Albistea entzun

Berbaxerka jokoa 'Berria.eus'-en kokatu dute, akordioa eginda

Atzotik, 'berria.eus/berbaxerka' webgunean joka liteke zazpi hizkiren hitzak asmatzeko jokoa
Tamaina handiagoan ikusi

Mikel P. Ansa -

2022ko apirilak 5

Ausazko zazpi hizkirekin hitzak topatzea da erronka. Spelling Bee izan zen aurrena, ingelesez, eta Paraulogic ondoren, katalanez. Egunkariek izan dute ekimena: The New York Times-en erabil liteke lehena, eta Vilaweb-en webgunean bigarrena. Berbaxerka etorri zen atzetik: 2022ko urtarril hasieran euskarara ekarri zuten Marc Font informatikariak eta Gorka Salces irakasleak. Aurrekoek bezala, arrakasta lortu zuen euskarazko bertsioak ere, eta orain, atzotik aurrera, BERRIAren webgunean kokatuko da euskaraz hitzak bilatzeko jolasa.

Erabiltzaileek ez dute sumatuko aldaketarik: berria.eus/berbaxerka helbidean sartu beharko dute jokatu nahi badute, eta lehen bezala jarraitu ahalko dute jolasten. Konponketa batzuk egin dituzte Berbaxerkak eta BERRIAk. Jokoak Euskaltzaindiaren hiztegia erabiltzen du oinarri gisa, eta hiztegi horretan agertzen dira hitz batzuk, jakinarazteko ez dela komeni horrela erabiltzea —aizpa, h-rik gabe jasotzen du, adibidez, esateko ahizpa dela forma egokia—. Berbaxerkak ez zituen hitz horiek bereizten, ontzat jotzen zituen, eta konpondu egin dute: Euskaltzaindiak egokitzat jotako hitzek soilik balioko dute.

Gorka Salces pozik dago jokoak lortu duen zabalpenarekin eta arrakastarekin. «Ikusi dugu zenbateko beharra duen jendeak euskarari alde ludikotik heltzeko. Hizkuntza dibertitzeko eta komunikatzeko tresna izan dadin».

Harreman ludikoa landuz

Irakaslea da Salces, eta ikusi du euskararekin «harreman lauso samarra» duten pertsonek ere erabiltzen dutela jolasa. Badaki eskola batzuetan ere erabili dutela, bigarren hezkuntzan, eta alde ludikoa eta didaktikoa lotzeari interesgarri irizten dio. Ez zaie kasualitatea iruditzen joko hauek hizkuntza gutxituetan izatea arrakasta, horregatik hain justu, beharra sumatzen dutelako.

Jokoa beren kasa itzuli zuten Fontek eta Salcesek, eta BERRIAn jartzea «naturala» egin zaie, «idatzizko euskarazko komunikabide garrantzitsuena» dela iritzita. «Oso pozgarria» egin zaie elkarlanerako eskaintza: «Gure filosofiarekin bat dator proiektua, eta nonbait jartzekotan, BERRIAn izateak poza ematen zigun».

Ainara Lasa BERRIAko Marketin arduradunak ere pozik hartu du akordioa. «BERRIAren eginkizuna, informatzeko euskarazko tresnak sortzea ez ezik, irakurleari aisialdiaz euskaraz gozatzeko aukerak eta tresnak ematea ere bada», azaldu du. Asmo horren barruan, hitzak bilatzeko jolasa bultzatu eta zabaltzea erabaki dute: «Euskararen ekosistema elkarlanean elikatzea interesgarria eta eraginkorra da beti».

6.000 hitz eta 137 'guztitz'

Jolasak abaraska baten itxura du. Zazpi hizki izaten ditu, egunero desberdinak, eta jokalariak hizki horiekin osatu behar ditu ahal dituen hitz guztiak. Abaraskaren erdian hizki bat agertzen da, kolore gorrian, eta derrigorrezkoa da erdiko letra hori erabiltzea hitzak asmatzeko. Hitzek hiru letra izan behar dituzte gutxienez.

Fontek eta Salcesek abian jarri zutenetik apirilaren 2 arte, 6.018 hitz eta 137 guztitz atera dira Berbaxerkan. Egunero aurkeztutako zazpi hizkiak eduki behar ditu guztitz-ak, eta hartatik ausaz abiatuta aukeratzen ditu jokoak eguneko zazpi hizkiak. Orain arte gehien errepikatu den hitza ene izan da, zazpi egunetan atera baita. Sei aldiz atera dira ere, erre, asa, edade eta anana.

Hizkien artetik, gehien errepikatu direnak bokalak izan dira, eta horien artean a agertu da aldi gehiagotan: 64 jokotan atera da. Kontsonanteen artean, r (44 aldiz) eta t (41 aldiz) errepikatu dira gehien. Erdiko hizkietan, berriz, n errepikatu da gehien, zortzitan.

Jokoak izan duen arrakastaren seinale, euskaldunen artean lortu duen oihartzuna: egunero 15.000 eta 20.000 lagun artean aritzen dira jolasean. Berbaxerkaren eta BERRIAren elkarlanari esker, jolasa zabalduko dute, eta aisialdi digitalean euskaraz aritzeko leihoak zabalduko dizkiete euskaldunei. Tarteka, gainera, jokoaren bertsio bereziak egingo dituzte, Berbaxerkak Martxoaren 8aren harira antolatu zuen abaraska bereziaren gisakoak sortuz.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Agnes Karrasch, Basqe Culinary Centerreko afarian, herenegun. ©BCC

Barrunbeetan kozinatzen dena

Enekoitz Telleria Sarriegi

Culinary Zinemako laugarren egunean eman dute 'She Chef' dokumentala. Agnes Karrasch bekadunak jatetxe izardunetan egindako ibilia kontatzen du. Berak eskaini du afaria BCCn.

 ©BERRIA

Bakarraren buru jana

Enekoitz Telleria Sarriegi

Jatetxe batzuk mugak ezartzen hasi dira otordua egitera bakarka doazenei. Kontrara, geroz eta gehiagok eskatzen dute otordua bakarka egitea. Tartean, jendaurrean jateari fobia diotenak ere badaude: 'solomangarefobia' dute.

 ©KANALDUDE

«Errezeta bera da, baina zapore berria eman nahi diot saioari»

Beñat Mujika Telleria

Sei urte eman zituen Crouspeyrek Euskal Irratietan, eta lehen esperientzia du telebistan, Kanaldudeko 'Harri Salda'-n. Adierazi duenez, bertako «kodeak eta moldeak» ezagutzen ari da.
Euskal bixkotxak erakusgai, aurreko ekitaldi batean, Kanbon. ©JOSEAN GIL-GARCIA

Bixkotxaren usaina

Enekoitz Telleria Sarriegi

Euskal bixkotxaren XX. jaia ospatuko dute gaur eta bihar Kanbon. Lehiaketak, tailerrak eta gastronomia ibilaldiak egingo dituzte

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.