia

Burua, besoak eta patata

Agus Perez.
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun

'Lehman trilogy'



Egilea: Stefano Massini. Bertsioa eta zuzendaritza: Sergio Peris-Mencheta. Eszenografia: Curt Allen Wilmer. Argiak: Juan Gomez-Cornejo. Jantziak: Elda Noriega. Bideoa eta soinua: Joe Alonso. Musika-zuzendaritza: Litus Ruiz. Musika-konposizioa: Litus Ruiz, Xenia Reguant, Ferran Gonzalez, Marta Solaz. Antzezleak: Pepe Lorente, Victor Clavijo, Dario Paso, Litus Ruiz, Aitor Beltran, Leo Rivera. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urriak 21.

Lehman anaietan zaharrena New Yorkera XIX. mendearen erdialdeanheldu zen, Bavariako sorterria eta miseria atzean utzita. Stefano Massiniren kontakizunean, hura zen hiru senideetan burua, eta geroago emigratu zutenak besoak eta bihotza izan ziren. Baina bihotza zenari Patata ezizena jarri zioten beste biek, eta obran zehar ironia fina baliatu du egileak horren kontura.

Massini munduan gehien taularatzen den italiar garaikidea dugu, eta Lehman Brothers-en kiebraren ostean idatzi zuen Qualcosa sui Lehman (Zer edo zer Lehmandarrei buruz) eleberri dokumentala. Ia bederatziehun orriko liburuko azalean New Yorkeko zerua ikusten da kaletik, etxe-orratzek estalita eta Lehman trilogy honen esangura ondo adierazita: zeruraino igo nahi zutenen anbizio neurrigabeak denona zen ortzi-mugaren desagerpena ekarri zuen.

Egunotan gurera etorri den muntaketa eleberriaren moldaketa eszenikoa da argi eta garbi, eta horrela azaltzen dira haren luzera neurrigabea —hiru ordu eta erdi pasatxo, atsedenaldi biak barne—, testuaren erabateko narratibotasuna eta horrek ekarri duen deklamazio deklaratibo nekagarria. 50 minutuko atal banatan azaldu digute Lehmandarren epopeia kapitalista, ultraliberalek hainbeste maite duten self-made-man eredu gezurtia eta ditxosozko american way of life hori une oro presente egon direlarik, bai kontakizun linealean —itotzeraino lineala izan da, zinez—, bai pertsonaia guztien izaeran. Nago, ordea, Peris-Menchetaren bertsioan indartu egin direla eleberriaren alde anekdotiko-sentimentalak —gutxi batzuk izan arren— eta leundu edo desagertu kapitalismo basatiaren analisi gordinago bat ahalbidetuko luketen elementuak, ikusleria zabala uxatzearen beldur. Era berean, frogatu gabeko uste horren barruan kokatuko nuke datu zaparrada etengabearen ostean Vietnamgo gerra, Txile, Nikaragua eta Kubako kasuak eta Afrikako iraultza ahaztuak aipatu ere ez izana, eta krisia lehertu arteko azken urteen gainean oin-puntetan igaro izana. Lehman Brothers-ek hasitako krisiaren ondorioei buruz, txintik ez, jakina. Hala ere, onartzen dut egilearen beraren hautu oportunista izan daitezkeela ahaztura horiek guztiak.

Esandako narratibotasun eta linealtasunaz kontziente izanik, eurenak eta bi eman dituzte antzezle-musikariek taula gainean —bazterrean utziko dugu biolinean ezin penagarriago jokatu duen aktorearena—, eta baliabide eszenikoei begira, zuzendariak martxan jarri du esku artean zeukan artilleria guztia: zuzenean jotako musika, kantak, dantza, ikus-efektuak... Zalantzarik gabe, sei gizonezkoak dira emanaldi honen tanto nagusiak —zer dela eta ez da emakumerik izan taula gainean?—, eta haien maila berean jarriko ditugu elementu gutxirekin egindako karakterizazio azkarra eta dramaturgia lan bikaina. Badirudi ikusleek ere horrela ulertu dutela, haietariko gehienek entusiasmoz eta zutik txalotu dutelako eszenaratzeak eta gaiak sortu dieten interesa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.