Zein izan den izenen izana

INE Espainiako Estatistika Institutuak gordeta dauzka 1930etik 2020ra Hego Euskal Herrian gehien jarri diren izenak. Aukera ematen dute gizarteak izan duen bilakaera ulertzen saiatzeko. Adituen ustez, gaur egun jartzen direnak geroz eta «espezifikoagoak» dira: «Badago saiakera bat izen bereziena lortzeko».

Enekoitz Telleria Sarriegi - Mikel P. Ansa
2022ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Maria Carmenek eta Jose Mariak buru jan handirik gabeko izenak jaso zituzten oinordetzan. Halakoxeak ziren garaiak: 36ko gerra aurrekoak, gerrakoak eta ostekoak. Zurrunak. Berritasunik eta aniztasunik gabekoak. Zaku berekoekin osatzen ziren orduan izenak: aitona eta amona zirenenak ziren, edo egun hartako santutegikoak. Ainhoak eta Aitorrek, ordea, haustura zekarten 1970eko hamarkadan. Frankoren diktadurari emandako erantzuna. Debekuari jarritako euskal izenak; joera baten hasiera. Laiak eta Aiurrek besteengandik bereizteko nahia dakarte orain. Bai, badute izenek izana, eta balio dute gizarte oso baten bilakaera islatzeko.



INE Espainiako Estatistika Institutuak 1930etik ditu datuak bilduak, eta Hego Euskal Herrian gehien jarri diren izenak zerrendetan biltzeko aukera ematen du horrek, hamarkadaka sailkatuta. Izen konposatuen presentzia, aniztasunik eza eta errepikapenak dira lehen hamarkadetako zerrendetan ondorio nagusiak. 1940ko hamarkadan jaiotako neska guztien %7,3 Maria Carmen ziren; eta mutilen %4,5, Jose Maria. 1950eko hamarkadan, nesken %6 ziren Maria Carmen; mutilen %4,6 Francisco Javier; 1960ko hamarkadan, nesken %4,1 ziren Maria Carmen; mutilen %4,5 Francisco Javier. «Eduki dezake horrek guztiak testuinguru politiko edo erlijioso bat, baina egia da garai horretan izenari ez zitzaiola horrenbeste garrantzi ematen, nortasunari dagokionez», azaldu du Beñat Garaio Mendizabal linguistikako ikerlariak. Alegia: 1940ko hamarkadan, hogei izenekin konpondu zituzten neska guztien izenen %47. Alegia: bitik batek zuen hogei izen horietako bat.



1970eko haustura

Nabarmena da haustura 1970eko hamarkadan. Ordura arteko izenak desagertuz zihoazen pixkanaka, nahiz eta lurraldeka joera batzuk pixka bat diferenteak izan. Izen berriak agertu ziren, euskarazkoak kasu gehienetan. Mutiletan agerikoa da: Aitor, Iñigo, Asier, Gorka, Iker, Igor, Jon, Unai, Mikel, Xabier... Baina gaztelaniazko izen bakan batzuek ere indarra hartu zuten: Javier, David, Oscar, Alberto, Roberto... Euskal izenen artean, Iñaki eta Aitor dira lehenak. Iñaki 1950eko Gipuzkoako lehen hogei izenen artean ageri da; 1960ko hamarkadan, Gipuzkoakoan eta Bizkaikoan; 1970ekoan, Gipuzkoan eta Nafarroan. Aitor lehen hogeietan ageri da 1960ko hamarkadan, Gipuzkoan eta Bizkaian; 1970eko hamarkadan, lehen izena izan zen Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bigarren izena Araban. Nesketan, gaztelaniazko izen ez-konposatu batzuk nagusitu ziren 1970eko hamarkadan, Sonia, Susana, Monica, Cristina, Marta, Raquel... Hurrengo hamarkadetan galduko dute indarra horiek, eta, bat-batean, Ainhoa agertzen da. «Frankismoaren garaia da. Kontra egite bat dago. Debeku bat dago. Zerikusia zuzena da. Ezin dugu galdetegirik egin, baina 40ko hamarkadan ere Arantzazu eta Begoña agertu ziren; euskal izenak dira, baina, kutsu erlijiosoa dutenez, sartu egin ziren. 1950ean, ordea, Iñaki agertu zen lehen aldiz. 1960an, Iñaki, Iñigo eta Aitor hasi ziren sartzen; ez dira erlijiosoak, baina hor lortu zuten sartzea. 1970eko hamarkadan agerikoa da euskal izenen gorakada, batez ere Ainhoa izenarena. Hutsetik agertu, eta lehenengo jarri zen», dio Garaiok.

Garai berean hasi ziren indarra hartzen Nerea, Leire, Iratxe... Hala ere, euskal izenak ez ziren nagusitu 1980ko hamarkada arte: Aneren nagusitasuna da hor nabarmentzekoa.

Beti eusten diotenak

Izen batzuek ez dute desagertzeko gogorik. Javier, adibidez, zortzigarren izena zen 1940ko hamarkadan, eta 2010ekoan oraindik gehien erabilitako lehen 25en artean zegoen. 2000ko hamarkadan, Nafarroako lehena zen. Maria ere hortxe dabil; izen konposatu askotan agertu arren, bera bakarrik ez da gehiegi nabarmendu izan; 1930eko hamarkadan gehien erabilitako zortzi izenetako bat zen, baina gero indarra galdu zuen; 1980ko eta 1990eko hamarkadetan lehena izan zen, ordea. Eta, indarra galdu badu ere, hor jarraitu du 2010 arte behintzat. «Horren gutxi aztertu izan denez, jakin beharko genuke zergatik irauten duten horiek, eta zer duen Javier batek Teodoro batek ez daukana», azaldu du Garaiok, umorez.

Orain, azkeneko hamarkada honi begira, badirudi Martin, Mateo, Luka, Lucia, Martina eta halako batzuk indarra hartzen ari direla, beste izen berri batzuekin batera: Laia, Noa, Lea... «Berrikuntzarako joera hori azken bi hamarkadetan gertatu da. Progresiboki abiatu den zerbait izan da. Berrikuntzaren edo originaltasunaren adierazpen gorenean gaude oraintxe», nabarmendu du Garaiok. Eta esan du «asko» nabaritzen dela azken urteotako datuetan: «Duela hogei urteko datuetan, gehien jartzen ziren izenak 6.000 inguru ziren. Gaur egun, kopuru hori asko murriztu da. Izenak geroz eta espezifikoagoak dira, eta ematen du badagoela saiakera bat izen bereziena lortzeko».

Aniztasuna emakumeetan

Garaiok badu galbahe bat berezia. Nabarmendu du emakumezkoen izenen artean «aniztasun handiagoa» egon dela beti, eta gizonezkoen artean izendegia «kontzentratuagoa» izan dela. Aldiz, informazio nahikorik ez dagoenez, «zalantza» eragiten dioten elementuak ere badaudela dio: «Sailkapena egitea ez da horren erraza, zeren, adibidez, Euskaltzaindiak Lea eta Martin bere izendegian sartzen baititu, baina Noa ez».

Beste aldaketa garrantzitsu bat ere atzeman du: «Genero aldetik, bietara hautatu daitezkeen edo ez-bitarrak izan daitezkeen izendatzeko joerak azaldu dira: Garazi, Lur, Amaiur... izen epizenoak».

2020ko hamarkadaren lehen zertzeladak baino ez dira horiek. Baina zer gertatuko da hurrengo urteetan? Euskararen egoera zein den eta globalizazioak zer itxura hartu duen ikusita, «espekulazio jolas bat» proposatu du Garaiok, galderen bidez: «Izenak izana ekarriko du? Euskalduntasuna eta euskararekiko atxikimendua epelago dauden honetan, euskaldun aktiboak izango dira Jare edo Manex guztiak? Eta Mikel eta Ainhoak? Pizgarria izango al da euskal izena jartzea? Aniztasun handiagoko gizarte honetan, atzerritar jatorriko euskal herritarrek zein izen izango dituzte? Eta, batik bat, zein hizkuntzatan hitz egingo dute Naiak, Lurrek, Paulak, Mateok eta Idrissek?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.