xabier martin
U30eko greba orokorra. ANALISIA

Kaleak idatzitako kontakizuna

2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Zenbat lantoki hustu dira? Zenbat kale bete grebalariz? Arrakastatik porrotera doan eskalatik harago, bestelako hausnarketa bat bultzatu beharko luke erantzun oso zabala izan duen greba orokor batera deitu eta gauzatu izanak 2020ko Hego Euskal Herrian; hala erakundeen artean nola gizartean, oro har. Ez delako batere ohikoa sei urteko hazkunde ekonomikoaren ondotik atzokoaren moduko protesta erakustaldi masibo bat gertatzea, gizarteko sektore desberdinek bat eginda, gainera, bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat eskatzen, erraietatik exijitzen, injustiziak norberaren haragitan eragiten duen zauriak akuilaturik. Zer gertatzen ari da hemen?

Segurtasunak, lasaitasunak eta egonkortasunak ihes egin dute ehunka milaka etxetatik; kontratudun lan bat edo bi edukitzeak ez du bermatzen bizimodu duin bat, gaur egun duintasunaren estandar gisa dugun bermeen multzoari erreparatuta behintzat; pentsio bat edukitzea ez da betiko edukitzearen sinonimo jada, ezta pobre ez izatearen aseguru ere; gazte izateak prekario izatea dakar, lan merkatuak esplotagarri etiketa jarri dielako iritsi berriei —eta ez hain berriei—; emakume izateak aldean daraman betiko zama ekonomiko eta sozialak arintzeko epea bukatu da aspaldian, eta, adibidez, esparru feminizatuetan nekatu dira soldata apalagoak jasotzeaz emakume izate hutsagatik.

Haserre uholde bat

Finean, azken urteetako hazkunde ekonomikoaren zikloan aberastasuna ez da orekaz banatu, eta arrakala handitu egin da krisi horri erantzuteko indarrean jarritako araudi liberalak eragin duen gutxiengo onuradunaren eta gehiengo kaltetuaren artean. Grebalarien eta Ertzaintzaren artean egon diren istiluek, borra kolpe, identifikazio eta irainak tarteko, ez lukete estali beharko albo ondorio horiek eragin dutenaren funtsa: greba orokorrak erantzun oso zabala izan duela hiri eta herri askotan, eta kaleak protesta uholde bihurtu direla. Ezin da halakorik azaldu jende askok ikusten ez badu bere burua injustiziak zigorturik, gobernuek gauzatzen dituzten politikek zigorturik, esan nahi baita.

«Greba politikoa da». Josu Erkoreka izan da azkena kantatzen modan jarri den hit-a. Noiz ez den galdetu beharko du norbaitek halako batean. Hari arinez jositako kontakizunek ez dituzte aintzat hartzen sakoneko arrazoiak, eta hauteskunde kalkuluak baizik ez dituzte baliatzen gertatutakoa azaltzeko; aritmetika politikoaren obsesioak itsutzen baitu bere burua euskal oasitzat duen ildo batek, Europako Batasuneko datu ekonomiko negargarrienetakoak dituen herrialde batekin etengabe alderatuta. Kaleak zuenak dira, baina hautetsontziak gureak. Bost urteren buruan Elkarrekin Podemos bere behar politikoetara erakartzeko gai den ingeniaritza politikoa alperra pasatzen ohitu da, inoizko botere instituzional handienak gizenduta, eta gainetik begiratzen dio grebalariari. Begiratu hori da, hein handi batean, kaleak bete dituen haserrearen hauspoa.

Duintasunaz eta justiziaz ari baita lantokiak hustu eta kaleak bete dituen manifestari andana, oinarrizko kontzeptuez, alegia, duela hamabost urte zaharkituak-edo geratutako hitz potoloez eta egungo agertokian adiera argia hartu duten horiez. Euskal gizartearen zati handi batek soinean daraman etsipenaren neurria ematen du horrek.

Gehiengoak elkarren aurka

Gehiengo politikoaren eta gehiengo sindikalaren arteko arrakala da greba orokorrak inoiz baino argiago islatu duen beste gako bat. Euskal langileek etengabe finkatzen duten ordezkaritza sindikalaren zati handienak mezu argi bat helarazi dio hauteskundeetan boto emaileek ezartzen duten ordezkaritza politikoaren zati handienari: «Gurekin konpondu behar duzue benetako elkarrizketa soziala nahi baduzue, eta ez baduzue egiten, ez duzue izango sindikatuon babesa zuen erabaki politikoek label demokratikoa lor dezaten». Hau da, Jaurlaritza politika langileei bizkar emanda egiten ari delako ustea zabal ez dadin, ez dela nahikoa sindikatuen lekua soilik CCOOk eta UGTk betetzen duten Elkarrizketa Sozialerako mahaiaren jolasa. Bake soziala ez duela izango Gasteizko gobernuak, nahiz eta gobernatzeko gehiengoak eratu.

Jakin badakielako gehiengo sindikalak egungo errealitatearen kontakizuna ez dela soilik parlamentuetan idazten; aitzitik, kaleak idazten du sarritan herritarren gogoan zizelkatzen doan ustea eta iritzia. Politika ez da bakarrik eserleku ofizial bat duten politikarientzat, eta ELAk eta LABek mugarritzat hartu dute greba, aurrerantzean ere sakontzen jarraitzeko greba orokorrak finkatu nahi izan duen kontakizunean: langileei iruzur egiten ari zaie, eta urgentziazkoa bilakatu da politika aldaketa bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.