Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Historiako istorioak

2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Joan da Guardia Zibilaren Azpeitiko kuarteleko sarjentua Nuarbera, eta hala esan dio Angel Otaegiren osaba Inixio Urtuzagari: «Esaiozu, ahal duzun modurik onenean, Angelen amari, bihar semea hilko dutela». Inixioren erantzuna: «Ba al dago ba ama bati semea hilko diotela esateko modu onik?». Indar handiko unea, historiako istorioa, Mertxe Urtuzagak kontatua, Angel Otaegiren lehengusinak. Jon Paredes Manot Txiki-ren piparena eta hura hil zuten hamar balena bezala.

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen historia kontatu zuen ETB2ko Vamos a hacer historia saioak asteazkenean, historiako istorioak zegokien testuinguruan espanturik gabe baina inor zuritzeko asmorik gabe ondo kokatuta. Plazer bat izan zen Elene Lizarralde ETB1en hastapenetako Hitz eta pitz hartan bezain diskretu eta dotore ikustea, kasua gertutik ezagutu zuen jendea elkarrizketatzen, baita Juanma Gonzalez Cembellinen azalpen pausatu eta orekatuak entzutea ere.

Aurretik Ezkabako ihesaldia eta aurreko pandemiak aztertu ditu saioak, eta hurrengo asterako Arantzazuko artelanei buruzkoa agindu digute. Interes handiko gaiak denak ere. ETBren gaur egungo eskaintzarik interesgarrienetako bat.

Historiako beste bi saio eskaintzen ari da edo eskaini ditu azkenaldian ETBk, Vamos a hacer historia-z gain: Baskoniako historia bat, Alberto Santanak aurkeztua, euskarazko zein gaztelaniazko bertsioekin; eta Itxi liburuak, Gaizka Arangurenek aurkeztua, euskarazkoa. Saio interesgarriak dira denak, baina Itxi liburuak saioaren bigarren denboraldiaren zain gauden bitartean gaztelania da nagusi arlo horretan, eta Vamos a hacer historia-ko Txiki eta Otaegiri buruzko saioa ikusiz, kontuan hartuta zein ziren elkarrizketatuak eta Gonzalez Cembellinen irakasgaiaren entzuleak, pena ematen zuen euskarak hain presentzia murritza izateak. Zergatik ez utzi hala nahi duenari euskaraz mintzatzen, gero azpitituluak jarri behar badira ere?

Kontuak kontu, gustura ikusteko modukoa izaten ari da Vamos a hacer historia, eta badirudi hala izaten jarraituko duela, Euskal Telebistan nuarbetar bat ETB1en historiako lehen aurkezleetako batekin erdaraz mintzatzen entzunarazi digun arren. ETBren historiako beste istorio bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.